Anton Abadia XIX. mendeko euskaltzalearen inguruan prosaz eta poesiaz arituko dira gaur Patri Urkizu, Fernando Morillo eta Ekhine Egiguren, zientzialari eta esploratzaileak Hendaian (Lapurdi) eraiki zuen jauregian.
«Anton Abadiaren bizitza, obra eta poesia» da ekitaldiaren gaia, Mikel Asurmendi antolatzailearen arabera. Dublinen sortu zen Abadia, 1810ean. Ama irlandarra zuen, eta aita zuberotarra, Ürrüstoikoa. Gaztetatik euskaltzale sutsua izan zen Abadia. 26 urte zituela, euskal gramatika bat argitaratu zuen Agusti Xahorekin batera. Zuberoaticako gutun bat lana argitaratu zuen 1864an, eta lore jokoak diruz babestu zituen, euskarazko olerkigintza sustatzeko. Abadiak sortu zuen Zazpiak bat leloa.
Patri Urkizu filologoa da, euskaltzain urgazlea eta poeta, besteak beste. Anton Abbadia (1810-1897) biografia idatzi zuen.
Fernando Morillo (Azpeitia, Gipuzkoa, 1974) literaturan, filosofian eta zientziaren dibulgazioan aritu da.
Ekhine Egiguren (Donostia, 1978) arkitektoa da, eta hirigintzan egiten du lan. Hirigrafiak eta Paisaiagramak poesia bildumak argitaratu ditu. Abadia jauregiaren eremuko Nekatoenea egoitzan, idazteko egonaldia egin zuen 2012ko urrian. Han aritu zen Lore bakanak eta beste poema batzuk lantzen.
LITERATURA
Noiz. Gaur, 18:00etan.
Non. Abadia gazteluan, Hendaian (Lapurdi).
Poesia emanaldia eta Abadia
Anton Abadia euskaltzaleaz arituko dira Patri Urkizu, Fernando Morillo eta Ekhine Egiguren
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu