Poloniako plataforma batek 'Puntu koma' websaila erosi du

Euskal ekoizleek Mipcom azokan lortu duten akordiorik garrantzitsuena da websailarena. Fikzioak izan du lehentasuna Cannesen

Iñake Irastorza aktorea, Puntu koma websailaren fotograma batean. NEXT STATION.
urtzi urkizu
2019ko urriaren 18a
00:00
Entzun
Poloniako Outfilm.pl plataformak Puntu koma euskarazko websaila erosi du Cannesko (Okzitania) Mipcom ikus-entzunezkoen azokan. Hemendik gutxiraemango du, euskaraz, polonierazko azpidatziekin. Astelehenetik ostegunera egin dute nazioarteko azoka hori, eta akordioarekin «oso pozik» itzuli da Euskal Herrira Jokin Etxeberria websailaren ekoizlea. Outfilm plataformak LGTB kolektiboko edukiak eskaintzen ditu bereziki. « ETBk ekainean eta uztailean eman zuen saioa, eta ederra da ikustea produktuak beste toki batzuetan interesa pizten duela». Lehen salmenta egin izana garrantzitsua da, ekoizlearen ustez, eta iragarri du beste herrialde batzuetako telebistei salduko dietela. «Zailena lehen salmenta egitea da».

Maialen Sorzabalberek eta Amaia Rojok sortu zuten Puntu koma-ren istorioa. Next Station egitasmoan irabazle izan eta gero, proiektua garatzeko aukera izan zuten gero (BERRIA proiektuaren babesleetako bat izan zen).

Next Station egitasmoaren deialdi berria egina dute, eta ideiak azaroaren 1a baino lehen aurkeztu behar dira. «Finalistek egonaldiak izango dituzte Miarritzen [Lapurdi] eta Bilbon, euskarazko websail berri bat egiteko».

Cannesko Mipcom nazioarteko azokan, bestalde, Euskal Herriko zazpi ekoiztetxetako ordezkariak egon dira, Basque Audiovisual gunean (Eiken klusterrarekin, Etxepare institutuarekin eta Zineuskadirekin batera). Expressive Media Projects, LA Ekoizpenak, Lotura Films, Prime Time Media, Sayaka Producciones, Señor & Señora eta Pausoka izan dira bertan. Pausokako Xabier Zabaleta urtero joaten da Cannesera, MipTV eta Mipcom azoketara, eta nabarmendu du «askoz mugimendu handiagoa» egon dela asteon, apirileko azokan baino. Formatuak baino gehiago, sektorean lehentasuna fikzioak hartu duela iruditzen zaio. «Talde handiak erosketak egiten ari dira, eta ekoizle independenteak garenontzat zailagoa da egoera». Pausokaren formatu baten bigarren denboraldia egingo du TV3ek: El Impostor. Cannesko azoka sektorea nazioartekotzeko «plataforma garrantzitsua» dela nabarmendu du, era berean, Eiken klusterrak.

Sektoreko erosketen artean,Frantziako Lagardere taldeak Veranda ekoiztetxe kataluniarra erosi du; Merli telesailaren sortzailea da Veranda.

Fikziozko proiektu handiak

Bestetik, azokan agerian gelditu da ekoiztetxeak gero eta gehiago ari direlaindarrak batzen fikziozko proiektuak aurrera eramateko. Mediapro Studiok eta Vice Studios ekoiztetxeek, adibidez, El Acantilado telesaila aurkeztu dute Okzitaniako hirian. Patagonian desagertu diren nerabe batzuen inguruko thriller bat izango da, eta Martin Hodarak zuzenduko du.

Proiektuak aurkeztu ez ezik, telesail batzuen mundu mailako estreinaldiak egin dituzte azokan. Agent Hamilton telesaila da horietako bat —Suediako hainbat ekoiztetxek sortu dute, eta Alemaniako ZDF kate publikoaren laguntza izan dute ekoizpenean—. Erik Leijonborg telesailaren zuzendariak esan du «Eskandinaviatik mundu osora» zabalduko dela fikzioa.

Erresuma Batuko Sky Studiosek Italiako Lux Vide ekoiztetxearekin egin du bat, Devils telesaila aurrera eramateko. Frantziako Orange Studioren laguntza ere izan dute. Patrick Dempsey aktore protagonistak begi askoren arreta bereganatu du azokan.

Japoniako NHK telebista publikoak, berriz, 8K teknologian grabatutako film bat estreinatu du Cannesen: An Artist of the Floating World. Estreinaldirako, 248 hazbeteko 8K-ko pantaila bat paratu zuten antzokian. Telebista japoniarrak 8K teknologiako munduko lehen kanala jarri zuen martxan iaz, eta datorren urtean Tokioko Olinpiar Jokoak teknologia horretan emango ditu. «Inork ez zuen pentsatzen 8K ona izango zenik fikziorako», esan du Ken Watanabek, filmeko aktore protagonistak. «Filmatzen ari ginela, zuzendariak eszena bat errepikatzeko eskatu zigun, armiarma sare bat ikusten zelako. 8K-rik gabe, inork ez zuen antzemango». Baina, gero, armiarma sare bat ageri zen grabazioa sartu du zuzendariak filmean, hain zuzen ere pertsonaiak sentitzen duen beldurra ondo sinbolizatzen duelakoan.

Azokak urteko profesionala saritu ohi du, eta aurten Robert Greenblatt Warner Media Entertainmenteko presidenteari eman diote saria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.