Iruñeko Planetarioa eraiki zutenetik Lurrak hogei itzuli eman dizkio Eguzkiari. Aste honetan ospatzen ari dira urteurrena. Zientzia eta astronomia zabaltzeko lanean jo eta su aritu dira ordutik bertako langileak. Javier Armentia (Gasteiz, 1962) zuzendaria kontent azaldu da egindako lanarekin. Aurrera begirako erronken artean, gazteak erakartzeko beharra azpimarratu du.
Hogei urte igaro dira dagoeneko Iruñeko Planetarioa zabaldu zenetik.
Eguzkiari itzuli bat ematea urte bat da, eta hori eguzki iraultza bat da. Sare sozialetan #20iraultza traola zabaldu genuen, 1993. urtetik 2013. urtera aldatu diren gauzetan pentsatuz. Ez zegoen sakelako telefonorik, faxa erabiltzen genuen, argazkiak errebelatu egiten genituen, Internet, genoma, unibertsoa nolakoa den, planetak, Marterako misioak, teleskopio espaziala... gauzak asko aldatu dira. Eta guk hemen jarraitzen dugu hori guztia kontatzeko.
Ospakizunean bete-betean murgildu zarete.
Urteurrenak konplikatuak izaten dira, egunerokoak jan egiten gaituelako. Larunbatera arte, proiekzio guztiak euro baten truke eskainiko ditugu. Astronomia ikastaro bat egitea ere erabaki genuen, zeruan zer berri den kontatzea maite dugulako. Bestalde, bihar [gaur] gauean zerua ikustera joanen gara Mendigorriara, omenaldi modura. Alegia, planetarioan zerua potoraturik ikusten dugu, baina benetako zerua ikustea maite dugu.
Urte hauetako lanak, baina, ez ditu murrizketen aizturrak kikildu.
Beharretik bertutea egin dugu. Aurrekontuan %92ko murrizketa jasan dugu. Duela bi urte 550.000 euro jasotzetik egungo egoerara, kudeaketa asko zaildu da. Hamabi langile gaude. Orduan, batetik, Caixarekin akordio bat egin dugu, hezkuntza eta dibulgazio jarduerak mantentzeko. Bestetik, azkenaldian ekoizpena gehiago indartu dugu. Bide horrek kolaborazio eta jarduera handitzea ekarri digu, eta zentroko finantzaketan ere lagundu du. Horrekin batera, bestelako instituzioekin ditugun kolaborazio eta laguntza harremanak oso garrantzitsuak dira. Errentagarritasun ekonomikoaren kontzeptutik aldentzen saiatzen gara, guk argi izan dugu beti errentagarritasuna soziala dela. Planetarioak errentagarriak balira enpresa ikuspuntutik, McDonaldsek planetario kate bat izanen luke.
Zer moduz joan dira bisitak?
Guk ere %20ko BEZa dugu, eta asko eragin digu. 630.000 ikasle pasatu dira hemendik urte hauetan guztietan Izar eskola programari esker. Eskolekin hitz egiten dugunean esaten digute ikasleen sarrera ez dela hain garestia, baina kanpotik Iruñera datozenek autobusa ordaindu behar dute. Zeharka BEZak eragiten du, baina baita krisi ekonomikoak ere.
Batik bat ikasleak datoz? Jendeak haurrentzat dela uste du?
Zientzia museo guztiei pasatzen zaigu hori. Asteburuan, normalean haurrak dira gurasoak hona ekartzen dituztenak. Astegunean publiko zabalagoa erakarriko duten jarduerak antolatzen saiatzen gara: konferentziak, tailerrak... Horrekin batera, Anime jaialdia, Telenatura naturari dagokion zinema jaialdia, mendi txangoak, kontzertuak eta abar egin ditugu publiko gazteago baten bila. Jorratzeko dugu gai hori. Batez ere, publiko gazteari interesgarri zaien edukiak eskaintzea. Ulertzen dut egiten duguna hezitzaileago ikusten dela ludiko baino, baina ez da horrela, eta jendea ongi pasatzera etor dadin nahi dugu.
Planetarioan ezaguna den proiektore urdina oraindik hemen dago.
Zaharxeago dago, baina funtzionatzen. Gainerako planetarioetan egiten den moduan, kupula osoan bideo digitala jartzeko aukera dugu. Baina oraindik ere lehengo izarrak baditugu, benetakoak, zerura begiratzeko horiek. Eta maite ditugu, argiak itzaltzean eta gaua egiten dugunean, jendeak oraindik «aaaa» efektua deitzen duguna egiten baitu. Horretan farolak jartzeari uzten ez dioten udalek laguntzen dute. Jendeak ez baitu zerua ikusten.
Orain arteko bideari jarraituz gero, etorkizunean izarrak planetarioan baizik ez ditugu ikusiko.
Orain gehiago hitz egiten da iraunkortasun eta efizientzia energetikoari buruz, kontsumoa jaisteaz. Guk hogei urte daramagu gaua maite dugula esanez. Orain dela bi aste teleskopioak paratu genituen Gazteluko plazan, eta erakutsi genuen zeru pixka bat ikus daitekeela. Pixka bat itzaliko bagenu, gastua neurriz eginen bagenu, aurrezteaz gainera gehiago ikus genezake.
Zailtasunak zailtasun, beste hogei urte betetzeko asmoz?
Langile taldeak ia hogei urte daramagu hemen lanean, eta jarraitzeko gogoarekin gaude. Urteurrenek batzuetan historiak bildu dituzula konturatzeko balio dute, adibidez, 50 ekoizpen baino gehiago egin ditugu. Ez dakit beste hogei urte, baina denboraldi bat bai bederen.
Javier Armentia. Iruñeko Planetarioko zuzendaria
«Planetarioan potoraturiko zerua ikusten dugu, baina benetakoa maite dugu»
Hirietako argiek ezkutatzen duten zerua Iruñeko Planetarioan ikus daiteke. Hogei urte eman dituzte astronomia dibulgatzeko lanetan, murrizketa handiei eutsiz. Hala ere, lanean jarraitzeko gogotsu daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu