Gaby Etxebarne. Idazlea

«Populua lastoa da, edozein lekutara eraman daiteke»

Aldudeko «tribuaren presioari» ihes egiteko, misiolari izatea erabaki zuen Etxebarnek; 1975ean, berriz, komentutik atera zen; geroztik, Tolosan bizi da, hamaika lanbide eginik, beti beherekoen eskubideen alde borrokatuz; azkenaldian idazle lanetan dabil.

BOB EDME.
Nora Arbelbide Lete.
Itsasu
2015eko apirilaren 5a
00:00
Entzun
Alice Domon Cathy (1937—1977) eta Leonie Duquet (1916—1977) Frantziako Doubs eskualdeko bi serora ziren. Argentinan bizi zirela, hango diktadurak torturatu eta hil zituen, eta ondotik desagerrarazi, itsasora botaz, gorpuak «andeatuegiak» zirelako. Garai hartan desagertu 30.000 pertsonen arteko bi. Lagunak zituen Gaby Etxebarnek. 1962 eta 1968 artean Argentinan bizi izan zen serora gisa Etxebarne. Sur les pas des disparus d'Argentine (1976-1983) (Karthala) (Argentinako desagertuen urratsetan) bere liburu berria bi lagunak «berriz biziarazteko» saiakera bat du, hain zuzen. «Ez daitezen ahantziak izan». 2013an, haien aztarnen bila bidaia egin zuen Argentinara. «Eritu naiz. Sumindurik. Hersturen menpe. Baina ikusi behar nuen. Horren berri eman behar nuen. Eta idazten hasi nintzen. Ez nuen uste idatziko nuenik. Baina sendatzeko idatzi behar nuen. On egin dit». Audrey Hoc-ek filmatu du bidaia. Filmak laguntzen du liburua.

1975etik ez da gehiago serora Etxebarne. Alduden sortua da, duela 83 urte, eta, Argentinan bezala, Laosen egonaldi luze bat egin zuen serora gisa. Aspalditik Tolosan (Okzitania) bizi da. Euskara galdu duela esplikatu du, lehen hitzak euskaraz eman eta ondotik laster frantsesera lerratzen dela, horren justifikatzeko. Tolosan bakarrik gatuarekin dela mintzo euskaraz. Eta Euskal Herriari egin bisitak laburregiak dituela. Etxebarnek solasaren artea ezin hobeki menperatzen du. Bere biziaz zein besteenaz liburu andana bat idatziak ditu, horien artean franko Euskal Herriaz. Beti frantsesez. Egiten duen lanagatik, «memoria erditze laguntzaile» dela errana izan diote. Gustukoa du irudia.

Zein zen Cathy eta Letonie serorekin zenuen harremana Argentinan?

Nire komentu berean ziren.Haiekin lan egin nuen Buenos Airesko auzo baztertuetan. 1975ean komentutik atera ziren ni bezala, Vatikano II.aren kontziliotik landa. Diktaduretan, usu, ihes egiteko erraztasunak zituzten serorek. Aldiz, Cathyk eta Leoniek ez zuten babes berezirik nahi izan. Inguruan zituztenak bezala bizitzen segitu nahi zuten. Argentina iparraldean ziren orduan, Perugorrian. Inguruan peoiak zituzten, baserritarrak. Atxilotu zituztenek erran omen zuten: «Nor arranguratuko da seroregoa utzia duten bi hauen zorteaz?». Zorte txarra izan zutenak agintariak ziren izan. Mundu guztiak aipatu baitzituzten Cathy eta Leonie.

Badakizu zergatik bi serora ohi atxilotu zituzten? Zein zen beren interes politikoa? Zergatik torturatu eta hil?

