Jon Aranburu. Musikaria

«Poema bat da abiapuntua, baina irakurketa soil batetik askoz haratago doa»

Bi urtez poesia errezitatzen aritu ondoren, gaur utziko diote 'Igo gora' ekitaldia egiteari. Hitzak, soinuak eta ehundurak nahasten dituzte, ikusleari zerbait ezberdina eskaintzeko asmoz.

HALA BEDI.
2012ko ekainaren 26a
00:00
Entzun
Jon Aranburu (Alegia, Gipuzkoa, 1980) kazetaria da lanbidez, eta Hala Bedi irratian aritzen da, esatari. Irratiko beste bi kiderekin elkartu, eta Igo gora poesia errezitaldia egiteari ekin zion duela bi urte. Hitzak eta soinuak nahasten dituzte beren emanaldietan, eta gaur izango da zuzenean ikusteko azken aukera, Gasteizko Parral tabernan, 20:30ean.

Zertan datza Igo gora ekitaldia?

Duela pare bat urte Manex Agirrek idatziriko poema luze batean oinarritzen da. Poema hori oinarri hartuta zuzeneko ikuskizun bat egitea proposatu zigun Manexek Marco Bianchiri eta bioi. Hori da abiapuntua, baina irakurketa soil batetik askoz haratago doa; Manexek kontatzen duenaren garapen modukoa da, horren gainean jarritako musikarekin. Marco disko jartzailea da, eta ordenagailuarekin modu digitalean jartzen du musika; nik, berriz, gitarra elektrikoa jotzen dut. Batzuetan, kantuak izaten dira; besteetan, ehundura soilak, testua interpretatzen laguntzen dutenak.

Zeri buruzkoak dira testuak?

Ez da erraza hori zehaztea. Aldaketa baten prozesua da, baina bakoitzak bere interpretazioa egin dezake. Zuzenean entzun beharrekoa da, nahiz eta sarean badagoen testu osoa, inork irakurri nahiko balu.

Lehenengo aldia da horrelako zerbait antolatzen duzuela edo aurretik ibiliak zarete poesia errezitatzen?

Igo gora egin aurretik, bakoitza beste saltsa askotan ibili izan gara. Manexek eta Markok, esaterako, Gaizka Amondarainekin batera, Zeru gaineko Berlin errezitaldia egin zuten. Azkenean, Igo gora egiteko elkartu gara hirurok, eta lehenengo aldia da elkarrekin horrelako zerbait egiten dugula. Bi urte hauetan hamabost bat emanaldi egin ditugu, eta gaurkoa azkena izango da. Guretzat oso emanaldi berezia da, galduezineko aukera bat. Izan ere, Parral tabernakoak gure lagunak dira, eta Geu elkartekoak ere ezagutzen ditugu; horregatik, honekin amaitu nahi genituen saioak.

Azkenaldian mota honetako ekitaldi gutxiago egiten direla iruditzen al zaizu?

Ez nuke hori esango.Zuzeneko literatura kontu hauek boladen araberakoak izaten dira: batzuetan, asko, eta besteetan, aldiz, oso gutxi. Egia da emanaldi hauek ez direla oso ezagunak izaten eta gutxitan programatzen dituztela. Dena den, ez doaz ez gora eta ez behera; beti egin izan dutenek jarraituko dute.

Hirurok mundu ezberdinetatik zatozte; nola topatu duzue elkar?

Bakoitza bide ezberdinetatik gatoz: Marco DJa da. Manexek idatzi egiten du, eta bertsolaria ere bada. Ni neu ere musikaren munduan sartuta egon naiz beti. Elkargune asko ditugu. Baina, agian, Hala Bedi da puntu nagusia, han ezagutu genuelako elkar.

Zein da bakoitzak errezitaldiari egiten dion ekarpena?

Ez nuke bakoitzaren ekarpena bereiziko; denok elkartu eta taldean aritzea gustatzen zaigu. Marco ez da musika jartze hutsarekin gelditzen: bere sormena garatzen du. Manexek irakurri eta abestu ere egiten du. Nik, gitarra jotzeaz gain, zarata ere ateratzen dut. Nahasketa bat da.

«Ausarta izan behar du gora igotzea erabakitzen duenak», diozue olerki batean. Zuen emanaldira joateko ere ausardia behar al da?

Ausardia baino gehiago, irekita etortzea da garrantzitsua. Gure ustez, zerbait ezberdina jasoko du ikusleak, eta horretarako prest egoteko eskatzen diogu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.