Gasteiztarra da Jorge Gerrikaetxebarria (Aviles, Espainia, 1964),eta Alex de la Iglesiaren film askoren gidoilaria izan da. Gidoi onenaren Goya saria jaso zuen 2009an, Celda 211 filmari esker.
Duela 25 urte El día de la bestia filma estreinatu zen. Alex de la Iglesiak eta zuk idatzi zenuten pelikula hura. Zer du 30 monedas telesailak film hartatik?
Iturri beretik edaten du. El día de la bestia egin genuenean, gure erreferentea The Exorcist (1973) zen. Orduan hasi ginen erlijioarekin eta magiarekin lotutako kontuak ikertzen, baita exorzismoarekin lotutakoak ere. Baina El día de la bestia komedia bat zen, eta gauza asko bidean geratu zitzaizkigun. Garaiko material batzuk berreskuratu ditugu, eta beste asko topatu ditugu bidean. Judasen Ebanjelioa ere erabili ahal izan dugu orain.
Ez da gauza bera gidoiak pelikula baterako edo telesail baterako idaztea. Nola moldatu zarete zortzi atal luzeko fikzioa idazteko?
Ia bederatzi ordu dira, eta kostatu zaigu, film luzeen neurrira ohituta geundelako. Hasieran, urduri eta bizkorregi genbiltzan, baina HBO gainbegiratzen ibiltzea primeran etorri zaigu: lasaitu egin gintuzten; esan ziguten denbora genuela tramak garatzeko. Gogorarazi ziguten ez zegoela dena lehen atalean sartu beharrik. Gero, dezente gozatu genuen. Pertsonaiak garatzeko aukera ematen dizu horrelako telesail batek, baita istorio desberdinak kontatzeko ere. Jokoa ematen du.
Zertan baldintzatzen du istorioa trama gehienak Segoviako (Espainia) herri txiki batean kokatzeak?
Egitura hori sarritan erabili dugu Alexek eta biok: jendea toki batean giltzapetzea, mikrokosmos batean; La comunidad eta El bar filmetan egin dugu, adibidez. Presio eltze baten modukoa da, eta hor lehertu egiten dira usaimenak eta harremanak: denak intentsitate handiagoa du. Honore de Balzacen eleberri batean bezala, gainera, zenbait auzokide itzalean daude atal batean, eta beste atal batean lehen planora azaltzen dira. Baina auzokide guztien gaineko informazioa hartzen du ikusleak, eta horrek lagundu egiten du.
Lehen kritikak oso onak dira. Pozik?
Bai, oso harrigarria da. Pentsatzen genuen zenbait ikusleri gustatuko zitzaiola, baina baita beste zenbaitek zentzugabekeriatzat joko zutela ere. Sekulako harrera ona izaten ari gara.
HBOk ahalmena du promozio indartsua egiteko. Ekoizpena toki askotan jartzen du horrek.
Ameriketako Estatu Batuetako arduradunek lehen atala ikusi zutenean erabaki zuten han ere ematea, eta hori ez da ohikoa. Europako HBOk ekoizten dituen lanak ez dira orain arte eman AEBetako katean: gurea da lehena. Plataformak konturatu dira tokikoa oso unibertsala izan daitekeela. Beste garai batean, definitu gabeko produktuak egiten ziren Europan, non ikusleak ezin duen jakin Bartzelonan edo Londresen zauden, baina horrek ez zuen funtzionatzen. Segoviako herrixka batean gertatzen denak interesa piztu dezake toki askotan.
Alex de la Iglesiak esan du 30 monedas-ek hiru denboraldi izango dituela. Nola bizi duzu hurrengo bi denboraldiak idazteko erronka?
Ari gara bigarren denboraldiko gidoiak idazten, eta badaukagu nolabaiteko mapa bat marraztua. Momentuz, bigarrena egiteko eskatu digute; ikusiko dugu hirugarrena egiten dugun ala ez. Okerrik ezean, udan grabatuko litzateke bigarren denboraldia.
AEBetako joeren eraginez, gaur egun gehiago hartzen al da aintzat gidoilarien lana?
Bai, telebistako gidoilariek eta showrunner-ek balioa hartu dute. Kontua da eduki asko behar dutela; telesailek material asko kontsumitzen dute, eta horrek egiten du gidoilarien papera hil ala bizikoa izatea. Nik ere nabaritu dut profesionalizazioa izan dela; garai batean galdetzen zidaten ea beste lan bat ote nuen.
Genero asko landu dituzu. Zer gelditzen zaizu kontatzeko?
Thrillerra eta komedia ditut gogoko, biak nahastea ere bai. Zorionez, ez dut egin behar izan gogoko ez dudan ezer, eta horrekin zorte handia izan dut. Film pare bat ere amaitzeko bidean ditut.
Jorge Gerrikaetxebarria. Gidoilaria
«Plataformak konturatu dira oso unibertsala dela tokikoa»
Venezian eta Sitgesen txalo artean hartu zuten '30 monedas' telesaila, eta HBO sareratzen hasi da Europan. Gerrikaetxeberria harrituta dago harrerarekin. Urtarrilean AEBetara iritsiko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu