Udako proposamenak

Polinizatzaileen arrastoari segika

Lapurriturriko izaki bizidunak ezagutzeko, polinizatzaileen jolasa egingo dute igandean.

Erle bat lore batetik polena jasotzen. BERRIA
Erle bat lore batetik polena jasotzen. BERRIA
ane insausti barandiaran
2024ko uztailaren 9a
05:00
Entzun

Batean hartu, eta bestera eraman. Landareak ugaltzeko modua ematen duen prozesua da polinizazioa, eta animalia polinizatzaileen bidez egiten da: animaliak elikagai bila joaten dira loreetara, eta itsatsitako polena hurrengo lorera eramaten dute. Hala, loreen ugaltze organo arretatik emeetara transmititzen da polena, eta polinizazioa hasi.

Prozesu hori azaltzeko, eta inguruko izaki bizidunak ezagutzeko, Aiako Harriko parke naturalean polinizatzaileen jolasa antolatu dute hilaren 14rako. Lapurriturriko informazio guneak eta Irungo Udalak (Gipuzkoa) prestatu dute ekintza hori, eta Lapurriturritik bertatik abiatuko da. Parke naturaleko bide ertzak arakatuko dituzte, animalia horien bila.

Hegaztiak, intsektuak eta ugaztun batzuk izan litezke polinizatzaileak: erleak, tximeletak, kolibriak eta saguzarrak tartean. Antolatzaileen arabera, polinizatzaileen garrantzia nabarmentzea da egitasmoaren helburua. Izan ere, besteak beste, polinizatzaileak ezinbestekoak dira landare askoren populazioa iraunarazteko, eta baita gizakiek jango dituzten elikagaiak hazteko garaian ere.

Hainbat jarduera egingo dituzte horretarako, prestatutako ibilbidean: izaki bizidunen irudiak eta izenak bata bestearekin lotu, animalia bakoitza bere habitatean kokatu, eta erle eta liztor motak bereizten ikasiko dute parte hartzaileek. Amaieran, berriz, jolas bat egingo dute, ikasitakoa errepasatzeko.

Edozein herritarrek parte hartzeko moduko ekintza da, baina, bereziki, 6 eta 10 urte bitarteko haurrak dituzten familiei egin diete deia jolasera joateko. Izena eman beharko da horretarako, uztailaren 10a baino lehen, Irun.org webgunera idatziz edo 010 telefonora deituz. Antolatzaileek gomendatu dute mendian ibiltzeko arropa eta oinetako egokiak, ura eta hamaiketakoa eramatea.

Udako plangintza

Hamabost urtetik gora daramatza Lapurriturriko informazio guneak Aiako Harriko parke naturala ezagutzeko jarduerak eta ekintzak antolatzen, udaberrian hasi eta udazkenera arte. Aurtengo uda ere ez da salbuespena izango: ekainaren 1etik urriaren 31ra bitartean zabalik egongo da informazio puntua, jaiegunak eta zubiak barne, 09:30etik 13:30era bitartean. Naturarekin lotutako kontuez gain, inguruaren balio historiko eta kulturalari lotutako ekintzak antolatzen dituzte bertan.

Gainera, ekintza jakin horiek antolatzeaz gain, bisitariei informazioa banatzen diete gune horretan. Hala paperean nola bisita gidatuen bidez, naturaguneari eta inguruko eskaintza turistikoari buruzko xehetasunak jaso daitezke, baita parkeko bost ibilbide tematikoei buruzko informazioa ere: elur zuloei, meatzaritzari, ikazkintzari, gerrei eta florari, faunari eta urari buruzkoak dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.