Poesia zapalduz paseatu

Leioako unibertsitatean Poesiaren Bideak izeneko pasealekua inauguratu dute. Ibilbidean zehar olerkari ezagunen berrogei lan irakurtzeko aukera dago.

Leioa
2012ko maiatzaren 22a
00:00
Entzun
Olerkiak irakurri nahi direnean ohikoena poesia liburuetara jo eta bertan azaldutakoa leitzea da. Baina horrek ez du esan nahi iturri bakarra denik. Izan ere, atzo inauguratu zen Leioako unibertsitatean Poesiaren Bidea deitutako pasealekua. Ibilbidean zehar dauden harlauzek olerkigintza unibertsala lantzen dute hainbat hizkuntzatan. «Sei hizkuntzatan hitz egin eta idazten duten 40 poeten lanen zatiak biltzen dituen lekua da pasealekua», adierazi du Iñaki Goirizelaia EHUko errektoreak. Hitzek, ideiek eta sentimenduek elkarri eskua emanez literatur mapa osatzen dute unibertsitateko espaloian barrena.

Aurkezpen ekitaldian, Iban Zaldua EHUko irakasle eta idazlea, Mikel Urdangarin musikaria eta letren fakultateko ikasleek parte hartu dute. Bitxia bada ere, poesiaren aurkako jarrera agertu du Zalduak. Hala ere, Poesiaren Bideak gauza on bat baduela nabarmendu nahi izan du: «Orain poesia zapalduz pasea daiteke unibertsitatetik».

Olerkigintzaren aurkako jarrera modu ironikoan landu du idazleak, zazpi bekatu nagusiak izeneko agiria leituta. «Nik olerkigintzaren aurkako testua irakurriko dut. Ez da esan behar poesiaren aurka nago ez dudalako atsegin eta ulertzen ez dudalako. Argudioak eman behar dira», zehaztu du. Horregatik jarrera horren arrazoia azaltzen saiatu da: «Poesia literatur arloan zazpi bekatuak gehien urratzen dituen generoa da».

Aurreneko hutsegitetzat harrokeria hartu du. «Okerrena da poeta gehienek apaltasunez janzten dutela harrokeria». Lukurreria ere antzeman daiteke. «Hitzek esanahi bat dutela ahazten dute, eta ez salneurria. Bada garaia poesiak ezarri digun hipotekaren prezioa jaisten hasteko». Hirugarren bekatua lizunkeria da. Maitasuna eta sexua lotu ditu poesiarekin. «Nik puntu honetan salatu nahiko nukeena publizitate engainagarria da». Haserrekeriak ere badu tartea. «Poetek belaunaldiz belaunaldi eurek uler dezaketen lengoaia erromantikoa asmatu dute. Zeinaren helburua irakurle gaixoa haserraraztea den». Jalekeria garapen iraunkorrarekin alderatu du. Izan ere, poesia liburuak egiteko paper asko xahutzen dela dio. Seigarrena bekaizkeriari dagokio. «Eleberriari, antzerkiari eta beste generoei diete bekaizkeria poetek». Zazpigarrena nagitasuna da. «Poetak alferrak dira. Zenbat eta liburu meheagoa, orduan eta olerki liburuago».

Irakurketa eta musika

Letren fakultateko zazpi ikaslek espaloian zehar dauden poesia lanak irakurri dituzte. Euskaraz, galizieraz, katalanez, gazteleraz, ingelesez eta frantsesez, besteak beste. Andoni Egañak EHUren 75. urtemuga gogorarazteko egindako bertsoa izan da errezitatu duten bat.

Mikel Urdangarinek gitarra lagun hartuta musika jarri dio ekitaldiari. Xabier Leteren Izarren hautsa-k entzuleak hunkiarazi ditu. Horrez gain, Mikel Laboaren Martxa baten lehen notak eta Xabier Amurizaren Mendian gora haritza abestiekin gerturatutakoen txaloak jaso ditu. Orain unibertsitatean dagoenak ez du liburutegira joan beharko poesia irakurtzera, lurrean dauden olerkiak dastatuz pasea baitaiteke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.