Argazkilaria

Jon Garate: «Porlana sustatzen duen ereduaren kontra nagoela islatu nahi dut irudiotan»

Abiadura handiko trenaren obren eragina islatu du argazkietan Garatek: «Urteetako lanek irakurketa motelagoak eta sakonagoak dituzte, beste ñabardura batzuk, geruza gehiago».

Jon Garate argazkilaria, asteazkenean, Zarautzen. GORKA RUBIO / FOKU
Jon Garate argazkilaria, asteazkenean, Zarautzen. GORKA RUBIO / FOKU
Kristina Berasain Tristan.
Zarautz
2024ko abenduaren 22a
05:00
Entzun

Ramon Ignacio Serras Nazioarteko 32. Argazki Erakusketan lau argazkilariren lanak ikus daitezke, tartean Jon Garaterenak (Elgoibar, Gipuzkoa, 1987). Identitatea, lurraldea, garapena eta jasangarritasuna dira hogeita bat argazki horien ardatza. Urtarrilaren 19ra arte egongo da zabalik erakusketa, Zarauzko Sanz Enea kultur etxean.

‘Noraezean’.

Bai. Lan dokumental bat da. Bi urte eta erdiko ibilbidea izan da. Nire gertuko periferiara begira ateratako argazkiak dira. Abiadura handiko trena eraikitzeko lanen inguruan hezurmamitzen da erakusketa, baina lengoaia bat bilatu nahi izan dut beste gauza batzuez ere hitz egiteko. Fotokazetaritzan mezua oso zuzena izaten da, baina beste geruza batzuez hitz egin nahi izan dut, lurraldeari buruz daukagun ikuspegiaz, esaterako, eta horrek gure identitatean duen eraginaz. Urteetako lanek irakurketa motelagoak eta sakonagoak dituzte, beste nabardura batzuk, geruza gehiago.

Lanbroz betetako argazki bat da abiapuntua.

Bai. Erakusketaren izenburua islatzen duen argazkia da. Joko bat da. Ez da ikusten nora goazen. Errepide bat dago, asfaltoa, eraikuntza makina bat, baina euskal behe laino horretan ez dakigu nora goazen.

Jon Garate, bere argazkietako bat eskuetan duela. GORKA RUBIO / FOKU
Jon Garate, bere argazkietako bat eskuetan duela. GORKA RUBIO / FOKU
Nola hasi zen proiektua?

Aramaion ateratako argazki batekin. 2022ko maiatzean atera nuen argazkia. Jon Cazenaverekin ikasten ari nintzen, eta, argazki hori ateratzean, konturatu nintzen mugarri moduko bat zela. Horrek ekarri du gerora etorri den guztia. Mugarik eta bururik gabeko garapen zoroaren lorratzetatik ibili naiz.

Anboto ikusten den argazkiak sortzen du, akaso, zirrararik handiena.

Atxondon atera nuen. Anbotoko ipar horma ikusten da atzealdean, eta parez pare 80-100 metroko garaiera duten porlanezko zutabeak. Hor inguruan bizi garenontzat, eta euskaldunontzat, oro har, mendi hori mito bat da. Argazkia atera nuenean, sei zutabe zeuden, eta, gaur egun, hamabost edo hamasei bat izango dira. Eskualde osoa zeharkatzen dute. Lurraldea interpretatzeko modu partikular bat da hori, eta argazkien bidez agerian utzi nahi izan dut ez natorrela bat porlanaren negozioa sustatzen duen ereduarekin. Saiatu naiz, argazkilaritzaren bitartez, nire zalantzei eta nire ezinegonei lengoaia bat bilatzen.

Jon Garate argazkilariak ateratako irudia. Amboto ikusten da atzealdean. Aurrealdean Abiadura Handiko Trenaren obrak.
Jon Garate argazkilariak ateratako irudia. Anboto ikusten da atzealdean. Aurrealdean, abiadura handiko trenaren obrak. JON GARATE
Desarrollismo garaikideak eragindako zauriez mintzatzen zara katalogoan.

Bide orri hegemonikoak finkatu duen narratiba hori kolokan jartzea izan da nire asmoa. Urteak aurrera doaz, eta promesak eta aurrekontuak ere bai, baina ez dago oso garbi nora goazen.

