Iker Apilanez (Donostia, 1979) Gipuzkoako Stop Kaleratzeak taldeko kidea da. Desjabetzeen errealitate gordina hitzaldia emango du gaur, 19:30ean, San Telmo museoan, Donostian.
Badirudi alderdi, banku eta komunikabide batzuek azken egunotan ikusi dutela lehen aldiz etxeak husteak dakarren drama. Nola ikusten duzue jarrera aldaketa?
Gure taldea Maiatzak 15 mugimenduaren harira sortu zen, Gipuzkoan, duela urte eta erdi. Drama hor egon da hilabete luzeotan. Jendeak ikusten zuen, baina orain politikariak eta bankuak ari dira pizturiko sua itzaltzen saiatzen. Amaia Egañaren heriotzak horiek aztoratu ditu. Itxurak egiten ari dira orain, denbora irabazten, jendea geldi egon dadin, egoerak eskuetatik ihes egin baino lehenago.
Desjabetzeak azkartzeko epaitegietan talde bereziak eratu zituen alderdiko kidea zen Barakaldoko biktima. Horrek eragin du zirkuitu laburra kaleratzeen makinan?
Krisia bankuek eragin dute, utzi egin dietelako. Politikarien utzikeria izan da. PPk Aznarren garaian Lurraren Legea ezarri zuen, Zapaterok bi agintaldi izan zituen zuzentzeko, eta, orain, Raxoik lehengo lepotik du burua. Drama hau guztia buka zitekeen duela hilabete asko, nahi izan balute. Baina bankuek kontrolatzen dituzte politikariak. Orain gizarteak eta Europak estu hartu dituztelako, legea aldatzeko negoziatzen hasi dira, baina beraiek bakarrik egin nahi dute, kontuan izan gabe kaltetuak eta epaileak. Gure eskaerak izan dituzte mahaiaren gainean duela hilabete asko. Orain beraiek sorturiko arazoa beraiek konponduko dutela ematen du. Ez gara fio.
Zer deritzozu hemengo kutxa nagusiek erabakitako atzerapenari?
Ondo iruditzen zaigu, baina berandu datorrela. Legeak zer esango duen zain daude. Gero lege horretara moldatuko dira, eta aldaketak ez badira sakonak, berdin gertatuko da. Agian haurrak dituzten familiak edo adinekoak bakean utziko dituzte, baina beste guztiak kaleratzen jarraituko dute. Familia guztiek dute egoera dramatikoa, eta kaleratze guztiak dira traumatikoak. Denek behar dute babesa.
Termino oso subjetiboak erabiltzen dituzte: «Fede oneko familiak», «muturreko egoerak». Zertarako?
PPren betiko politika neoliberala da. «Fede onekoak», esaten dute: krisia dela-eta norbaitek ezin badu ordaindu, lana galdu duelako ezin du, ez maileguari iskin egin nahi diolako.
Dagoeneko milaka etxe huste erabakita daude; legea aldatzeak ez die horiei eragingo. Horrek ezinezkoa egiten du arazoa konpontzea?
Hego Euskal Herrian 3.000 pasatxo prozedura zabaldu dira 2012ko lehen sei hilabeteotan. Espainian, hamar milioi pertsonari eragiten die dagoeneko etxe kaleratzeen arazoak. Halako kopuruekin ez du zentzurik marra gorri bat egitea eta «hemendik aurrerakoak bai» esatea.
Bankuetako arduradunek diote zuek proposaturikoak onartuz gero askoz laguntza gehiago beharko dituztela eta maileguak asko garestituko direla denontzat.
Arazoa konpontzeko, Bankiarenerreskaterako baino diru gutxiago beharko litzateke. Egindako kudeaketa txarra ordaindu beharko dute; ezin dugu soilik herritarrok ordaindu. Ez gara fio lege aldaketaz. Ez dut esango hau hasi besterik ez dela egin, baina goraka jarraituko du. Biharko bilerarako beste hiru kasu ditugu. Edonori gerta dakioke.
Iker Apilanez. Etxe kaleratzeen aurkako ekintzailea
«Politikariek eta bankuek denbora irabazi nahi dute, jendea geldi egon dadin»
Urte eta erdi darama lanean Gipuzkoako Stop Kaleratzeak taldeak. 'Desjabetzeen errealitate gordina' hitzaldia emango du horren kide Iker Apilanezek gaur, Donostian, egoera zertan den azaltzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu