Ezarian. Udako musika

Plazetako soinu banda

Aurtengo udan ere, Euskal Herriko plazak zortzikoz eta arin-arinez betetzen ari dira. Garaiak aldatu diren arren, dantzatzeko ohitura oraindik ez dela galdu diote musikariek.

Trikidantzeko Birjinia Mariezkurrena eta Arkaitz Mindegia, aurtengo Baztandarren Biltzarrean. BERRIA.
Iruñea
2011ko abuztuaren 13a
00:00
Entzun
Gustuko aldapan, nekerik ez. Afizioa ofizio bilakatzen denean, eginbeharra gogoz hartzen da. Baita ilusioz ere. Hori da Euskal Herriko bazterrak alaitzen dabiltzan plazako musika taldeen kasua. Astebururo plazaz plaza ibili beharrak sakrifizioa eskatzen dien arren, jendea dantzan jartzeak barrena betetzen omen die. «Gaur ordu eta erdi eginen dugu Nafarroako herrixka batera iristeko, baina ez zaigu ardura; jendeak erantzuten badu, pena guztiak uxatzen dira». Arkaitz Mindegiarena da azalpena (Ituren, Nafarroa, 1982), Trikidantz musika taldeko abeslari eta trikitilariarena. Harenak dira hitzak, baina bertze anitzenak ere izan zitezkeen. Hamaika dira Euskal Herriko txokoak alaituko dituzten taldeak. Bestaz besta, haiek dira plazetako soinu banda.

Euria egiten badu ere, ez dago etenik plazaz plaza dabiltzan musika taldeentzat. Berdin da kanpoan zer giro dagoen, herriko bestak alaitzea da haien helburua. Aurten ere Euskal Herriko plazak soinu txiki edo akordeoiaren doinuz beteko dira, aurrekoetan bezala. Joselu Anaiak taldeak, adibidez, 33 urte daramatza herriko plazetan jotzen. Ez dira nekatzen; eta ez dute nekatuta egoteko zantzurik erakutsi. Bertako taldekide den Joselu Ruiz de Gordoak adierazi duenez (Araia, Araba, 1957), «musika gure bizia da; hura dugu lanbide eta hobby».

Garaiak, ordea, aldatuz doaz. Eta herriko bestek ere aldaketak izan dituzte azken urteotan. Erromeriak krisian daudela zabaldua dago aspalditik; oraingoa ez dela lehengoa bezalakoa, lehen jende gehiago ibiltzen omen zela, eta abar. Mindegia eta Ruiz de Gordoa, ordea, ez dira iritzi horretakoak. Joselu Anaiak taldeko kideak gazteen parte hartzea gero eta handiagoa dela aipatu du: «Belaunaldi bat egon zen plazara joan ordez tabernetara joaten zena». Hala ere, 15-16 urte bitarteko gazteek gero eta gehiago parte hartzen dute plazan; suspertzea gertatzen ari da. Trikidantzeko kide den Mindegiak 12 urte daramatza Euskal Herriko plazak animatzen, taldea sortu zenetik, hain zuzen. Berak jende kopurua plazaren araberakoa dela azpimarratu du. «Plazaren ondoan tabernarik badago» jendea errazago hurbiltzen omen da plazara.

Jendea animatzea gehiegi kostatzen ez dela onartu dute bi taldeetako kideek. Hala ere, «zenbait tokitan mutilek tragorik ez badute» dantzan jartzea gehiago kostatzen zaiela erran du Mindegiak. «Garaia aldatu den arren, jendeak porrusalda eta arin-arina dantzatzen oraindik badaki», erantsi du. Erromeriek arrakasta izaten jarraituko dute haren ustez, «hemengo jendeari musika zuzenean entzutea gustatzen baitzaio». Gainera, Joselu Anaiakeko kideak Ipar Euskal Herrian «asko» dantzatzen dela adierazi du, eta Araban gero eta gehiago dantzatzen dela nabarmendu.

Krisi ekonomikoak, bertzalde, eragina izan du plazaz plaza jotzen dabiltzan taldeetan. «Zoritxarrez, kultura izaten da krisi garaian murrizketa gehien izaten dituen arloa», kexu da Ruiz de Gordoa. Erromeriak murrizketa horiez ez direla libratu aipatu du Joselu Anaiak taldeko kideak. «Gastuetan aurrezteko, herri ttipiek astebururako bakarrik deitzen dituzte musika taldeak». Hala ere, Trikidantz taldeak aurten ez du krisialdia gehiegi nabaritu. «Antzeko kontzertu kopurua emanen dugu aurtengo udan, baina ikusten da bertze taldeek krisia nabari dutela», baieztatu du Mindegiak.

Lanbide guztietan bezala, musikari ibiltarienak ere badu bere alde txarra. Emanaldia hasi aurretik ikusten ez den lan guztia izaten da denetan okerrena: «Herriz herri autoz ibiltzea eta kontzertua prestatzea, hain zuzen». Hala ere, lagun artean egonda momentu latzak aise beratzen direla azpimarratu du Arkaitz Mindegiak. Haren ustez, gustuko aldapan, nekerik ez. Bi taldeko musikariek lanbide neketsua dela onartzen dute, baina «jendearen erantzuna ona bada» ez omen dago nekatzeko betarik. Musika gustura egiten dute. Elkarrekin ordu asko pasatzen dituzten arren, bata bertzearen osagarri bihurtzen dira, familien antzera.

Beren jardunean oinarrizko elementu bat dute hizkuntza: euskara. Eta horrek markatzen die ikuskizunen nondik norakoak. Joselu Anaiak aurrez aurre bizi izan du euskal musikagintzak azken 33 urtetan izandako garapena». Lehen ez zegoen ia euskarazko abestirik, eta guk lan handia egin genuen, abestiak euskalduntzen», dio Ruiz de Gordoak. Orain, ordea, euskarazko abesti ugari dago, baina jendeak jotzen hasi zireneko abestiak eskatzen jarraitzen du. Joselu Anaiaken kontzertuetan ez dira Ai Anselma eta Tximeleta maitea euskarazko hitak falta. Bertzalde, euskara hutsez kantatzeak noizbait herritarren batek aurpegi txarra jartzea gertatu zaiela onartu du Trikidantzeko abeslari eta trikitilariak.

Euskal Herriko plazak Trikidantz eta Joselu Anaiak taldeen doinuz eta kolorez bete dira bertze behin. Aurtengo herriko bestetan, zortzikoa eta porrusalda ez dira falta. Ez dago nekatzerik, dantzan dena emateko prest dauden herritar bestazale nekaezinak atzean baitituzte. Ez dago erromeriak krisian daudela erraterik ere; bi taldeetako musikariek aitortu dute herriko bestak aldatu badira ere herritarrek ez dutela galdu dantzarako zaletasuna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.