Lapurdiko kostaldean sortu zen ideia, eta Sarako magal eta jauregitara zabaldu. Usopop jaialdian, sei musika proposamen eta antzerki saio bat izango dira, baita herriaren kultur ondarea ezagutzeko hainbat ekintza ere.
Baleapop jaialdiaren ondotik sortu zen Usopop. Kostaldearen eta barnealdearen arteko harremanak garatzeko asmoz, eta baita belaunaldien arteko kideak elkar ezagutarazteko ere.
Musikari ez ezik, agertokia berari ere garrantzi handia ematen dio Usopopek. Aurten, Sarako usategiak, Santa Katalina kapera eta herriko parkea bisitatuko dituzte. Jaialdiaren gaueko zati bat Agorreka jauregian iraganen da (herriko plazan). Arratsalde hasierako saioa egingo dute hor, giro intimistan, 18:30etik aitzina. Unama folk laukotea arituko da, eta Kide rock bikoteak lehen aldiz joko du jendaurrean. Bien artean, Tipul Ta Putilen esketxak ikusi ahalko dira. Ondoren, 21:00etan, zarata gehiago sortuko dute Lurberri gelan. Jazpana jaialdiaren antolatzaileek musika jarriko dute, eta, gero, Bigott , Wilhelm & The Dancing Animals eta Vandapalium taldeak arituko dira.
Taldeak aukeratzeko orduan, bertakoei aukera ematen diete antolatzaileek, eta euskara bultzatzeko asmoa dute. Horrez gain, Euskal Herrian ohikoak ez diren estiloak bilatzen dituzte.
USOPOP JAIALDIA
Noiz. Gaur, 18:30ean.
Non. Saran (Lapurdi).
Pop zubia, itsaso eta mendian
Usopop jaialdia egingo dute gaur Saran, laugarrengoz: sei musika proposamen eta umore asko izango da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu