ATZEKOZ AURRERA. Josu Landa. Idazlea

«Poemen beste irakurketa bat egiteko balio dute kantuek»

Miguel Hernandez poetaren poemak errezitatuz eta abestuz emanaldiak eskaintzen ari da Landa. Musikagile askok musikatu dute Hernandez, eta doinu horiek erabiltzen ditu.

JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Ilargi Agirre.
Donostia
2014ko azaroaren 13a
00:00
Entzun
Gehien musikatu den poeta espainiarretako bat da Miguel Hernandez, eta horretaz baliatu da Josu Landa idazlea (1960, Altza, Donostia). Ezohiko eran ikusi ahal izango da Landa oholtzan: kantuan. Hernandezen poemak errezitatu eta abesten emanaldi sorta eskaintzen ari da. Soraluzen (Gipuzkoa) egin zuen lehen emanaldia, herenegun,eta hurrengoa ostegunean Durangoko (Bizkaia) Hitz liburu dendan izango da, besteak beste.

Musikari bihurtu al zara orain?

Ez, ez, inondik ere ez. Nik besteek sortutako doinuak erabiltzen ditut. Errezitalean abestiak dira, ia gehienak, eta ahots soilez kantatzen ditut. Bederatzi kantu abestu eta bost musikagileren doinuak erabiltzen ditut: Joan Manuel Serrat, Victor Jara, Paco Ibañez, Adolfo Celdran eta Alberto Cortez. Serratek bi disko egin ditu Hernandezen poemekin. Itzulpenean jatorrizkoaren neurria gordetzen zuten poemak hautatzea izan da gakoa.

Nolatan hasi zara abesten?

Tolosan (Gipuzkoa), iaz, Lasa eta Zabalaren inguruko Kareak Erre ez duena ekitaldian kantatu nuen ordurako itzulita nuen poema bat: Tipularen sehaska kanta. Azkenaldian, Soraluzeko Gaztelupe tabernako Jose Felix Azkarate Xarra-k asko animatu nau. Kantua izan daiteke poemez beste era batera gozatzeko modu bat. Areago, poemen beste interpretazio bat egiteko ere balio dute. Niri askotan gertatu zait, baita Hernandezen kasuan ere. Poema bat itzulita eta hogei aldiz irakurrita izan arren, kantua entzun,eta deskubritzea ordura arte ikusi gabeko ñabardura batzuk. Irakurtzea eta kantatzea osagarriak dira, eta biek egiten dute ekarpen berriren bat.

Asko entseatu al duzu?

Bai, noski! [barrez]. Ordu asko sartu ditut, baina gustura. Errezitalari ez diot kantaldia deitu, jendeari erruki pixka bat emateko. Alegia, ez nazaten epaitu kantari gisa. Bestelako saio bat da.

Zein emanaldi gehiago dauzkazu?

Azaroaren 21ean, Donostiako Garoa liburu dendan izango naiz, eta 25ean, Iruñeko Katakraken.

Munduko poesia kaierak egitasmoaren barruan itzuli dituzu errezitalean erabiltzen dituzun Hernandezen poemak.

Bai. Susa argitaletxean aurten abiatu dugu egitasmoa, eta helburua da urtero sei ale kaleratzea. Saltokietan ere badauden arren, harpidetza sistema bidez funtzionatzen dugu, batez ere. 150 harpidedun inguru ditugu.

Zergatik Miguel Hernandez?

Poeta espainolen artean, iruditeria kolektiboan gehien txertatutako bat izango da. Neure buruari jarri nion erronka; ea gai izango ote nintzen itzultzeko. Zaila izan da, baina aldi berean, gozamen hutsa ere bai.

Hernandezen poesia konprometitua al zen?

Espainiako gerran lehen unetik inplikatu zen, hasieran miliziano gisa eta gero komisario kultural gisa. Gerran, poesiari garrantzi handia ematen zitzaion. Irratiz emititzen ziren irakurraldi poetikoak, eta badira argazkiak Hernandez soldaduz inguratuta frontean poemak errezitatzen. Horrek sona handia eman zion, eta herriaren poeta deitu izan zaio. Nik ez nuke esango poesia konprometitua egiten zuenik, soilik. Haren amodiozko poemak izugarriak dira. Kartzelari, goseari... buruz hitz egiten duenean ere beti du goxotasunerako joera bat. Samurtasuna eta gotortasuna kontrajartzen ditu, etengabe.

Errezitatzeko zein modu duzu gustukoen?

Formatu guztiak dira interesgarriak. Ahotsarekin bakarrik, musikarekin lagunduta... Hip hopa ere asko gustatzen zait. Gogoz geratu naiz Hernandezen poema luzeren bat rapean kantatzeko errezital honetan, baina ez naiz gai sentitu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.