Sanferminak

Plazan sortu dute arriskua zezenek sanferminetako lehenengo entzierroan

Lau minutu iraun du entzierroak, bi zezen plazan itzulika hasi direlako. Korrikalari bat adarkadaz zauritu da.

(ID_14053242) ESPAÑA SAN FERMINES
La Palmosillako zezenak, gaur, ibilibidean. Villar Lopez / Foku
Edu Lartzanguren.
2024ko uztailaren 7a
08:23
Entzun

La Palmosilla Cadizko (Espainia) ganadutegiko zezenek estreinatu dituzte aurtengo sanferminetako entzierroak, eta gutxitan ikusten dena gertatu da: zezenetako bik ez dute aurkitu plazatik ateratzeko ataka, eta plazan itzulika hasi dira, hura jendez beteta zegoenean.

Entzierroa, berez, ohi bezala joan da. Azkarra izan da, eta ohiko erorikoak ikusi dira. Igandearekin egokitu da aurten lehenengo entzierroa, eta, horren eraginez, jendetza elkartu da kalean.

Edonola ere, ez da istilu handirik gertatu ibilbidean. Zezenetako bat erori egin da hasieran, baina berehala altxatu da, eta bat egin du taldearekin.

Zezen plazara sartzeko atarian hasi da gaurko entzierroaren berezitasuna. Bi zezen atzeratuta geratu dira, eta arriskua sortzen hasi dira. Edonola ere, bazirudien egoera bideratu egingo zela bi zezenok elkarrekin korrika sartu direnean plazara.

Baina hor gertatu da ustekabea. Beharbada ordurako plazan pilatu den jendetzak eraginda, bi zezenok ez dute ikusi plazatik ateratzeko ataka, eta itzulika hasi dira hondarraren gainean. Arrisku handia egon da, jende askoren aldamenean igaro baitira bi itzulietan. Halere, ez dute jendearen kontra jo.

Plazako bozgorailuetatik korrikalariei eskatu diete ez deitzeko zezenei, eta unaiei uzteko lan egiten animaliok plazatik ateratzeko ahaleginetan. Edonola ere, hainbat korrikalari hurbildu egin dira zezenengana, sokamuturrean ari balira bezala. Plazako ateak itxi egin dituzte, jende gehiago sar ez zedin.

Azkenean, bigarren itzulian lortu dute unaiek zezenak ateratzea.

Zaurituak

Zazpi zauritu eraman dituzte Iruñeko erietxeetara. Kolpeak dituzte zaurituek. Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, korrikalari bat adarrekin aurpegian zauritu dute zezenek. 37 urteko beriaindar bat da zauritua, eta erietxean daukate.

Guztira, 36 pertsona artatu dituzte entzierroan, eta, adarkadaz zauritutako horrez gain, beste bost lagun eraman dituzte larrialdi zerbitzuetara.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.