ATZEKOZ AURRERA. Maitane Aiertza eta Beñat Larrauri. Laket taldeko kideak

«Plazan jendea gozatzen ikustea gustatzen zaigu»

Laket erromeria taldeak musikaz beteko du gaur Donostiako Aitzol parkea. Tolosaldekoek aurreneko aldiz parte hartuko dute Donostiako Aste Nagusian, eta irrikan daude jotzeko.

Laket taldeko kideak, kontzertu batean. Maitane Aiertzak trikitia jotzen du, eta Beñat Larraurik, berriz, tronboia. LAKET.
Naroa Rios
2023ko abuztuaren 15a
00:00
Entzun
Urte asko igaro dira Laket taldea lehen aldiz agertokira igo zenetik. Hasieran, panderoa eta trikitia baino ez ziren; pixkanaka, beste instrumentu batzuekin osatu zuten taldea: baxua, tronpeta, tronboia, gitarra, perkusioa... Hala, gaur egun honako hauek osatzen dute Laket: Maitane Aiertzak (Asteasu, Gipuzkoa, 1986), Beñat Larraurik (Tolosa, Gipuzkoa, 1992), Iñaki Odriozolak, Mikel Sanchezek, Zigor Sagarnak, Jon Guadixek eta Naiara Aiertzak. Guztira, zazpi lagun elkartzen dira, herriko plazetan musika jotzeko.

Nondik dator Laket izena?

MAITANE AIERTZA: Taldekide batek ekarri zuen, Iparraldeko lagun batek proposatu ondoren. Izan ere, laket hitzak gustuko zerbait esan nahi du, eta aproposa iruditu zitzaigun izen gisa jartzeko.

Guztira zazpi lagunek osatzen duzue taldea. Zer moduz konpontzen zarete elkarrekin?

BEÑAT LARRAURI: Kuadrilla giroa dugu. Denbora asko pasatzen dugu elkarrekin. Batzuetan, bazkaltzera, afaltzera eta, geroz eta gutxiago, baina parrandaren bat egitera ere joaten gara. Giro hori pixkanaka sortu da, baina beti izan da ona. Gutxitan izaten ditugu liskarrak.

Herri ezberdinetan bizita, entseguak egiteko nola moldatzen zarete?

AIERTZA: Behin udako denboraldia igarota, elkar ikusten saiatzen gara. Aste barruan ezinezkoa izaten da, bakoitzak gure lana dugulako, eta herri ezberdinetakoak garelako. Neguan, gehienbat, asteburuan entseatzen dugu. Gutxienez, hamabost egunean behin ikusten dugu elkar.

LARRAURI: Zaila izaten da, bakoitzak bere bizia du, eta bere agenda. Azkenaldian, abesti berriak sartu nahian gabiltza kontzertuetan jotzeko, eta horretarako, entseatzea besterik ez dago.

Errutinarik baduzue eszenatokira igo baino lehen?

AIERTZA: Ezer berezirik ez. Beti kafe bat hartzen dugu elkarrekin.

LARRAURI: Bai, musika probaren ondoren elkarrekin afaltzea ere gustuko dugu.

Oraindik urduri jartzen zarete kontzertuak hasi baino lehen?

LARRAURI: Ezetz esango nuke. Plaza askotan jo dugu jada. Egia da beti izaten dela ziurgabetasun eta jakin-min puntu bat, egun horretan zer motatako ikusleak izango ditugun jakiteko. Plaza beteta ikusteko gogoa izaten da, gehienbat. Badugu jada eskarmentua halakoetan.

AIERTZA: Batez ere, plaza berrietan jotzen dugunean gertatzen zaigu hori, publikoa ez dugulako ezagutzen. Aste Nagusikoan bezala, adibidez. Plazak urterokoak izaten direnean, oso lasai joaten gara. Finean, berriro deitzen badigute, gustatu zaien seinale da.

Anekdota bitxiren bat ba al duzue agertokietan?

AIERTZA: Bai, iaz kontzertu bat bertan behera utzi behar izan genuen Villabonan [Gipuzkoa]. Ziztaden ondorioz, emakumeei sexu erasoak egiten zizkietela zabaldu zenean. Erabaki zaila izan zen, baina ez jotzea erabaki genuen. Azken finean, denok gozatu nahi dugu gauaz, libre eta lasai.

LARRAURI: Beste batzuetan, ordea, istorio barregarriagoak izan ditugu. Horren adibide dira espontaneo deritzogunen agerraldiak. Batzuetan, jendea eszenatokira igotzen da, kantatzera. Aurten, pertsona batek ipurdia erakutsi digu kontzertu baten erdian. Alkohola tartean dagoenean, ohikoa izaten da horrelako gauzak gertatzea.

Noizbait jo duzue Donostiako plazaren batean?

LARRAURI: Bai, aurten Gros auzoko festetan jo dugu, eta giroa ezin hobea izan da.

AIERTZA: Kantatu zuten, eta dantza egin ere bai. Egia esan, publiko zoragarria izan zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.