Goiz-goizetik aritu dira lanean urpekariak, Bermeoko portutik (Bizkaia) hondakinak ateratzen: hodiak, zabor poltsak, auto baten bateria elektrikoa, metalezko hesiak... «Iaz, auto bat aurkitu genuen osorik hemen», esan du David Zelaa Gasteizko Urpeko taldeko kideak. «Udaltzainei jakinarazi genien, eta haiek hartu zuten horren ardura. Antza denez, lapurtua zen».
Zero Plastiko Urdaibai izeneko ekitaldi bat egin dute Bizkaiko Urdaibai eskualdean, batez ere kostaldean —hogei kilometro inguru dira—. Helburua: plastikoa kentzea. Eta ez hori bakarrik: «Garbitzeaz harago, gure xedea da herritarrak kontzientziatzea», esan du Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburu Iñaki Arriolak. «Biltzea garrantzitsua da, baina askoz garrantzitsuagoa da ez botatzea».
Eskualdeko biztanleek gogotsu parte hartu dute ekitaldian. 2.500 lagun inguru ibili dira hondartza, padura eta sastraketan, zakua esku batean eta salabardoa bestean, plastikoa biltzen. Horiei gehitu behar zaizkie lantegi berean jardun duten 300 urpekariak, eta beste 300 bat lagun, itsasontzi, kayak, potin eta antzekoetan, itsasotik aritu direnak.
Mikroplastikoen bila
Urpekariek zaborrez beterik ekartzen zituzten zakuak, lehorreratzen ziren bakoitzean. Laida hondartzan (Ibarrangelu, Bizkaia) zeuden boluntarioen lana askoz xeheagoa zen, baina ez garrantzi txikiagokoa: harea bahetik pasatu, eta plastiko zati ñimiñoak —mikroplastikoak— detektatu. «Plastiko zatiak sailkatu, argazkia egin, eta informazioa Azti zentroko zientzialariei pasatzen diegu», azaldu du Maite Alonso biologoak. «Mikroplastikoen arloan oraindik ez dago informazio handirik, eta datu hauek oso baliagarriak izango zaizkie erabakiak hartu behar dituztenei».
Biltze lanak amaituta, parte hartzaile guztiak Madariaga dorrean dagoen Ekoetxera (Busturia, Bizkaia) joan dira. Eider Bilbao Busturiakoa da, eta hamar laguneko talde batean egon da, Mundakako Santa Katalinan, ume zein nagusi: «Inguru hura sarri garbitzen dute, eta nahiko ondo topatu dugu, baina gero beheko partera joan gara, harkaitzetara, eta han gauza gehiago batu dugu: plastikozko edalontziak, paperezko zapiak, lastoak eta abar». Gustura egon dira, eta pentsatzen dute horrelako ekitaldiek kontzientzia sortzeko balio dutela.
Goiz parteko lanak bukatuta, balantzea egiteko garaia iritsi da: zortzi tona zabor bildu dute Urdaibain, plastikoak eta bestelakoak. Festak iluntzera arte iraun du Madariaga dorreko inguruetan, eta bertsolari, musika emanaldi eta antzekoez gain, Lesley Yendell eskultore ingelesak artelan bat egin du, hondakinak erabilita.
ATZEKOZ AURRERA
Plastikozko urpeko mendia
Zero Plastiko Urdaibai izeneko ekitaldi bat egin dute Bizkaiko kostaldean. 3.000 boluntario inguru aritu dira plastikoak eta bestelako hondakinak biltzen: zortzi tona batu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu