Playmobila, euskal kulturaren zati

Peio Agirrek hiruzpalau urte daramatza playmobil moldatuen bilduma osatzen. Berrizko dantzari bikote bat sortu zuen aurrena, eta euskal dantzari eta pertsonaia mitologiko asko egin ditu dagoeneko.

Peio Agirre playmobil berri batekin lan egiten, alboan bilduma duela. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
amaia igartua aristondo
Berriz
2020ko uztailaren 28a
00:00
Entzun
Halako zerbaitek zelan izan dezake hainbesteko arrakasta?». Harrituta dago Peio Agirre (Berriz, Bizkaia, 1969) haren playmobil moldatuen bilduma izaten ari den oihartzunarekin.Duela hiruzpalau urte hasi zen hura ontzen, Andaluziara (Espainia) egindako bidaia baten ondoren. Playmobilekin osatutako prozesioak ikusi zituen han: panpina horien bitartez erreproduzitutako Aste Santuko segizioak. «Bitxia» iruditu zitzaion, eta modu berean bere herriko dantzariak egitea erabaki zuen.

Dantzariekin hasi zen, baina dagoeneko askotariko pertsonaiak batzen ditu bildumak: euskal mitologiakoak, Asterix eta Obelixen komikietakoak, bertako zein atzerriko musikariak... Gai orokorrik gabe egiten du lan Agirrek, eta hurrengo pertsonaia aukeratzeko orduan ez du irizpide jakinik erabiltzen. «Dantzari asko egin ditut, ni ere dantzaria izan naizelako. Musikariak ere pilo bat daude. Argazki bat ikusten dut ordenagailuan, eta hori egitea erabakitzen dut».

Behin egingo duena hautatuta, moldatzeko prozesuak astebete irauten du, nahiz eta eskuko lana, berez, «sei edo zazpi» orduko kontua izan, orokorrean. Margoa lehortzen utzi behar da egun batez, eta horrek prozesua luzatzen du; beste kasu batzuetan, oinarrizko playmobilak ez dituen elementuak gehitu behar zaizkio modelatzeko masaren bitartez. «Txapelak, adibidez, ez dituzte egiten. Ohiko panpina bat hartzen dut, eta behar dituenak sortzen ditut masarekin». Plastilinaren antzera erabiltzen da: nahi den forma egin, eta sikatzen utzi behar da, gero margotu ahal izateko. Zeledonen euritakoa, adibidez, oso-osorik egin behar izan zuen, eta, Basajaunen kasuan, dena masa da. «Horiek denbora gehiago behar dute».

Bildumak sona hartu baino lehen, playmobil bakarra moldatzen zuen astean; orain, bi edo hiru egiten ditu denbora tarte berean, eta hasierakoak baino konplexuagoak dira. Bildumari hasiera eman zion dantzariaren beste erreprodukzio bat izan da egin dituen azkenetako bat, eta, lehenengoarekin alderatuta, nabarmena da aldea: «Lehenengoan, gerrikoa margotuta zegoen; oraingoa, masarekin eginda dago. Hasieran, oso sinpleak ziren, eta gero eta detaile gehiago ari naiz sartzen». Hainbat lodieratako pintzelak, esponja erabiltzea Marijaiaren gona margotzeko... playmobil klasikoak moldatzeko teknologia berriak ditu makulu: «Internet eskola oso ona da halakoak egiteko. Tutorial asko daude».

Eskariak gora

Duela hilabete gutxi arte, playmobilen bilduma afizioa zen Agirrerentzat. Egindako panpinen argazkiak sare sozialetara igotzen zituen, baina berarentzat egiten zituen, ez beste inorentzat. Alabaina, Zuberoako turismo bulegoak Agirrek egindako maskaradetako pertsonaien argazkia partekatu zuen, eta, ondorioz, eskariak jasotzen hasi zen. Hasieran, ezetz esaten zien, baina iritzia aldatu zuen, playmobiletan interes handia zegoela ikusita. Bi hilabete dirapanpinak banatzen hasi zela.

Euskal Herritik heltzen zaizkio enkargu gehienak, baina urrunagotik ere jarri izan dira harremanetan harekin; AEBetatik, hain zuzen. Maskaradetako boskotea eskatu zioten, beste askok bezala, «arrakastatsuenak» baitira bost horiek. «Hara ez ditut bidali, ez dakidalako nola helduko liratekeen. Oso erraz marratzen dira. Normalean, eskuz entregatzen ditut». Hogei euro kobratzen ditu, margoak ordaintzeko batez ere —ez du aurreikusten aurrerantzean prezioa igotzea—. «Ez da nire ogibidea, ez ditut dirua irabazteko egiten. Gainera, hobby bat lan bihurtzen baduzu, galdu egiten duzu».

Azken hiru asteetan enkarguak baino ez ditu egin. «Boom arraro bat» dela uste du, eta, ondorioz, laster bukatuko dela. Hori gertatzen denean, bere bildumarekin jarraitu ahal izango du, lasai. «Hurrengo playmobila dantzariren bat izango da, seguru: Oñatikoa edo Lesakakoa».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.