Plaza bat herri sanferminentzat

Herri Sanferminak plataformak egun bakar bateko besta antolatu du, Iruñeko Udalak ez baitio baimenik eman Alde Zaharrean egunero txosnagunea paratzeko. Deialdiak erantzun ona izan du.

Nahia Fernandez herri bazkariko paella prestatzen. AITOR KARASATORRE / FOKU.
Iker Tubia.
Iruñea
2023ko uztailaren 11
00:00
Entzun
Egun bakar batez bada ere, Iruñeko eragile sozialek plaza hartu dute Herri Sanferminak plataformak antolatutako besta egunean. Iruñeko Udalak urruti nahi ditu txosnak, eta gunea Arrotxapea auzoko Runako parkean muntatzeko baimena baizik ez zien eskaini. Sanferminak erdigunean ospatzen dira, aitzitik, eta azkenean egun bakarrean bildu behar izan dute besta guzietarako beharko lukeen eskaintza. Eguzkiak gogor jotzen zuen arren, ehunka lagun bildu ziren atzoO-ko Andra Mariaren plazan egindako herri bazkarian; are gehiago bertaratu ziren bazkalondoko kontzertuetara.

Goizean goizik lanean hasita, eguerdirako muntatua zuten dena: mahaiak, aulkiak, barra, eta oholtza bihurtutako kamioi bat. Eguzkiak gogor jotzen zuen ordurako plazan, eta goizen ailegatu zirenek lortu zuten lekua zuhaitzen gerizpean. Bazkariak aurrera egin ahala, baina, geroz eta itzal gutxiago zegoen. Nahia Fernandez goiz altxatu zen bazkaria prestatu ahal izateko. Bi paella handi zituen kontrolpean, eta koilara handi batekin eragiten zien. Orain gatz pixka bat, orain ur pixka bat. «Dena ongi joan da, eta uste dut goxoa atera dela. Bero handia egiten du, hori bai; batez ere paella hauen inguruan», kontatu zuen. Hala ere, laguntza izan zuela onartu zuen: «Hau auzolanean egiten da; niri bazkaria prestatzea tokatu zait, eta beste batzuei beste txanda bat egitea. Gainera, asko lagundu naute, eta giro onean aritu gara».

Entsalada eta paella zituzten bazkaltzeko. Erabat begetala egin zuten dena, gainera. «Dena beganoek jateko modukoa da. Aukera eman nahi genion jende guztiari bazkarira etortzeko», esan zuen Fernandezek. Bazkaldu aurretik tantaka hurbildu ziren batzuk, mahaian jarri aurretik txosnan garagardo bat hartzeko. Paula Garcia Herri Sanferminak plataformako bozeramailea han zen, lan eta lan, dena ongi atera zedin. «Itxura ona du», esan zuen plazari ezker-eskuin begiratuta. «Sanferminak herri jaiak dira, eta hiritar guzien artean egiten ditugu; horregatik, garrantzitsua iruditzen zaigu hiriko eragileek eta pertsonek kaleak hartu eta gauzak antolatzea».

Udalarekin bi bilera egin zituzten, eta ez zieten beste aukerarik utzi; Alde Zaharrean egon nahi bazuten, behintzat. «Ez du zentzurik Runako parkera jaisteak; horregatik erabaki dugu egun bakarra antolatzea», azaldu zuen Garciak. Hala ere, heldu den urtera begira ari dira jada, eta «hausnarketa prozesua» abiatuko dute, zer nahi duten eta herri sanferminek nolakoak izan beharko luketen erabakitzeko. «Aurten, egun bakar batez bada ere, garrantzitsua da plaza honetan egotea, eta gure balioak kaleratzea».

Herria versus kapitala

Garciak eredu talka bat dagoela uste du, eta bide horretatik etorri direla Herriko Tabernari, Labari, Katakraki eta beste gune batzuei paratutako oztopoak eta isun mehatxuak. «Udal honek jaiak pribatizatu nahi ditu. Bi eredu kontrajarri daude: eragileek eta iruindarrok egin nahi ditugun herri jaiak, eta UPNk pribatizatu nahi dituen sanferminak. Herriko Tabernari eta Labari jarri dizkieten debeku horiek horren beste adibide bat dira».

Besta gogoz bai, baina aldarrikatzeko gogoz ere bai. Nora Mu-ñoa zarauztarra gogotsu zegoen herri bazkaria hasi aurretik. Leku ona zuten, itzaletan. Iruñean bizi izan zen bi urtez, eta Txantrea auzoko adopziozko kuadrillarekin batera gozatzen ditu sanferminak urtero. «Gobernuan jendilaje hau dagoenetik, badirudi ezin dela ezer egin euskalduna bazara. Zer arazo dago elektrotxaranga batek jo dezan? Zer arazo dago hemen kontzertu batzuk egiteko?», kexu zen. Ez zegoen amore emateko prest, nolanahi ere. «Kalean giro euskalduna sortzeko eta hemen gaudela esateko etorri naiz. Guk ere kalean egon nahi dugu, gure aldarriekin». Horregatik, atzokoa ez zen bazkari huts bat Muñoarentzat: «Hemen gaudela esateko etorri gara. Jai giroan, bai, baina hau indar erakustaldi bat ere bada».

Egun beroa zen atzokoa, eta herri bazkarian egon zirenek bestaz gozatu zuten, baina eguraldiarekin pixka bat sufritu ere bai, halabeharrez. Plaza hori txosnagune izan zen EH Bilduren agintaldian, eta jada ezaguna zutenez gero, gehienak ongi prestatuta joan ziren. Eguzkitako krema eman eta eman aritu ziren asko, eta burua eguzkitik babesteko txanoak, zapiak eta aterkiak eraman zituzten. Eskuz esku banatu zituzten entsaladak eta paella, baita dena bildu ere. The Titanians, Alarma Morea eta Hofe taldeek borobildu zuten eguna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.