ATZEKOZ AURRERA

Poesia zabaltzeko moldeak

Iñaki Jauregialtzok buztina eta olerkia bildu ditu 'Lur bustian idatziak' erakusketan, Poetak Maiatzean nazioarteko poesia jaialdian, Gasteizen. Egitasmoaren asmoetako bat poesia gizarteratzea da.

Iñaki Jauregialtzo erakusketaren egilea, atzo, Gasteizko Ignazio Aldekoa kultur etxean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
Gasteiz
2021eko maiatzaren 15a
00:00
Entzun
Buztin beltzaren gainean, zuriz eta gorriz islatuta daude artisten irudiak. Olerkiak, kantak eta bertsoak dituzte alboan, eta baita doinuak ere. Egungo teknologien abantailak: QR kode bat txekeatu, eta zuzenean entzungaira. 22 emakume eta 21 gizonezko, zaharrenetik gazteenera arteko ordena baten logikari jarraika: Bernart Etxeparek ekin eta Aroa Arrizubietak jarraitu. Euskaldunak gehienak, baina baita nazioartekoak ere: euskaraz, gazteleraz, galegoz eta portugesez. Nork bere arlotik, baina bide berean: letrekin, errimekin eta erritmoekin sortzen.

Gasteizko nazioarteko poesia jaialdia da Poetak Maiatzean, eta Iñaki Jauregialtzo Jaltzo artistak ikusgai ditu bere lanak Ignazio Aldekoa kultur etxean, Lur bustian idatziak erakusketan. Bisita gidaturen bat edo beste ere egin du, eta baita kazetariarekin ere. «Buztinean, lokatzetan egiten ditut irudiak, eta idatziak ere uztartzen ditut; hortik dator izenburua». Euskal kulturan erreferentetzat dauzkan idazle, musikari eta bertsolari batzuk hautatu ditu, eta baita hezkuntza alorrean aritu diren zenbait lagun ere, hala nola Txillardegi. «Lan ildo bat da: enkargu pertsonal bat egin zidaten, eta horrek eman zidan txinparta gainontzekoekin hasteko».

Eskaileretan gorantz egin, eta bigarren solairuan ere badira zenbat lan ikusgai. Irudietan nabaria da belaunaldi gazteagoak direla, eta emakumeen presentzia ere nabarmenagoa da: besteak beste, Arantxa Urretabizkaia, Amaia Zubiria, Amaia Lasa eta Itziar Rekalde daude elkarren segidan. Bernardo Atxaga, Ruper Ordorika eta Joseba Sarrionandia ondoren. «Azken hiru horiek euskal kulturaren zabalkundearen erreferenteak izan dira, eta alboan jarri ditut lehen izan zen Pott taldearengatik; aitortza bat ere izan daiteke», adierazi du Jauregialtzok. Badira Elisa Rueda eta Arantza Guinearen lanak ere: egitasmoaren antolatzaileak dira.

Bederatzigarren jaialdia da aurtengoa, baina Ruedak azaldu du helburuak berberak direla: «Poesia plazaratzea da gure asmoa, ohikoan egin ohi diren loturak deuseztatu eta publiko guztiarengana iritsi nahi dugu; poesia oxigenoa da». Hori erdiesteko, erantsi du era guztietako kolektiboek parte hartu ohi dutela jaialdian, besteak beste gizartetik baztertuak izateko arriskuan egon daitezkeen pertsonak. «Guztiek dute hitza, eta hori da izpiritua: poeta figura zehatzetatik at, edonork har dezake parte poesia irakurtzen».

Ruedak nabarmendu du gaur ehun poeta egongo direla Alde Zaharreko etxarteetan, eta, arratsaldean, Europa jauregian. Datorren astean, batez ere musika eta poesia uztartuko dituzte, eta, azkenekoan, andreak eta poesia. Hilaren 29an amaituko da.

Bidea libre utzi beharra

Ruedak azpimarratu du poesiak «batu» egiten duela jendea, eta, beraz, garrantzitsua iruditzen zaio guztiei lekua ematea. Esate baterako, Arabako gainontzeko herrietara ez ezik, aipatu du Zaballako espetxera ere iritsi ohi dela poesia. Hala ere, gazteengan jarri du arreta: «Pila bat ari dira idazten, eta atea ireki behar diegu beren koadernotik irtetera animatzeko; gazteen eskutik egin behar da aurrera, eta ahotsa eman behar zaie».

Hain zuzen, Jauregialtzoren erakusketan, hirugarren solairuan daude artistarik gazteenak, eta batik bat bertsolariak; Aroa Arrizubieta arabarra da azkena. «Ziklo bat da, eta gerora ere jarraituko du; baina etorkizuna gazteengan dago, eta hori sustatu behar da». Egileak, beraz, uste du haiek sortutako proiektuak «hauspotu» egin behar direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.