Pilotan ere etxetik jokatu ahal izango da, aurki Play Stationera helduko baita, baina ezohiko moduan. Pilotaren modalitate bat helduko da: zehazki, frontball-a. Pilotaren alderdi kaletarrena da, eta soilik pareko hormarekin jokatzen da.
Bilboko Relevo estudio enpresa ari da Frontball Planet jokoa garatzen, Gammera Nest ekoiztetxearen laguntzarekin. Hala ere, frontball-a ez da kirol berria: 2008. urtean sortu zen. Daniel Sanchez Play Station Talents eta Frontball Planet programaren koordinatzailea da, eta Gammera Nest estudioaren zuzendaria. Azaldu du urteak daramatzatela bideojokoa mamitzen, 2017an hasi zirela Nazioarteko Euskal Pilota Federazioarekin eta Play Station Espainiarekin lanean, kirolaren ohitura osasungarriak eta gamming arduratsua sustatzeko.
Ez da lehen bideojokoa esku pilotaren modalitatean: horren aurretik Fronton bideojokoa sortu zuen Bainet Komunikazio enpresak; hamar pilotari birtualekin, zazpi pilotalekutan jokatzeko. Bideojoko hori, ordea, ez dago kontsoletara egokituta: sakelakoetarako eta tabletetarako da soilik.
Nazioarteko Euskal Pilota Federazioak (FIPV) esku hartu duFrontball Planet jokoaren erabaki guztietan. Bertako zuzendari Jorge Lopezek azaldu du: «Garai egokian iritsi da, mundu digitala haurren sedentarismoaren aurka borrokatu nahi denean. Frontball Planet bezalako jokoek kirol jarduera bultzatuko dute».
Euskal pilotaren bereizketa
Frontball-a eta euskal pilota bi diziplina ezberdin dira; arauak, jokatzeko moduak, kantxak, eta abar aldatzen dira, baina bi diziplinen artean lotura dagoela esan du Sanchezek: «Frontball-a mundu osoan praktikatzen diren esku pilotako jokoen elkargune gisa definitzen da».
Frontball-a nonahi erraz jokatzeko kirola da; pilota eta horma bat besterik ez da behar. Oinarrizko arauei erreparatuta, kantxa batean jokatzen da, pareko hormarekin soilik, hau da, ez dago ezkerreko hormarik. Hortaz, ez dago hormaren erreboterik. Beste pertsona batekin lehiatuz jokatzen da. Jokalariek pilota hormara bota beharko dute, eta aurkariak pilotari eman beharko dio. Botea ezarritako mugatik kanpo egiten bada edo eskuz ematerakoan huts egiten bada, aurkariari puntu (tanto) bat gehituko zaio. Helburua 20 tantotara heltzea da.
Jokatzean nahiz eta beste baten aurka lehiatu behar den, bideojokoan banaka jokatzeko aukera dago, eta jokalariak (abatarrak) hautatu daitezke: gizonezko bat, emakumezko bat edo robot bat. Gizonezkoa eta emakumezkoa pertsonalizatu daitezke, irabazten dituzten puntuen bitartez, elementuak denda birtualean desblokeatuz.
Planet hitzarekin mundu osoko zazpi kokapeni erreferentzia egin nahi izan diote, zazpi pilotalekuri: Bilbo, Dubai, Madril, Miami, Mexiko Hiria, New York eta Tokio. Horretaz gain, bi agertoki berezi izango dituzte: barneko kantxa bat entrenamenduetarako eta espazioko estazio bat.
Pilotalekuek kale itxura izango dute, pilotaren modalitate kaletarrena delako. Gainera, helburua kirolerako kalea berreskuratzea da, jokoaren leloak dioen moduan: pilota kalean. Sanchezek azaldu du sartu dituzten pertsonaiak eta pilotalekuak lehenak besterik ez direla.
Play Stationek produktua ahalik eta jokalari gehienengana iristea nahi du. Horregatik, bideojokoa Play Station 4 eta 5 kontsoletan eta PCetan lehenetsiko da, baina, ondoren, beste edozein kontsolatara eta sakelakoetara eraman nahi dute.
Jokalariek benetan frontball-ean jokatzen ari direla sinestea nahi dute. Sanchezek esan du horretarako federaziokoekin eta bideojokoetako jokalariekin probak egin dituztela: «Praktika fisikoaren esperientzia oinarri hartuta, bideojoko dibertigarria sortuko dugu jokalarientzat». Horren harira, Lopezek esan du aurreko astean jokoa probatu zutela, Gammera Nest ekoizlearen Madrilgo egoitzan eta Real Madril fundazioaren Campus experience zentroan. «Xehetasunak arindu eta benetako jokora hurbiltzeko balio izan zigun».
Merkaturatzeko prest
Bideojokoa beta fasean dagoela adierazi du Lopezek, baina 2023ko urtarrilean merkaturatzea espero dutela. «Gelditzen zaizkigun hilabeteak erabakigarriak dira, hobekuntzak egiteko eta merkaturatzeko».
Publikoaren interesen arabera, beste gune, herrialde edo jokalari batzuk sartu ditzaketela esan du Sanchezek, «azkenean, bideojokoa jokalariak eskatzen duen neurrian hazten da, eta halaxe eboluzionatzen du». Gainera, ez dute baztertzen etorkizunean pala edo zesta punta modalitateen bideojokoa sortzea: «Baina orain ikusarazi nahi dugun kirolaren arreta desbideratuko luke».
Play Stationen ere pilotan
Bilboko Relevo estudio enpresak bideojoko berria aterako du 2023. urtearen hasieran; 'Frontball Planet' du izena, eta Play Station 4 eta 5 kontsoletarako izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu