Zientzia

Plastikoa etxe eta garraiobide

Kaliforniako kostaldeko itsas espezieak aurkitu dituzte Ozeano Pazifikoko plastikozko zabor multzo erraldoian. Hondakinak habitat bihurtu dituzte. Ikusi dute espezieek uste baino gehiago iraun dezaketela bizirik ozeanoaren erdian, eta inbaditzaile bihurtzeko arriskua handiagoa da.

IItsasotik zaborra biltzeko prototipo bat, The Ocean Cleanup enpresarena, zaborra biltzen Ozeano Pazifikoko Zabor Orban Handian. THE OCEAN CLEANUP / EFE.
jakes goikoetxea
2021eko abenduaren 10a
00:00
Entzun
Badira espezie migratzaileak. Badira, ordea, gizakien utzikeriaren eraginez migratzen duten espezieak ere.

Gizakiak sortutako eta botatako plastikoak igerian ari dira itsaso eta ozeanoetan. Ur azalean eta ur sakonean. Kaliforniako kostaldeko espezieak aurkitu dituzte Ozeano Pazifikoan. Plastikoari, kutsadurari, itsatsita. Plastikoa espezie horien etxe, habitata, bihurtu da. Espezie horien garraiobidea ere bai, berez haiena ez den ekosistema batera bidean. Itsasoetako eta ozeanoetako itsaslasterren mende, munduko ia edozein lekutara irits daitezke, eta espezie inbaditzaile bihurtu, bertako espezieak eta ekosistemak arriskuan jarriz. Ez bakarrik gizakiak jada hartutako kostaldeak; baita eremu babestuak ere.

Halako joerak zabalduz gero, «itsas ingurumenean aldaketa ekologiko nabarmenak gerta daitezke», ohartarazi du Ameriketako Estatu Batuetako Ingurumen Ikerketen Smithsonian Zentroak. Hark egin du ikerketa, eta Nature Communications-en argitaratu du. Gutxi ikertutako fenomenoa da, eta ikerketak erakutsi du kostaldeetako itsas espezieak orain arte uste baino urrunago irits daitezkeela.

Itsasoetako eta ozeanoetako plastiko kutsadura ohiko albiste da; baina, batez ere, animaliek plastikoa jaten dutelako, plastikoan harrapatuta geratzen direlako, organismoetan plastikoak aurkitzen dizkietelako eta plastikoak ondorio kaltegarriak dakarzkielako. Ez da albiste plastikoak espezieen mugimendua eta zabalkundea eragiten duela. Arriskua, baina, gero eta handiagoa da, plastikoaren kutsadura gero eta handiagoa delako. «Ozeanoek eta kontinenteek ezarritako hesi biogeografikoak oso azkar ari dira zaharkituta geratzen: sozialki, ekonomikoki eta, orain, ekologikoki», ikertzaileen esanetan. Ikertzaile batzuek Plastizenoa deitzen diote plastikoaren aroari.

Ingurumen Ikerketen Smithsonian Zentroak Ozeano Pazifikoko Zabor Orban Handian aurkitu ditu kostaldeko espezieak. Izena duen plastikozko zabor multzo erraldoia da, Ozeano Pazifikoaren iparraldean, Kaliforniaren eta Hawaiiren artean. Pazifikoko ekialdeko eta mendebaldeko zabor orbanek osatutako multzoari deitzen zaio. Gizakiak uretara botatako plastikoak, itsaslasterrek harrapatuak, bueltaka-bueltaka ozeanoetara zabalduak eta azkenean elkarrekin pilatuak. Plastikozko kontinente mugikor bat, uraren gainaldean (zabor guztia ez da plastikoa, baina gehiena bai). 1,6 milioi koadroko eremu bat da, 77 Euskal Herriren parekoa, zati handi bat gizakiarentzat ikusezina, mikroplastikoz osatuta baitago. 79.000 tona plastiko inguru. Munduan bost zabor orban erraldoi atzeman dituzte uretan, eta Ozeano Pazifikokoa da handiena.

Smithsonianek Ocean Voyages Institutuaren laguntza izan du. Itsasoko plastikoa biltzen du Ocean Voyages Institutuak. Ehun tonatik gora bildu zituen iaz Ozeano Pazifikoko Zabor Orban Handian, eta zaborraren lagin batzuk eman zizkion Smithsonianeko ikerketa zentroari.

Anemonak, moluskuak...

AEBetako ikerketa zentroak bost zentimetroko diametroa baino handiagoko plastiko zatiak aztertu ditu. Landareak eta animaliak aurkitu ditu hamar zatitik bederatzitan: anemonak, hidroideak, moluskuak, izkiren antzeko anfipodoak (krustazeo mota bat), karramarroak... Kostaldeko itsas espezieak daude hamar plastiko zatitik bostean.

