Plater hautsiak, historiaren adierazle

Zeramikaren eta arkeologiaren bidez arbasoen historia ezagut daiteke Bibat museoan irailaren amaierara bitarteanInformazio oholez gain, antzinako 75 zeramika pieza ikus daitezke ibilbidean

Gasteiz
2011ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Historian erabilera eta funtzio anitzeko elementua izan da zeramika; gizakien asmakuntzen garaipenetako bat izan daiteke. Buztinez eginiko materialek Neolito garaiaz geroztik gizakiaren egunerokotasunean izan duen garrantzia plazaratu nahian, Gasteizko Bibat museoan Plater Hautsiak erakusketaz gozatzeko aukera dago irailaren 30era arte. Bizkaiko Foru Aldundiko Arkeologia museoak antolatutako ekimenetan, Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan aurkitutako materiala dago. Bilbon egonaldia egin ondoren, Arabako hiriburura eraman dute erakusketa ibiltaria.

Zeramikak historian izandako bilakaerak hainbat gauzatarako erabiltzea ahalbidetu du. Milaka urtez jarraian, gizakien egunerokotasuneko arazoei irtenbidea emateko erabilgarria izan da. Sukaldean, arkitekturan, buztingintzan eta ospakizun erlijiosoetan erabiltzen zuten zeramika. Ekialde Hurbiletik iritsi zen Euskal Herrira material berezi hori. Trebiñuko Mendandia aldean eginiko indusketetan berreskuratu zuten oraindainokozeramika zati zaharrena. K.a. 5500. urte ingurukoa da.

Historia berreraikitzeko aukera emateko, 75 pieza ipini dituzte ikusgai Bibaten. Gehienbat ontziak, pitxer eta txanbilak badira ere, tartean ikus daitezke jolaserako fitxak, teila, adreilu eta ehungailuetarako pisuak. Horien artean dira K.a. 4270. urteko Atxosteko (Araia) pieza bat eta Karrantzako baso oboide handi bat, K.a. 1250-700. urte artekoa.

Atzo goizean egin zuten erakusketaren irekiera ekitaldia, eta bertan izan ziren Malentxo Arruabarrena Arabako Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Saileko jarduneko diputatua eta Asier Madariaga Bizkaiko Foru Aldundiko Arkeologia Museoko ordezkaria. Lan arkeologikoek eta zeramikak historian izan duten garrantzia azpimarratu nahi izan zuen Arruabarrenak: «Buztin egosia baino askoz gehiago da zeramika, gure arbasoen eguneroko bizitza ezagutzen laguntzen digu, 7.000 urtez atzera egiteko gai garelarik». Madariagak esker ona agertu zion Arabako Foru Aldundiari: «Pozgarria da aldundiek elkarlanean erakusketa ibiltaria egin eta Arabako herritarrei ikusgai jartzea».

Aurkezpenaren bigarren zatian, Jose Luis Ibarra erakusketaren komisarioaren eskutik, historiaren aztarnategian murgiltzeko aukera izan zen. Ibilbidean zehar kokaturiko informazio oholetako datuak zehaztuz, erakusketaren nondik norakoak azaldu zituen adituak. «Erakusketa ez da zerbait estetikoa, balio didaktikoa duen lan handi bat da», Ibarrak azaldu zuenez.

Historia, arkeologia

Plater Hautsiak hiru zatitan banaturik dago. Lehen atalean, zeramika noiz, non eta nola sortu zen azaltzen da, gizarteko esparru guztietara eman zuen zabalkundea adieraziz. Bigarren eremuak argi azaltzen ditu zeramikazko objektuak aztertzeko arkeologiak erabiltzen dituen bideak. «Arkeologoen lana ezagutaraztea baita erakusketaren beste helburuetako bat», komisarioaren arabera. Materialari ahalik eta informazio gehien lortzeko aztertu beharreko aspektuak azaltzen dira erakusketan. Buztinari forma eman ondoren, egosketa prozesua, apaingarriak eta aurkitutako testuingurua aztertzen dira. Hirugarren zatiak, berriz, giza taldeen antolamendu sozial, ideologiko eta kulturalari buruzko argibideak ematen ditu.

PLATER HAUTSIAK

Non. Bibat arkeologia museoan, Aiztogile kaleko 54. zenb.

Ordutegia.Astez, 10:00-14:00 eta 16:00-18:30. Asteburuetan, 10:00-14:00.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.