Hasieran pentsatu genuen subertsiboak zirelako zituztela harrapatu. 30.000 desagertu izan zirenez, horien arteko bi izan zirela, besterik gabe. Geroztik jakin dugu Videla presidentearen eta Esma presondegian zegoen Masseraren artean gatazka bat zegoela. Masserak boterea nahi zuen. Videlari kalte egin nahi zion. Bi frantses horiek hartuz horrek oihartzuna izanen zuela pentsatu zuela Masserak. Hori diote batzuek. Eta hori Videlarentzat txarra izanen zela. Egia da Videla kezkatua zela bi frantses horiek atxilotu izanaz. Ez ziren atzerritar bakarrak, izan ere. Beste andana bat izan zen.

Hori dena ez ahanztea zergatik zaizu garrantzitsua?

Biziarazi behar dira emazte hauek. Beren lekukotasuna garrantzitsua da askatasunari begira eta.

Nola hori, askatasunari begira?

Askatasunaren alde borrokatu direlako. Ttipien alde. Liburuaren bidez erakutsi nahiko nuke bizia erreusitu nahi baldin baduzu pobreenekin izan behar duzula. Abisu bat izatea ere nahiko nuke... Ni aberatsa naiz. 900 euro ditut hilabeteka. Ez naiz ametsetan bizi. Badakit pobrezia beste zerbait dena. Baina, halere, pobreen ondoan naiz borrokatu behar den aldi oroz. Hats-bahiturik uzten naute ikusten ditudalarik batzuk, krisi garai honetan, larderia beharrezkoa dela erraten. Egun batez, sindikatuko anarkista espainol zahar batek hau erran zidan belarrira: «Populua lastoa da». Egia zuen nonbait.

Lastoa? Nola hori?

Uzten duela bere burua eramaten. Edozein lekura eraman daiteke. Bakarrik, bere baitarik ez da mugitzen.

Eskuin muturreko Fronte Nazionala alderdiaren azken hauteskundeetako emaitza onengatik diozu hori?

Bai. Eta Argentinan 30.000 desagertu eta gero, orain, militarrek berriz ere boterea hartzea espero dute batzuek. Ordena jar dezaten. Baina Argentinan 1983an militarrek dimititu zutelarik, ekonomia lurrean zen. Bakar batzuk bai, aberastu ziren. Multinazionalek jakin zuten nondik atera dirua. Argentinako lurra aberatsenetakoa zen. Hondatua da orain. Monsanto eta besteek egin dutena izugarria da. Hainbeste galdegiten diote lurrari, non lurra antzu bihurtzen duten. Pozoitu dute. Lurra eta baita biztanleak ere.

Argentinatik urrun, Alduden sortua zara, 1932an; orduko biziaz zer atxikitzen duzu gogoan?

Gure herrietan ez zen enplegu anitz lehen. Familietan zortzi, bederatzi, hamar haur baziren. Zer gertatzen zen? Emazteak etxeko neskato gisa lan egitera joaten ziren Bordelera. Edo sasoiak egitera Lourdesera edo Miarritzera. Geroago, gizonak bezala, Ameriketara joaten hasi ziren. Hego Ameriketara eta ondotik Ipar Ameriketara. Beste aterabide bat bazen: apez edo serora.

Eta garai hartan ontsa ikusia zen familia bakoitzak haur bat ematea Jainkoari, ezta?

Ohore handia zen, bai. Amak nahiko zukeen bost anai-arrebak izatea apez edo serora [irriak].

Zuk zenuen hautatu serora izatea?

Bai, nik nion erran amari misiolari izan nahi nuela.

Misiolaria? Aldudetik misionesta ideia bururatzea ohikoa zen? Nondik ideia hori?

Otto bat banuen misiolari zena. Vietnamgo Hue herriko artzapezpikua zen. Anitz maite genuen. Hango istorioak kontatzen zizkigun beti. Anitz irri egiten genuen harekin. Hortik zitzaidan bururatu misiolari izatea. Joan nahi nuen. Aitortu beharra dut tribuaren eraginak anitz sufriarazten ninduela. 36 lehengusu propio ginen Alduden. Amaren anai-arreba guztiak Alduden ziren, komentuetan ez zirenak. Tribuaren presioa izugarria zen. Laosen berriz aurkitu nuen presio bera. Laosko biztanleak ongi ulertu ahal izan nituen horregatik.