«Aspalditik jakina da kostaldeko espezieak ozeanoetan eta kostaldeetan barrena ibiltzen direla ur gaineko hondakinetan», azaldu dute ikertzaileek. «Baina aspalditik jakina da hondakin naturaletan gertatzen zela: hazietan, zuhaitzetan, algetan eta apar harrietan».

Kontinenteetako espezieak aurkitu izan dituzte uharteetan, eta pentsatzen dute hondakin naturaletan joan direla batetik bestera. Baina uste zuten kostaldeko espezieak ez zirela gai ozeanoaren erdian denbora luzez irauteko.

Gainera, lehen dokumentatutako kasuak laburrak ziren, hondakin naturaletan gertatzen zirelako, biodegradagarriak eta iraupen laburrekoak. Hondakin mota horren kopurua mugatua da kostaldeetan. Ikertzaileen arabera, hondakin horiek ez ziren nahikoak espezieentzako habitatak sortzeko, eta, horrez gain, ozeanoaren erdian ez zegoen kostaldeko espezieentzako elikagairik.

Orain, ordea, ikusi ahal izan dute baietz. Itsas espezieak aurkitu dituzte plastikozko hondakinetan, eta jakin dute denbora luzez iraun dezaketela ozeanoan. Plastikoa bera bestelako hondakin naturalak baino iraunkorragoa baita. Plastikozko hondakinez osatutako uharteak aukera eta habitat iraunkorra dira kostaldeko espezieak batetik bestera mugitzeko eta bizirik irauteko. Urteak pasatu ditzakete bertan bizitzen, eta milaka kilometro egin ditzakete plastikoari itsatsita, ozeanoetako itsaslasterren, olatuen eta haizearen eraginez. Ozeanoaren ur gainaldean urteak egin ditzaketenez, haiena ez den kostalde batera iristeko arriskua ere luzatu egiten da. Oraindik ez dute argitu nola elikatu diren plastikoan aurkitutako espezieak.

«Komunitate neopelagikoak» deitu diete. Espezie ezberdinek osatutako komunitatea da, nahasketa bat: batetik, itsas zabaleko espezieak, pelagikoak, itsasoan flotatzen duten izakietan edo itsas animalietan bizitzeko gai (lanpernak, karramarroak, briozooak...); bestetik, kostaldeetako espezieak, itsasoan denbora luzez bizitzeko gai (anemonak, krustazeoak, hidrozooak...). Plastikozko zaborra bihurtu da haien habitat iraunkorra, plastikoa kolonizatu dute.

Lehendik ere izan dira itsas espezieen mugimenduen edo migrazioen kasu ezagunak. 2011n, Japoniako lurrikara eta tsunamia gertatu eta gero, urak hondakin pila bat eraman zuen arrastan lurretik Ozeano Pazifikoaren iparraldera. Bost milioi tona inguru. Hondakinekin batera, baita Japoniako kostaldeko dozenaka itsas espezie ere. 289 espeziek baino gehiagok 6.000 kilometrotik gora egin zituzten hainbat urtetan. Hondakin eta espezie horiek Ipar Amerikako Pazifikora eta Hawaiiko uharteetara iritsi ziren. Hiru espezietik bi inoiz ez ez zituzten ikusi AEBetako mendebaldeko kostaldean.

Tsunamia ez da bukatu

Hondakinak eta itsas espezieak etengabe iristen ari dira: tsunamiak txalupa bat askatu zuen Japoniako kostaldean 2011n, eta 2020ko maiatzaren 13an iritsi zen Oregon hegoaldeko kostaldera, lurrikara eta tsunamia gertatu eta bederatzi urtera. Ornogabeen hamar espezie zituen itsatsita, guztiak Ozeano Pazifikoko ipar-mendebaldeko kostaldekoak: muskuiluak, briozooak eta isopodoak.

Japoniatik iritsitako espezieak ikertuta ikusi zuten, ez bakarrik urteetan bizirik iraun zutela eta hazi egin zirela ozeanoan, hondakinetan, baizik eta horietako batzuk ugaldu ere egin zirela. Adituek uste baino denbora gehiago iraun zuten kostaldeko espezieek ozeanoan bizirik.

Oraingoz, ez dute ikusi espezie horietakoren batek AEBetako kostaldea kolonizatu duenik, baina urteak behar izaten dira halako fenomenoak egiaztatzeko.

Kostaldeetako itsas espezieek plastiko hondakinetan iraun eta bidaiatu dezakete. Ikertzaileek, ordea, galdera gehiago dituzte erantzunak baino. Ez baitakite beste ozeano batzuetan gertatzen den, nola bizitzen diren...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.