Planetaz arduratuta

Ingurumenarekiko ardurak 190 erakusketari batuko ditu Irungo Bioterra azokan, asteburuan. Euskal Herriko 23 ekoizlek parte hartuko dute

Iaz baino %13 erakusmahai gehiago jarriko dituzte aurtengo Bioterra azokan, Irunen. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Ihintza Elustondo
2016ko ekainaren 4a
00:00
Entzun
Marka guztiak hautsiko ditu aurten Bioterra produktu ekologikoen, bioeraikuntzaren, energia berriztagarrien eta kontsumo arduratsuaren azokak. Asteburuan egingo dute Irungo Ficoba eraikinean (Gipuzkoa), eta inoiz baino erakusketari gehiagok parte hartuko dute: 190ek; iaz baino %13 gehiagok. Horien artean 23 dira Euskal Herriko ekoizleak. Igoera horren arrazoi nagusia da hazi egin dela bioeraikuntzarekin eta energia berriztagarriekin zerikusia duten gaiak biltzen dituen Geobat gunea: iaz baino %45 erakusketari gehiago izango dira atal horretan; orotara, 43.

Geobat gunean Energiaren Euskal Erakundeak parte hartuko du, besteak beste. Egungo proiektu eta laguntza programei buruz informazioa emango dute, eta baita geotermiaz, biomasaz, itsas energiaz eta eraikinetako energia ziurtagiriaz ere.

Bioterra gunean, berriz, nekazaritza ekologikoko ziurtagiria duten enpresek beren produktuak erakutsiko dituzte: oihalak, kosmetikoak, elikagaiak... Guztira, 88 erakusketari izango dira han. Aurten, gainera, Biobeauty gunea sortu dute; besteak beste, kosmetikoen inguruko kontsumo jasangarriaz informatzeko. Naturall guneak osasuna eta ongizatea ditu ardatz, eta atal horretan, 59 erakusketari izango dira.

Bioterraza, lehen aldiz

Badu berrikuntza bat aurtengo azokak: Bioterraza. Bioterraren kanpoko aldean dagoen gune gastronomikoa da, eta, han, sukaldaritza ekologikoaren eskaintza zabal bat dasta daiteke: hala nola jaki beganoak eta talo tradizionalak. Aldi berean, barnealdeko erakusmahaietan ere izango da produktuak probatzeko aukera. Produktuen artean ere bada berritasun bat: Errioxa jatorri izena duen lehenengo erreserbako ardo ekologiko handia aurkeztuko dute.

Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatutako karpa bat ere jarri dute kanpoan, garapen iraunkorraren ereduarekin zerikusia duten eragileei leku bat egiteko: besteak beste, Ecoembes, Ecovidrio, Emaus, Elikagaien Bankua, GHK Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketa, Usurbilgo Lanbide Heziketako Institutua (Gipuzkoa).

Adin eta ezaugarri guztietako jendearentzat da azoka, baina badago bisitari profesionalentzako gune bat ere. Dagoeneko, merkataritza harremanak sustatzeko interesa duten berrehun bisitarik baieztatu dute azokan izango direla. Euskal Herrikoak, Herrialde Katalanetakoak nahiz Espainiakoak dira.

Produktu eta erakusmahaiez gain, bestelako jarduera programa bat ere prestatu dute. Antolatzaileek aurreikusi dute 23 hitzaldi izango direla, zenbait elkartek nahiz administrazio publikok emanak. Hainbat gai landuko dituzte: hirigintzak eta arkitekturak bizi kalitatea hobetzeko duten gaitasuna, energia eraginkortasuna, hormonek eta elikadurak osasunean duten eragina, klima aldaketa...

Tailerrak eta erakustaldiak ere egingo dituzte, helduentzat zein haurrentzat: terapia naturalak, baratze zaintza ekologikoa, konposta egitea... Sukaldaritzaren inguruko gune bat ere egongo da, hitzaldi praktikoekin. Gainera, merienda ekologiko bat banatuko du gaur eta bihar ENEEKek, Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluak.

Bioterra azoka

Gaur, 10:00etatik 21:00etara, eta, bihar, 10:00etatik 20:00etara, Irungo Ficoban (Gipuzkoa).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.