«Gogoan dut Larrinagako kartzelan ikusi nuela lehenengoz Pasionaria, 1932an. Preso ginen biak. Ni, Emakume Abertzale Batzakoa nintzelako (…) Dolores Ibarruri Pasionaria, Asturiaseko metzariak grebara bultzatu eta zuzentzeagatik. Esaten dute dinamita zuela argudio… Preso arruntekin batera zegoen. Gu, politikoak, lehentasunezko gelak geneuzkan. (…) Guretzat, Pasionaria deabruaren pertsonifikazioa zen. Pentsatzen jarriz gero, zer ote ginen gu harentzat… Istorio izugarriak kontatzen zituzten Pasionariaren biziaz. Apaiz bat baino gehiago hil zuela esaten zuten haietako bat, haginkadaka, elizak arpilatu zituela, sagrarioak profanatu, ostia kontsagratuak mastekatu… Komunista ere bazen!
»Emakume honen tenplea sen onean ulertzekotan, nahitaezko da haurtzaro-gaztaroak igaro zituen giroa ezagutzea. Hau da, Enkarterrietan, Bilbo Handiaren langile auzoan. Burdingunearen industri sektorea. Labe Garaiak. Ke eta lurruna etengabe, eta burdintsu. (…)
»Pasionaria, duela mende erdiaz gero, elezahar bizia da, mito bat haragi egina. (…)
»Haren mintzaldiak, harengak, Guernica baten pareko orro lazgarriak, giza pasioz beteak denak, hala gose nola ase direnak dardararazten dituzte. Haren esaldi jada historikoek, une kritikoetan munduaren aurpegira bota zituenak, izakiaren erraietako zuntz sakonak astintzen dituzte. 'Hobe zutik hil belauniko bizi baino!'. Eta, faxista oker bihurriei, 'Ez dira igaroko!', presente futuroak egiaztatu digun gauza...»
(Polixene Trabudua de Mandaluniz, Artículos de amama, Sabino Arana K.E., 1991)
Polixene Trabudua, Pasionariaz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu