Baserritarra

Stephanie Pauleck: «Posible da animaliak errespetuz tratatuz modu jasangarrian heztea»

Stephanie Pauleckek baserri eskola bat du Gaztelun. Landa arloko «benetako esperientzia» eta publiko guztientzako bisitak eskaintzen ditu.

Stephanie Pauleck, joan den asteartean, Gazteluko (Araba) baserri eskolan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Stephanie Pauleck, joan den asteartean, Gazteluko (Araba) baserri eskolan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
unai etxenausia
Gaztelu
2025eko apirilaren 11
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Alemania ekialdean jaio eta hazi zen Stephanie Pauleck (Saxonia, Alemania, 1985), SESBen kontrolpean zegoen garaian. 4 urte besterik ez zuen Berlingo Harresia erori eta ondorengo aldaketa sozial eta ekonomiko sakonak bizitzea egokitu zitzaionean. Herri txiki batean bizi izan zen umetan, zaldien artean. Apalategiak zaldiei buruzko liburuz beteak zituen, eta haiei buruzko filmak besterik ez zuen ikusten. Gaztetan, are gehiago murgildu zen zaldi munduan, eta, helduaroan, Euskal Herrira etorri zen, familia proiektu berri bati ekiteko; Arabako Gaztelu herrixkara zehazki. Pandemia garaian, ametsa gauzatu, eta baserri eskola bat sortu zuen bertan, naturarekin eta animaliekin harreman zuzena sustatzeko. Orain, egitasmoa biziberritzen ari da, nekazaritza eta abeltzaintza jasangarriaren aldeko konpromiso sendoarekin.

Zailak izango ziren Berlingo Harresia erori ondorengo urteak.

Ez dakit ondo nire oroitzapenak diren edo gurasoek kontatutakoak, baina gogoratzen dut ez genuela diru askorik. Herri batean bizi ginen, eta animaliak genituen autokontsumorako. Herrian, denda txiki bat zegoen, baina Berlingo Harresia erori ostean itxi egin zuten. Animaliak ere saldu behar izan genituen, lurrak alokairuan genituen eta kendu egin zizkiguten.

Eta noiz hasi zinen zaldiekin lanean?

9 urterekin hasi nintzen, auzokide batekin. Horrela sartu nintzen mundu honetan.

Baserri eskolako animaliak. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Baserri eskolako animaliak. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Denbora egin zenuen horretan, Euskal Herrira etorri baino lehen.

Bai, 26 urterekin etorri nintzen hona. Senar ohia espainiarra da, Sevillakoa, eta 12-13 urte Alemanian eman ondoren, lan finko bat lortu zuen bertako Euskadiko Parke Teknologikoan. Nik Alemanian kontratu finko bat nuen, eta hiru urteko amatasun baimena hartzeko aukera, eta horregatik erabaki genuen etortzea. Hasiera batean, hiru urterako zen, baina dagoeneko hamahiru urte igaro dira.

Aurretik ezagutzen zenuen Euskal Herria?

Bai, 18 urterekin, lan-udaleku batean parte hartu nuen, eta Gasteizko bikote bat ezagutu nuen. Urte batzuk geroago, haiei bisita egitera etorri nintzen, eta gehienbat hotza egiten zuela gogoratzen dut, Sevillatik iritsi bainintzen irailean, eta aldaketa asko nabaritu nuen.

Nola hasi zenuen baserri eskolaren proiektua?

2020an, pandemia iritsi zenean, banandu eta nire bideari jarraitu nion. Betidanik izan dut naturan eskolatxo bat sortzeko ametsa. Mendiolan [Araba] lursail bat nuen: zaldiekin, bi oilorekin eta hainbat oilaskorekin. Banandu nintzenean, nire animalien ondoan egongo zen etxe baten bila hasi nintzen, eta horrela iritsi nintzen Gaztelura.

Bazkide bat duzu.

Bikotekideak, Luis Albertok, lursail bat zuen, garai batean loro haztegi bat zena, eta han erabaki genuen baserri eskola muntatzea. Hasieran, zaldiak eta ahuntzak baino ez genituen, baina baserria handitu egin da. Izan ere, mota askotako animaliak ditugu: ahuntzak, behiak, ardiak, antzarak, ahateak, oiloak, txakurrak, untxiak eta indioilarrak.

Zer jarduera dituzue?

Larunbatetan, tailerrak egiten ditugu, non jendeak parte hartzen duen ahuntzei esnea jezten, animaliak zaintzen... Batzuetan, gazta egiteko ikastaroak eta halako jarduera espezifikoak antolatzen ditugu. Igandeetan, familientzako bisita gidatuak egiten ditugu, bereziki ume txikiei begira. Astearteetan eta igandeetan, zaldian ibiltzeko klaseak ditugu, eta, asteazkenetan, Nekazari Txikia izeneko eskola talde bat dator, baserriko eguneroko lanetan parte hartzeko. Eskolako bisitak ere antolatzen ditugu.

Zerk ematen dizu lan gehien?

Lan jakin bat baino gehiago, ahuntzei esnea jezteak baldintzatzen nau gehien. Ezin da eguneko edozein ordutan egin, eta horrek eguneroko erritmoa markatzen du.

Baserri eskolako ahuntz bat. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Baserri eskolako ahuntz bat. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Lan lotua da baserrikoa?

Bai, noski, baina saiatzen naiz lanaren esklabo ez izaten. Jabetzen naiz lan honek dakarren sakrifizioaz, atsedenik ez dudala eta urteko 365 egunetan egiten dela. Baina, oraingoz, pozik nago. Egunero gutxienez bi ordu eta erdi ematen ditut animaliekin, eta aire zabalean lan egiteko aukera daukat; beti amestu dudana: zoriontsu naiz hemen. Denbora librea izateko, norbait kontratatzen dut. Adibidez, iaz bi astez Alemaniara joan nintzen seme-alabekin, eta aldez aurretik baserriaren funtzionamendua ikasi zuen neska bat kontratatu nuen tarte horretarako.

Ez duzu baserria zoo bihurtu nahi.

Inola ere ez. Bisitariek baserriko jardueretan parte hartzeko aukera izan dezaten nahi dut, benetako esperientzia bat bizitzeko, baserritarrak izango balira bezala.

Baserriaren etorkizunari begira, zer plan duzu?

Benetako baserri bat izatea nahi dugu, ekoizten duena. Oraintxe bertan, ia 60 ahuntz eta bost behi ditugu, eta esne gordina saltzeko proiektu bat lantzen ari gara. Antzarak, oiloak eta ahateak ere gehitu nahi ditugu, gero haien arrautzak saltzeko. Guk argi daukagu zein den gure funtsa: posible da animaliak errespetuz tratatuz modu jasangarrian heztea, ekoizpen handietan esplotatu beharrik gabe.

lotsabako

Animaliarik gogokoena?
Zaldia, zalantzarik gabe. Beti izan dut lotura berezia zaldiekin.

Hemen ez bazen, non sortuko zenuen baserri eskola?
Ez dut beste leku bat imajinatzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.