POEMA

Bernardo Atxaga.
2021eko abuztuaren 29a
00:00
Entzun
HIL DA BIXENTE AMEZTOI

Begira dezagun baratza, intxaur aleak daude lurrean,
eta hurrak, aza batzuk, hamabi bat porru lerroan,
eta gainera 23 txori belar artean eta hormetan:
txori hura, enperadore baten gainean hegaldatu zena
«neu naiz heriotzaren mezularia», esanez, «laster itzuliko naiz».
Eta ejamel deitzen diotena, Tangerreko hondartza batean
korrika txikian zebilena beti aireratzear baina aireratu gabe,
eta baita Gibraltarreko itsasartea zeharkatzen ikusiak izan ziren
txori beltzak ere, laranja saltzaile batek uxatuak Essaouiran.
Eta Ernio mendiaren magalean hotzak zeuden txantxangorriak,
etxeko leiho kristaletan joka ari zitzaizkionak aspalditik;
eta sasi artean gordetako txori denetan txikiena, txepetxa,
eta azaldu berria den karnaba, eta baita enara bat ere,
azkenekoa, Hegorako bidaia behin eta berriz atzeratu duena;
eta hontza, eta mozoloa, bere garraisia jaurti zain teilatupean,
eta bere betiko auzoak, txolarreak, etxe inguruan zalapartan.
Beraz, intxaurrak, hurrak, azak eta porruak, eta batez ere 23 txori
belar artean eta hormetan. 23? Ez al dira 24?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.