Iruñea Hiria poesia sariaren irabazlea

Joseba Esparza: «Poema oso polita bada ere, zentzurik ez badu ez du lekurik nire lanean»

Nortasunaren inguruan idatzi du Esparzak: «Poesiak laguntzen dit hondartza batetik bestera iristen, Ttauri gertatzen zaion bezala».

Joseba Esparza, ‘Ttau eta biok’ obraren kopia bat eskuetan duela, Cordovillan (Nafarroa). I. URIZ / FOKU
Joseba Esparza, ‘Ttau eta biok’ obraren kopia bat eskuetan duela, Cordovillan (Nafarroa). I. URIZ / FOKU
itsaso jauregi 2
Cordobilla
2024ko abuztuaren 28a
05:00
Entzun

Kimika du lanbide Joseba Esparzak (Iruñea, 1979), Iruñea Hiria Nazioarteko Poesia Sariaren XVIII. aldiko irabazleak, baina poesia du zaletasun. Ttau eta biok poema bildumarekin irabazi du saria, nortasuna, bizitzaren aroak eta beldurrak lantzen dituen testu multzo batekin. Zuzenketaz betetako kopia bat du eskuan, liburua prestatzen ari baita printzipioz urrian publikatzeko.

Noiz sortu zen poesiarekin duzun harremana?

Idazteko zaletasuna txikitatik datorkit. Gauza xumeak idazten nituen, baina irakasleak esan zigun bazegoela txapelketa bat, eta poesia batekin aurkeztu nintzen. 

Txikitako zaletasunari eutsi diozu, beraz?

Bai, baina poesia alde batera utzi nuen urte luzez. Duela hiru urte lagun batek esan zidan Nafar Ateneoak lehiaketa bat antolatu zuela Irulegiko Eskuaren inguruan poema bat idazteko. Irulegi inguruan egindako txango batean paisaia behatu nuen, eta hortik sortu zen Zorionekuak gu poema.

Natura duzu musa?

Bai. Naturaren behaketatik sortu dira poema asko. Poema batean, adibidez, protagonistak ikusten du zuhaitz baten ikuspuntutik mundua nolakoa den.

Orri zuri baten aurrean, nondik hasi?

Ttau eta biok idaztean, egiturarekin hasi nintzen. Zer kontatu nahi nuen zehaztu, eta hori egiteko zer egitura erabili behar nuen pentsatu nuen. 

Lana lau ataletan banatuta dago. Bizitzaren lau aroak dira?

Bai. Bizitzaren bidaia da gaia. Bizitzaren aroak lau dira, naturako urtaroak bezala, eta egitura oso intuitiboa da. Egitura horren barruan protagonistak bere bidaia egitea nahi nuen.

Nahiz eta egitura hasieratik zehaztu, inprobisatzeko ohitura duzu idazteko orduan?

Bai, eboluzioa egon da lan honetan ere. Bizitzaren bidaia da oinarria, eta eleberri bat balitz bezala kontatu nahi nuen, baina poematan banatuta. Hori ez zen erraza izan, askotan narrazioa nagusitzen baitzen, eta ez nuen hori nahi. Poema oso polita bada ere, zentzurik ez badu ez du lekurik nire lanean. Nahi nuen, bakartuta egonda ere, poema bakoitzak zentzua izatea, baita puzzle baten moduan piezak elkartzean istorio bat kontatzea ere.

Hasieratik argi zenuen Ttau izango zela protagonista?

Ez. Poema batean agertu, eta hortik aurrera beste poemetan sartu nuen. Nortasunarekin lotuta dago pertsonaia hori.

«Nortasuna lehorrera eraman nahi eta ezin», dio poema batek. Nortasuna lehorreratzeko lagungarria da poesia idaztea?

Nire kasuan, bai. Betidanik idatzi izan dut, barneko gatazkak argitzen edo kanporatzen laguntzen didalako. Poesiak laguntzen dit hondartza batetik bestera iristen, protagonistari gertatzen zaion bezala; ez daki nora doan, baina badaki poesia lagun izan nahi duela. Nortasuna poeman bere nortasuna sentitzen du lehendabiziko aldiz.

Ttauk mamuekin topo egiten du haurtzaroan?

Bai. Lehendabiziko atalean, mamua ume baten ikuspuntutik agertzen da. Poemak ulergarriagoak dira, umeek gauzak sinplifikatzen baitituzte: ulertzen ez duten hori fantasiaren munduan sartzen dute.

Heldutasunean beste forma bat hartzen dute mamuek?

Bai. Protagonistak fantasia eta beldurra izango ditu bidean lagun. Mamua fantasia bat zen lehendabiziko atalean, baina gero protagonista mamu bihurtzen da. Lehen kanpoan zeuden beldurrak barneratzen ditu.

Zein da kimikaren eta poesiaren arteko harremana?

Dena erlazionatuta dagoela uste dut, baina mundu honetan gauzak banatzen irakatsi digute, kutxa desberdinetan sartzen.

Nola hartu duzu saria?

Oso pozik. Lanarekin oso kontent geratu nintzen, eta pentsatu nuen neure kabuz argitaratzea, gutxienez lagunei banatzeko. Baina saria ez nuen espero.

LOTSABAKO

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.