ATZEKOZ AURRERA

Poesiari hatsa emanez

'Hatsaren poesia' bilduma 25. urtez eman dute argitara, 126 idazleren olerkiekin. Urteurrena giro ederrean ospatu dute, Senperen. Errezitala tarte hunkigarriz bete da.

Auxtin Zamora Hatsaren Poesia egitasmoaren sortzailea, herenegun, Senperen. PATXI BELTZAIZ.
urtzi urkizu
Senpere
2023ko apirilaren 18a
00:00
Entzun
Txorien txioak entzuten dira, eta, aldi berean, Andoni Salamero txorien kantuaz ari da olerki batean. Ez da kasualitate bakarra izan Hatsaren poesia olerki bildumaren 25. liburua aurkezteko egunean. Entzun dira olerki errezitatuak, kantuak, bertsoak eta Marikita Tambourinen bi irrintzi Hatsa Egunean, igandearekin, Senpereko (Lapurdi) Larraldea etxean. Euskal Herriko zazpi lurraldeetako 126 idazleren euskarazko olerkiak ageri dira aurtengo bilduman, eta haietako batzuk elkartu dira Larraldean.

Hunkidura sakonekoak izan dira tarte asko. Imanol Irigoienek —haren koadro bat ageri da aurtengo azalean— Joan Mari Irigoien anaiaren tintazko erretratu bat jarri du mahai gainean, eta haren altzoan irakurri ditu bi poema: bat anaiarena —gaixotasun larri bat du duela hamar urtetik—, eta berea, bigarrena. Ainara Maiak, berriz, Joan Mari Irigoienek 1999tik 2022ra bitarte Hatsara bidali dituen olerkien zatiekin osatu du Joan Mariren Hatsa. Liburuen zozketan, Bernhard J. Mathieuten Lehenbiziko harria eleberria egokitu zaio Joan Mariri, eta anaiak eramango dio etxera.

Arantzazu Martinezek itzuli du liburu hori euskarara, eta bera ere aritu da errezitatzen eta kantuan, nahiz eta makulu batekin dabilen. Entzuleak makulu gisa erabili ditu, kantuan, Hatsaren 25.ean leloa errepikatzen.

Erabat hunkituta dago Sabin Oregi idazle eta editorea, Txomin Peilleni —abenduan hil zen— eskainitako olerkia errezitatzera igo denean. «Ez dakit ahalko dudan». Baina irakurri du, emozioz beterik, eta libururako bidali duen argazkia aipatu: Peillen ageri da, bere 90. urteurrenean, Josu Jimenez Maiaren olerki bilduma argitaratu berria irakurtzen. «Hatsarako irakurketaren zirkulua ote?», galdetu du Oregik.

Gazteak ere indartsu datoz. Matxalen Bezosek hala jaurti du, ozen: «Badator! Bagatoz! Berriz ere mikrofonoak hartzera, errezitatzera, ondo pasatzera, elkar maitatzera... Badator! Bagatoz! fusilak poesiaz kargatzera...».

Bezos baino are gazteagoa da Garazi Gonzalez de Durana gasteiztarra. Taldeko gazteena da: 19 urte bete ditu asteon. Hiru olerki errezitatzeaz gain, Hatsari eskainitako bertso bat kantatu du. «Literatur komunitate berri batean sartu naizela sentitu dut, eta hemendik aurrera nire hatsaren poesia elikatzen jarraitu beharko dut», esan du, irribarrez.

Kantatu diote Zorionak zuri! gazteari, baita Auxtin Zamora Hatsaren sortzaileari ere, hurrengo egunean 80 urte bete behar baititu —23 urtez hark atondu du bilduma, eta azkeneko bi urteetan Ainara Maiak hartu dio lekukoa—. «Giro ezin hobean gaude», aipatu du Zamorak. Duela 25 urte, euskaraz idazten zen poesia sostengatu behar zela deliberatu, eta egitasmoa aurrera eraman zuen. «Irakurleak eta idazleak elkarri lotuz, sarea egin da Hatsaren inguruan». Egitasmoak jarraipena izango duelako, oso kontent da Zamora: «Segida ziurtatua dago. Euskaldunok poesia gure barnean dugu, eta ez da itzaliko».

Sar hitza, zozketa bidez

Bazkaldu aurretik, xanpainarekin egin dute topa denek Hatsaren 25. urteurrenean. Zamorak aitortu du «beste dimentsio bat» badela han poesiaz harago, han direnak irri egiten eta istorioak kontatzen ikusita.

Larraldearen barnean egin dute bazkaria, eta hori ez litzateke posible Andoni Iturriotz etxeko jabearen eskuzabaltasunagatik ez balitz. Hala aitortu diote Hatsako kideek, argazki xafla bat oparituta. «Zuek ez duzue zorrik nirekin: zuek pizten duzue etxe hau», aipatu du Iturriotzek. «Ni naiz zuekin zorretan». Zamorarentzat, berezia da Larraldea, eta Oi etxea! olerkia ere eskaini dio. «... Nahiko nuke erran bazeniete / zure zur-adabegi fosilizatu zoinen barnean /nere azken hatsa atxikiko duzun...!».

Bestalde, olerkari askok adierazi diote esker ona Zamorari. Leire Zabalak Hatsaren ereserkia kantatu du, esaterako. Eta Graxi Solorzanok zinez gozo kantatuz zoriondu du Zamora.

Faltan direnek, bidean izan direnek... denek dute tokia egitasmoan. Maiak azaldu duenez, 25 urteotan 480 poetak parte hartu dute bilduman —denen izenak ageri dira aurtengo liburuan—. Faltan dira Peillen, Koldo Zubeldia, Alvaro Mundiñano eta Jakes Ahamendaburu hilberriak. Liburuan ere jarriak dira olerki tailerretan parte hartu duten 2.509 haur, gazte eta helduen izenak.

Zamorak, ezustekoen artean, afixa handi bat ere jaso du: parte hartzaileek Zer da zuretzat hatsa? galderari idatzitako erantzun guztiak ditu.

Peio Jorajuriak idatzi du aurtengo sar hitza, eta irakurketan ondorioztatu du: «Haizeak hedabeza, beraz, gure olerkia zazpi haizeetara, uste ez den lurretan ere loratzeko». Zozketa egin ohi da hurrengo bilduman sar hitza nork idatziko duen erabakitzeko, eta Joseba Aurkenerenari egokitu zaio. Parte hartzea librea da euskaldun ororentzat. Hala izan da 25 urtez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.