Mezu bat dute argazkiek.

Eta galderak. Niretzat badago gauza bat oso inportantea. Anna Surinyach argazkilari katalanari zera entzun nion behin, irudi batek mila hitz baino gehiago ez, argazki batek mila galdera baino gehiago sorrarazi behar dituela. Argazkilaritza ulertzeko modu hori gustatzen zait. Argazki batzuk oso agerikoak izan daitezke, oso zuzenak, baina beste batzuk irekiagoak dira: bidaiatzen uzten dute. Nik bizitzan gehien ikasten dudanean ez da esaten didatenean ‘hau horrela da’, baizik eta pentsarazten didatenean.

Zuri-beltzera jo duzu.

Egunerokoari kolorea kentzen diogunean, beste espazio semantiko bat sortzen da, eta lengoaia horretan eroso sentitzen naiz. Idortasuna, iluntasuna, lanbroa... Cazenaveren argazkiak ere hortik doaz, zuri-beltz gogor horretatik, eta askotan galdetu izan diot neure buruari ea euskal argazkilaritza bat ote dagoen. Euskal literatura aipatzen da, baina ba al dago euskal argazkilaritza? Esango nuke badaudela gai komunak, mugitzen gaituztenak, oso gureak direnak. Proiektu honetatik harago, galdera hori geratzen zait. Euskaldun izateak munduan nola finkatzen gaituen. Islarik izango al du? Beste disziplinetan baldin badauka, gurean zergatik ez?

2021eko uztailean Katsikas (Epirus, Grezia) kanpalekuan dauden errefuxiatuei ateratako argazkia.
2021eko uztailean Katsikas (Epirus, Grezia) kanpalekuko errefuxiatuei ateratako argazkia. JON GARATE
Eta honen ostean?

Beste gauza batzuei erreparatzeko gogoa daukat, beste tematika batzuetara gerturatzeko, erretratuei bereziki, hemen ez baita pertsonarik ageri. Ekialde Hurbilak halako lilura bat sorrarazten dit. Jordaniara noa orain, laugarrenez, hango lagun palestinarrekin lan bat egitera. Gertu sentitzen ditugun beste herri batzuei begiratzeko joera izan dugu euskaldunok: Palestina, Sahara, Kurdistan... Asko zaindu behar dugu nondik eta nola egiten dugun gerturatze hori. Askotan galdetzen diot neure buruari nondik eta zer kontatzen dudan. Ezin dut ezkutatu mendebaldekoa naizela, zuria, gizona, gaztea... Tematzen naiz egiten dudanarekin zintzoa izaten, begirada dekoloniala ote dudan galdekatzen.

Argazkilaritza bilaketa bat ere bada...

Bai. Etengabea, eta galdeketa bat. Nor garen gu beste herrien istorioak kontatzeko. Akaso beste rol batzuk bilatu behar ditugu. Egia da niri argazki politak egiteak ez nauela asebetetzen. Begirada bat daukat, nire bidea, eta bilaketa horretan ari naiz, etengabe nora joan nahi dudan galdetzen.

Berez, informatika ingeniaritza ikasitakoa zara.

Hamar urtez egon nintzen informatikari, baina paraleloan beti egin ditut argazkiak, bereziki mendian edo eskaladan ibiltzen nintzenean, bidaietan. Irakeko Kurdistanen izan nintzen, eta gogorra bezain ederra izan zen; yazidien hiriburuan izan nintzen, Lalishen. Pandemia ditxosozko horretan, etxetik lan egiten ari ginenean, konturatu nintzen ogibide hori ez zela munduan egoteko nahi nuen tokia, eta akaso argazkilaritza izan zitekeela toki hori. Aita izan da akuilua: berak afizio handia zuen, eta berak eman zizkidan oinarrizko pautak.

lotsabako

Argazkilari bat?
Mary Ellen Mark, bereziki Ward 81 lana.

Leku bat?
Urbia.

Zure argazki kuttun bat?
Amonari ateratako bat, ikasten ari nintzela, analogikoan, akats kimiko eta guzti.

Jon Garate argazkilariak bere amonari ateratako argazkia.
Jon Garate argazkilariak amonari ateratako argazkia. JON GARATE

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.