Hirietako airearen kalitatea hobetzeko beste modu bat da ecogranic lauzarekin egindako lurzorua. Tuterako PVT enpresak sortu zuen lauza mota hori, 2009an, eta abuztuan proba modura jarri zuten Iruñeko Nafarroako etorbideko bidegorrian: 200 metro luze den lurzoru bat jarri dute ecogranic lauzarekin, Iturramako gasolindegitik ospitaleetarako noranzkoan.
Lurzorua argi naturalarekin «pizten» dela dio Alejandro Toquero PVT enpresako komunikazio arduradunak: «Egunez bakarrik funtzionatzen du. Autoek sortutako nitrogenoaren oxidoak bereganatzen ditu gure lauzak, eta, ondoren, oxido hori nitrato bihurtzen du, landareek egiten duten fotosintesiaren antzeko erreakzio bati esker». Fotosintesi berezi horren bitartez sortzen den nitrato partikula landarediarentzako «onuragarria» dela dio Toquerok. Ecogranic lauzarekin egindako lurzoruan egiten den erreakzioaren bitartez sortutako nitrato partikulak euriaren eta haizearen bitartez garraiatzen dira landaretzara. Hirietako airearen kalitatea hobetzeko helburua duen Life+Respira Europako proiektuaren barneko ekintza bat izan da, eta, PVT enpresarekin batera, Nafarroako Unibertsitateak, Gan-Nik enpresak eta Espainiako energiaren, ingurumenaren eta teknologiaren ikerketa zentroak parte hartu dute.
Proiektua sortu zenetik, 2009tik, Hego Euskal Herrian ez ezik Madrilen ere jarri du ecogranic lauza PVT enpresak. Iruñekoa Nafarroan egiten den lehendabiziko proba da, baina Toquerok adierazi du Tuterako Udalarekin sinatua dutela lurzorua hiriko zenbait lekutan jartzeko akordioa. Iruñeko Udalari ere aurkezpena egin ziotela baieztatu du, baina oraindik ez omen dute inolako erantzunik jaso: «Iruñean egiten ari diren kale berrietan gure produktua erabiltzeko proposamena egin genuen, eta pozik egongo ginateke gure lurraldean lan egiteko aukera bagenu». Jose Abaurrea Iruñeko Udaleko Hirigintza eta Etxebizitza zinegotziak dio beti «tentuz» jokatu behar dela gauza berriekin: «Nafarroako etorbidean jarritako lurzoruaren erangikortasunaren emaitzen zain gaude udalean».
Euskal Herrian eta Madrilen jartzea nahikoa izango ez balitz, lurzoruaren erangikortasuna APP+ ziurtagiriak bermatzen du: produktu bat deskutsagarria dela baieztatzen duen nazioarteko ziurtagiri gorena da. Dena den, Abaurreak esan du Nafarroako etorbidean eginiko probak demostratu beharko duela lurzoruaren eraginkortasuna benetan enpresak azaltzen duena den. Hori horrela izango balitz, zinegotziak esan du aurrerantzean egiten diren hirigintza proiektuetan «kontuan hartzeko» produktua izango litzatekeela. Beste hiri batzuetan ezarri dutela badakitela esan du Abaurreak, baina administrazio bakoitzak bere «funtzionatzeko era» duela. Iruñeko kasuari dagokionez, Abaurreak esan du nahiago zutela lehendabizi lurzoruaren funtzionamenduaren proba bat ikusi: «Lurzoru horren erangikorasuna udaleko teknikariek neurtzea nahi genuen ezer erabaki aurretik. Gogoeta prozesu batean gaude orain».
Prezioa ere izan daiteke hemendik aurrera Iruñean egingo diren hirigintza planetan produktu hau erabiltzeko arazoa. Lurzoru normala baino garestiagoa dela dio Toquerok: «Betiko lurzorua jartzea baino %9 garestiagoa da ecogranic jartzea. Ez zaigu hainbesteko diferentzia iruditzen». Garestiagoa izatea beti «arazoa» izaten dela dio Abaurreak, adiministrazio publikoak hirigintzako proiektuak lehiaketara ateratzen dituelako. Garestiago izanda ere, lurzoruaren ezaugarri onuragarriak demostratzen badira, produktua «kontuan hartzekoa» izango dela errepikatu du Abaurreak.
Leku aproposean
Iruñean ecogranic lurzorua bidegorrian ezarri badute ere, «edozein» lekutan jarri dutela adierazi du Toquerok: «Plazetako lurzoruak eta espaloiak egiteko erabili izan dugu produktua. Bidegorri batean jartzen dugun lehen aldietako bat da hau». Nafarroako etorbidea ecogranic-en eraginkortasuna probatzeko leku aproposa dela diote Toquerok zein Abaurreak. PVTko komunikazio ardunadunak azaldu duenez, ecogranic lauza jartzeko Iruñeko beste leku batzuk begiratu zituzten arren, egokiena Nafarroako etorbidea iruditu zitzaien, auto asko ibiltzen delako eremu horretan: «Nitrogeno oxido ugari zegoen leku bat behar genuen, kutsadura handiagoa den lekuetan eraginkorragoa baita gure produktua». Hori ez ezik, eguzkiari irekitako eremua izateak ere garrantzia izan duela adierazi du Toquerok. «Lainotuta edo itzalpean dagoenean ere funtzionatzen du lurzoruak, baina eguzkiak bete-betean jotzen dionean eraginkorragoa da».
Bidegorrian ezarri duten arren, Toquerok azaldu du aldaketak ez diela eragingo txirrindulariei: «Betiko lurzorua izango da txirrindularientzat. Ez dute aldaketarik nabarituko bertatik igarotzen direnean. Aire garbiagoa arnastuko dute».
Planeta berde bat lortzeko bidegorria
Ecogranic lauzarekin egindako lurzoruak argi naturala erabiltzen du autoen kutsadura hartu eta partikula onuragarri bihurtzeko. Iruñeko bidegorri sarean 200 metro ezarri dituzte, proba modura
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu