Baionako bestak

«Plaza irabazi dugu»

Umorez eta aldarriz josi dute gazte asanbladak antolatutako bertso saioa. Mateo, Maia, Alcantarilla eta Ibarzabal aritu dira kantuan

Nerea Ibarzabal, Irati Alcantarilla, Jon Maia eta Mizel Mateo artiu ziren atzo Patxa plazako bertso saioan. PATXI BELTZAIZ.
Leire Casamajou Elkegarai.
Baiona
2023ko uztailaren 29a
00:00
Entzun
Eguzkiak Patxa plazako zerua osoki hartu zuen atzo eguerdian. Inguruko jende gehiena itzal bila hasi zen, arbolen eta karparen babesean. Baziren batzuk, hala ere, bertsoagatik eguzki kolpe bat hartzera arriskatu zirenak. Azkenean, aterpe ttipi bat ekarri zieten Baionako gazte asanbladako gazteek. Horiek dira Baionako besta alternatiboen txosnak kudeatzen dituztenak, baita bertso saioa antolatu dutenak ere. Gonbidatuak bi emazte eta bi gizon ziren, bi Hego Euskal Herriko eta bi Ipar Euskal Herriko: Mizel Mateo, Jon Maia, Irati Alcantarilla eta Nerea Ibarzabal.

12:30ean, bertsolariak ez ziren oraino iritsi; 12:50 arte itxaron behar izan zen. Laurak agertu ziren bat-batean, Ekhi Erremundegi gai jartzailearen gibeletik, eta eszena gainera igo ziren. Ohidurazko kadirak bazter batera utzirik, banku gainean jarri ziren.

Bazuten beranta pixka bat, baina bazuten azalpena ere. Saioa hasteko, bakoitzak bere lehen agurra eman zuen; gaia adostu balute bezala, bertso saioraino iristeko jasan oztopoez aritu ziren kantuan. Argitu zutenaz, bestetako segurtasun zerbitzuek ez zituzten sartzen utzi nahi, ez baitzekiten zertara zetozen. Lehen agurra emanik, jarri dira denak.

Erremundegik deiturik, Alcantarilla eta Mateo jaiki ziren lehenak, mikrofonotik hurbiltzeko. Hau zuten gaia: biak gazte asanbladako kideak dira, eta, bestetako bertso saioa antolatzen hasiak direla, jende gehiago erakartzeko estrategietan pentsatzen ari dira. Alcantarillak positiboki eutsi zion hausnarketari, bestetako beste guneei erreferentzia eginez: «Kantitatea daukate haiek, eta guk kalitatea».

Aktualitateko gaiak

Maia eta Mateo aritu ziren ondotik. Saio osoan egin zuen gisara, Erremundegik aktualitateko gai anitz jarri zizkien bertsolariei, Baionako bestei zuzenenean lotutakoak, gainera. Azaldu zuenaz, Espainiako Polizia Nazionala Baionako karriketan ikusi zen saioaren bezperan, ostegunez. Bertsolariei egoeraz zer zioten eskatu zien. Jon Maiak galdera batez erantzun zion gaiari: «Nola da nazionala, ez bada euskalduna?».

Bakarkako gaiaren aldia iritsirik, Alcantarillari zutitzeko eskatu zion Erremundegik. Gaia aktualitatetik harturik, berriz ere, Pirinio Atlantikoetako Prefetak Baionako bestetako asteazkenari buruz argitaratu bilana salatu zuen. Izan ere, prentsa agirian agertzen zenaz, asteazkeneko egun eta gauak giro «goxo eta lasaian» iragan ziren. Alta, sexu eraso bat izan zen. Herriko etxeak ere ez zuen aipamenik egin. Gaia azaldurik, Alcantarillak begiak gehiago zabaldu zituen bat-batean, harridura poxi batez, edo haserrez. Eta bertsoari ekin zion: «Baina eraso bat ezkutatzea ere beste eraso bat da»; «eta ez badakizue ondo portatzen, ez zaiteztela etorri», gehitu zuen.

Saioa aitzina joan ahala, azken agurren garaia iritsi zen. Ohidura den bezala, atzo ere, bertsolariek indarra eman zioten azken puntuari, eta, nola ez, azken agurrarenari. Mateok egungo gertakari bati eman nahi izan zion garrantzia. Izan ere, bertsoak herriko etxeko balkoian ematen zituzten lehen, baina debekatua izan zitzaien: «Balkoia galdu genuen, baina plaza irabazi dugu». Alcantarillak hitz joko batez agurtu zuen plaza: «Jantzi zapi gorria, eta ongi Patxa». Publikoak irriz karkailaka erantzun zion, eta saioa bukatu zen azkenean; bakoitzak zapia lepoan, ongi pasatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.