Iazko abenduaren 8an ezbehar bat izan zuen Toconao itsasontziak: zamaren zati bat galdu zuen Atlantikoan nabigatzen ari zela. Sei kontainer uretara erori zitzaizkion, eta itsasoan barrena galdu ziren. Horietako batean, plastikozko bolatxo batzuk zeuden: pinportak. Abenduaren 13an, lehen bolatxoak agertu ziren Ribeirako (Galizia) kostaldean, flotatzen, eta, hilabeteren buruan, Galiziako kostaldean zabaldu dira. Hondartzetara plastikozko bolatxoen zaku osoak ere iritsi dira. Ezbeharra izan zuen itsasontziaren datuen arabera, itsasora eroritako kontainerrak plastikozko bolatxoen mila zaku zituen, zaku bakoitzak 25 kilo: plastikozko 25.000 kilo bolatxo inguru erori dira itsasora.
Toconao itsasontzia Algecirastik (Espainia) abiatu zen abenduaren 5ean, Rotterdamgo (Herbehereak) portura bidean, eta bolatxoen kargamentua galdu zuen bidean, besteak beste, eta, itsaslasterren bitartez, Galiziako kostaldera iritsi dira. Plastikozko pinportak oso ohikoak dira: edozein produktu plastiko egiteko beharrezkoa den materiala da. Polietilenoarekin, polipropilenoarekin eta poliestirenoarekin egiten dituzte, eta bolatxo formatuan garraiatzen dituzte. Gero, bolatxo horiek, urtu, eta produktuari eman nahi zaion forma hartzen dute; moldatu egiten dituzte, alegia. Milimetro gutxiko diametroa duten bolatxoak hondartzetan aurkitzea «oso ohikoa» dela esan du Oihane Cabezasek, AZTI teknologia zentroko kide eta itsas teknologia jasangarrietako adituak: «Pinporta horiek kostaldean aurkitzea oso ohikoa da; haizea dabilenean bolatxo horiek ikus daitezke hondartzetan. Ez bakarrik itsasontzietatik erortzen diren bolak, lurrean ditugun industrietatik iristen diren pinportak ere bai».
Pinportak hondarreko inbasore ohikoak direnez, Zierbenako (Bizkaia) Arena hondartzan aurkitu dituzten bolatxoak Toconao itsasontziaren ezbeharraren ondorioz isuritakoak diren edo ez ikertu behar dute AZTI teknologiko zentroan. «Zoritxarrez, ohikoa den kutsadura da. Baina ez dakigu gure hondartzetan dauden bolatxoak Galiziakoak diren», azaldu du Cabezasek. Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuak Bilboko prentsaurrekoan adierazi zuen bezala, «ia ziurra» da kostaldera iritsi diren bolak itsasontzikoak ez direla. Hala ere, Galiziako bolatxoak Zierbenako pinportekin alderatu nahi ditu Cabezasek, «ziurtatzeko bolatxoen jatorria».
«Ez arnastu, eta ez ukitu larruazalarekin, begiekin eta arroparekin»; mezu hori zabaldu du Galiziako Gobernuak. Argitaratu duten txostenaren arabera, pinportek «toxikotasun zantzuak» dituzte, eta itsas ingurunean «eragin handia eta iraunkorra» izan dezakete, baita giza osasunean ere.
Ez-biodegradagarriak
Plastikozko esfera txikiak «oso iraunkorrak» dira ingurune naturalean, Cabezasen arabera, eta ehunka urte beharko dira guztiz desagertzeko. Bolatxoak ez dira biodegradagarriak, eta eraldatu egiten dira: «pixkanaka-pixkanaka», mikroplastikoetan deskonposatuko direla aurreikusi du adituak, eta itsasoko beste elementu kutsatzaile batzuk xurgatuko dituztela. Pinportak zati oso txikietan banatzen dira, eta itsasoan guztiz murgildu. Horregatik, Greenpeace erakundeak adierazi du pinporta horiek denborarekin «arriskutsuagoak» izan daitezkeela.
Etorkizunean zer eragin izan dezaketen ikertzeaz gain, mikroplastiko horien biktima nagusietan jarri dute begirada biologoek eta ekologistek: itsas organismoetan. Izan ere, esfera txikiak janaria diren ustean irensten dituzte. «Horrelako isurketak gertatzen direnean, inpaktu fisikoa da nagusia. Itsasoan ditugun organismo ezberdinek, arrainek edo hegaztiek bezala, bolatxoak jaten dituzte», esan du Cabezasek. Animaliek bolatxo horiek kontsumitzen dituztenean, digestio sisteman blokeoa pairatzen dute, ezin dituztelako pinportak digeritu. Itsas animaliek sabela plastikoz betea dutenez, are gutxiago jaten dute, eta digestio hodia ixten zaielako hiltzen dira. Biktima nagusiak hegaztiak, arrainak, ugaztunak eta dortokak dira, baina beste itsas organismo batzuetan ere ikus daiteke plastikozko bolatxoen eragina; algetan, adibidez.
Bolek flotatzen dutenez, abiadura handian bidaiatzen dute itsaslasterrekin. Plastiko horien zati bat kostaldera iritsiko da, gertatzen ari den bezala, baina beste zati handi bat bistatik kanpo geratuko da; itsaslasterrak itsaso barrura garraiatu duelako, edo haien dentsitatea handitzen denean hondoratu egingo delako, eta itsas hondoan materia organikoarekin korapilatu.
Cabezasen arabera, zaila da itsasoan barneratu diren bolatxo horiek berreskuratzea: «Lehenik eta behin, non pilatzen diren ikusi behar dugu. Itsaslaster ezberdinak mugitzen diren lekuetan ibai batzuk sortzen dira, eta hor dena pilatzen da. Bolatxoak taldeka edo banaka mugitu diren ikertu behar dugu, eta, haizea kontuan hartuz, itsaslasterra nola dagoen aztertu». Horri esker, AZTIko ikerlariek ikusiko dute zer-nolako aukera dagoen pinportak Euskal Herriko hondartzetara modu masiboan iristeko.
Simulazioen eskuz
Pinportak itsasoan hondoratu edo hondartzetara iritsi baino lehen harrapatzea komeni da, Cabezasek aurreratu duenez; ur azalean dauden bitartean jasotzea. Horretarako, arrantza sektorearen laguntza baliatuko dutela esan du adituak: «Plastikozko bolatxoek flotatzen dutenez, arrantzan erabiltzen diren sareak baliatuko dira ur azala garbitzeko».
Euskal Herriko hondartzetan dauden bolatxoen jatorria ikertzeko simulazioak egiten ari dira AZTIn. Hainbat daturen bidez, isuritako materialaren kantitatea, itsas korronteak eta iragarpen meteorologikoak, besteak beste, plastikozko marearen bidea iragarri nahi dute. «Simulazioen arabera bolak oraindik ez direla honaino iritsi, baina ikusi beharko da», esan du Cabezasek. «Oraindik» hitza azpimarratu nahi izan du adituak, oraingoz Euskal Herriko hondartzetan bolatxoen presentzia egiaztatu gabe egon arren, ia ziur kostaldera iritsiko baitira.