ATZEKOZ AURRERA. Uxoa Anduaga. Soziologoa

«Politika egiteko modu bat da umorea»

Nekez pentsa liteke politikak eta umoreak loturarik dutenik. Harremana, baina, uste baino estuagoa dela ondorioztatu du Anduaga soziologo hondarribiarrak bere tesian.

GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Nagore Etxeberria.
Donostia
2015eko urriaren 22a
00:00
Entzun
Babestu edota min handia egin dezakeen arma zorrotza da umorea. Lortu nahi den emaitzaren araberakoa da umoreaz egiten den erabilpena. Eta esparru ugaritan landu daiteke, gainera; baita politikan ere. Politika eta umorea oso lotuta daudela frogatu du Uxoa Anduagak (Hondarribia, Gipuzkoa, 1986) bere tesian: Euskal umore etniko autoerreferentzialaren bidez euskal nazioaren birsortze sinbolikoaren analisia. Lau urte daramatza tesia lantzen, eta, laster, azken ukituak eman eta aurkeztekotan da.

Zure tesiaren arabera, politika eta umorea estuki lotuak daude; nork esango luke.

Euskaldunok egiten dugun umorea eta horrek nazio eraikuntzan nola eragin zezakeen aztertzen hasi nintzen. Umoreak eta politikak loturarik ba ote duten izan zen abiapuntua, eta, bai, lotura estua dagoela ikusi nuen. Hain da estua lotura, ezen esan baitezaket umorea bera politika dela. Politika zentzu zabalean planteatu dut tesian, hots, errealitatea alda dezakeen edozein praktika sozial da politika; beraz, baita umorea ere. Horrek zer esan nahi du? Umorez esaten diren gauzek ondorio politiko bat dutela; alegia, errealitatean eta euskal nazioa eraikitzeko moduan eragina dutela.

Umoreak, beraz, bere tartea du politikan.

Politika egiteko modu bat da umorea. Umorea politika da. Ondoren ikusi behar da zein erabilera ematen zaion umore horri, hots, nola erabili nahi den politikoki. Orduan, helburuak sartzen dira tartean.

Arma politikoa da umorea?

Politika egiten duzun heinean, arma politikoa da umorea. Ondoren, erabiltzaileak erabakiko du zein arma mota gisa erabiliko duen umorea: norbait zirikatzeko ezpata izan daiteke, norbera babesteko ezkutua edo gotorlekua, elkarrekin negar egiteko modua...

Umorea diseinatu egin daiteke?

Normalean, ez gara jabetzen umoreak zer-nolako eragina eta indarra izan dezakeen, eta ez gara kontziente ere umorea politikoa dela. Hala, jarrera ia irreflexibo batean erabiltzen, erreproduzitzen edo sortzen da. Atzean dagoen diskurtsoaren arabera, oso erraz hedatzen da, eta eragin handia izan dezake. Beraz, diseinu bat dago atzean, baina modu inkontziente batean. Azken batean, umorea oso lotua dago egunerokotasuna ikusteko moduarekin. Hala, nekez egin dezakezu barre min egiten dizun zerbaiten inguruan. Sentimenduen eta errealitatea ikusteko moduaren arabera diseinatzen da umorea.

Gauza serioak ere landu daitezke umorez?

Gauza serioak ere landu daitezke umorez, noski; oro har, dena jorra daiteke umorez, baina lekuak eta momentuak baldintzatzen du asko. Testuinguru sozialaren arabera, estetika umoretsua aldatu egiten da. Espazio intimoak edo publikoak baldintzatzen du gure umore sena nolakoa den edo nola adierazten dugun. Hala, duela hamar urte oso gai seriotzat genituen hainbat kontu umorez hartzen dira orain, eta alderantziz. Gaur egun, esaterako, mahai baten bueltan txisteak kontatzen dituzten hiru kaputxadunen estanpa oso ohiko bihurtu da. Euskal Herriak izan duen bilakaera politikoa bereziki islatua geratzen da erabiltzen dugun umore horretan.

Umorea baldintzatua dago, beraz.

Bai, erabat. Nazio eraikuntzari dagokionez, ez da kasualitatea Ocho apellidos vascos filmaren arrakasta nola bultzatu duen Espainiako Estatuak, Kataluniako prozesua tartean dagoela. Hala, euskaldunak beldurgarriak, itxiak, serioak eta beste errealitate bat zuten horiek ginen lehen, eta, bat-batean, oso sinpatiko, atsegin eta graziosoak gara. Orain, etsaiak beste batzuk direla dirudi. Alegia, umoreari trataera politiko bat ematen zaio, eta arma gisa erabil daiteke.

Euskaldunak, beraz, ez gara batere serioak?

Ez. Ez dakit esaten lehen baino umoretsuagoak garen edo ez. Nire ustez, esparruak aldatu egiten dira, hau da, lehen jorratzen ziren esparruak eta orain lantzen direnak ezberdinak dira. Euskaldunak serioak garen irudi hori umorez sartu zaigun diskurtsoa da, eta azken bi hamarkadetan indartuz joan den topiko bat da. Hori nire amonari galdetuko banio, adibidez, ez luke ulertuko, bere garaian ez zegoelako halako diskurtsorik.

Umorez hartzen dituzu gauzak?

Pertsona alaia naizela esango nuke, eta barre egitea gustatzen zaidala, baina baditut nire muga pertsonalak eta errealitatea ikusteko ikuspuntu pertsonalak. Ez da beti erraza, baina, aukeran, nahiago dut beti alderdi positiboa ikusi.

Bada umore txarreko jartzen zaituen ezer?

Injustizia ez dut jasaten; amorratu egiten naiz, eta umore txarreko jarri. Gertatu behar ez luketen gauzak gertatu eta zuk ezin duzula ezer egin ikusteak amorratzen nau. Oso txiki sentiarazten zaituzten egoera horiek ernegatzen naute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.