Nola gauzatzen zen presio hori?

Ezin zenuen nahi zenuena egin. Ezin zenuen dantzatu. Mutil baten ikustera joaten baginen, segidan deitzen gintuzten. Dena zen analizatzen eta kritikatzen, tribuaren barnean. Baina, bitxiki, geroago ohartu naiz, psikoanalisiari esker, ez nuela haserretu nahi tribuarekin. Maite nituelako. Nire tribua zelako. Baina, une berean, horren pisua jasanezina zitzaidan. Nola egin? Gustukoa duten zerbait egin, eta, aldi berean, gainetik kendu [irriak]. Eta horrela joan nintzen misiolarien institutu batera. 21 urte nituen. Aitzin irakasle lanetan aritu nintzen Uztaritzeko barnetegian. Eta gero Argentinara joan nintzen. Eta han askatu nintzen. Ez zen batere giro bera. Serorek auzo pobreetako biztanleekin harreman zuzena zuten.

Zein asmorekin ari zineten Argentinan lanean? Zein zen giroa orduan?

Ideia ez zen ebanjelizatzea giristino gehiago izateko. Hasteko, denak ziren giristinoak Argentinan. Ideia ez zen ere hangoak laguntzea, gauzak ematea. Ideia zen jendea handiago egitea. Haiekin borrokatzea. Izugarri gustukoa ukan dut Argentinako egonaldia.

Zuhaurrek egin nahi zenuenarekin bat egiten zuen seroren lanaren alde sozialak, ezta?

Bai. Parisen buruko gabezia sakonak zituzten ezinduekin lan egiteko ikasketak egin nituen. Argentinan trisomiadunekin hasi nintzen lanean, tokiko hezitzaile eta psikologoekin batera. Liburu bat ere idatzi nuen irakaste metodo hartaz. Irakaskuntza berezia zen. Sinboloetan oinarritzen dena. Beren inteligentzia intuitiboa baita. Eta Biblia sinboloz betea da. Eguzkia, ura, lurra, mendia. Ura, adibidez, bataioa da. Zuhaitza, bizia. Mendia jainkoa izan daiteke, baita beste gauza anitz ere. Dantza ere egiten genuen, musika anitz ere lantzen genuen, eta margogintza. Hori guztiari esker uros ziren sakoneko gabeziak zituzten horiek. Ona zen Jainko baten ezagutza egiten zuten horri esker. Ziren bezala maite zituen Jainko batena.

Tolosara itzuli zinen gero?

Bai, urte bateko ikasketak segitzeko sartu nintzen. Izaera nahasmenduak zituzten haurrekin nola egin daitekeen ikasi nahi bainuen. Baina urte bat iragan eta, horretan ezin nuela segitu erran zidaten buruzagiek. Serora superiorarekin munduaren itzulia egin behar nuela erran zidaten,Vatikanoko II.a kontzilioarentzat. Ondotik, Laosen misio bat eraiki behar nuela erran zidaten. Laos hegoaldera joan nintzen, Pakse-ra. Hango artzapezpikua Ezpeletakoa zen.

Zer egiten zenuten han? Gizarte gaietan segitu zenuen?

Bai, hango jendea sendatzen batez ere.

Ebanjelizatzen?

Katekumenoak aurkitu genituenhara iristerakoan. Ebanjelizatuak izatea eskatu zuten jendeak. Lehen urtean hango hizkuntza ikasi nuen. Dena gogoz ikasi behar zutela erran zidaten hango apez eta artzapezpikuek. Galdera eta erantzunen bidez. Horrela ez zutela deus ulertuko ihardetsi nien. Haiek baietz, haiek zutela esperientzia. Eta hori egin behar nuela. Nik orduan: «ikusiko», erran nien. Eta ebanjelioa hartu eta sinbolikoa zena kontatu nien hango herritarrei. Jesusek pobreentzat zuen arrangura, Askapen teologiaren ildotik. Ameriketan ikasi nuena. Ez zutela deus konprenituko erraten zidaten arduradunek. Bikarioa etorri zitzaigun egun batean. Zer zekiten jakin nahi zuen, konfirmazioa eman aitzin. Ebanjelioaz galdekatu zituen, eta horiek ebanjelioaren zati luzeak kontatu zizkioten, zentzua azalduz. Bikarioa iltzaturik gelditu zen.

Bazuketen aitzin bere erlijio propio bat, ezta?

Animistak ziren. Gu bezala, euskaldunak bezala lehen.

Ez zitzaizun iduriz pentsamendu bat inposatzen zeniela?

Ez oraindik. Berantago nintzen horretaz jabetu. Gaur egun ez nuke gehiago horrelakorik eginen. Halere, oroz gainetik lan soziala nuen egiten. Gosez hiltzen ari ziren. Hilabeteak iragaten zituzten irrisik gabe. Baina ohartu nintzen emazteek izugarri ongi ehuntzen zutela. Oihalekin komertzioaren munduko erakundekoen ikustera joan nintzen. Eta haiek oihal hori kilometroka saltzen ahalko zutela erran zidaten. Ganer komunitario bat sortu zuten orduan herritarrek. Emazteak ehuntzen hasi ziren. Eta urte osoan jatekoa izan zuten. Erlijioari doakionez, nik batez ere batak bestea maitatu beharra nien irakasten. Jainkoa maitasuna zela. Hori ere bada giristinotasuna. Anitz eraldatu baitute geroztik. Joan den gau batez liburua aurkezteko eman nuen mintzaldi batean, publikoko batek hau erran zidan: «Baina Elizatik atera zara 1975ean». Eta nik ezetz ihardetsi nion: «Ni ere banaiz Eliza. Ez dira bakarrik haiek». Jesu Kristo zapalduen alde borrokatzen dela pentsatzen dutenak dira Eliza.Bere familia, etxea, lurra utzi behar izan zuen Jesusek. Haren aurka zirelako, Jainkoaren erreinuaren alde egiten zuelako. Erreinua pobreenekin zela zioela. Etxerik gabekoa zen. Nik horren baitan sinesten dut. Hori da nire erlijioa.

Gaur egun mezara joaten zara?

Eguberriz eta pazkoz, gurasoak omentzeko. Baina bestela ez. Apezen sermoiak ezin jasanak zaizkit.

Baina 1975ean eliza, edo beste gisa batez erranik, komentua, egitura utzi zenuen haatik, ezta? Eta hor berriz ere Tolosara iritsi zinen, lanik gabe.

Ene ikasketek ez zizkidaten lan baterako ateak irekitzen. Teologia ikasi nuen oroz gainetik. Baina bost axola. Neskato gisa hasi nintzen. Etxe garbitzen-eta. Neure burua ongi defendatzen nuen. Garbitzaileen hitzarmen kolektiboa osatu genuen beste batekin. Gaueko zaindari ere izana naiz. Francoren aurkako manifestaldi batean ezagutu nuen gaueko zaindari bati esker aurkitu nuen denbora erdia. Gero, sindikatuan sartu eta, asurantzetan lan bat aurkitu nuen. Hor ere, dena hankaz gora jarri genuen. Eta azkenean kanporatu ninduten, greben ondorioz. Hortik landa, hotel batean hasi nintzen lanean. Erretreta baino pixka bat lehenago kanporatu ninduten hor ere, sindikatu kontuengatik. Baina diru sari bat lortzeko aukera izan nuen.

Ororen buru, beti segitu duzu injustizien kontra?

Bai, hala da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.