Zientzia

Planeta bati eta haren izarrari 'Su' eta 'Gar' izenak jartzea proposatu du astronomo talde batek

NBEren Hizkuntza Indigenen Hamarkadaren harira, Astronomoen Nazioarteko Batasunak eskatu du izenak proposatzeko 20 planetarentzat.

Gliese 486b planeta nolakoa izan daitekeen erakusten duen irudi artistiko bat. RENDERAREA / JOSé CABALLERO / MAX-PLANCK-INSTITUTS FüR ASTRONOMIE
Edu Lartzanguren.
2022ko abenduaren 1a
14:32
Entzun

Gliese 486 du orain behin-behineko izena Lurretik 26 argi urtera dagoen izar batek, eta haren planetetako bati Gliese 486b esaten diote. Baina baliteke hori laster aldatzea, eta sistemari euskarazko izena jartzea. Astronomo talde baten proposamena onartzen badute, Su eta Gar objektuak egongo dira aurki Euskal Herriko zeru gainean.

Hamaika objektu dago espazioan, eta ez da erraza izen egoki bat asmatzea bakoitzarentzat. Nazioarteko Astonomoen Batasunak erabakitzen du zein izen jarri galaxia, izar, planeta edo ilargiei, eta, ebatzi bitartean, behin-behineko izen tekniko batekin egiten dute lan zientzialariek.

Prozesua errazteko, astronomo komunitateari dei egiten dio tarteka batasunak. Aurten ere, hogei exoplanetarentzako eta haien izarrentzako izenak proposatzeko eskatu dute. Nazio Batuen Erakundeak 2022-2032ko tartea Hizkuntza Indigenen Hamarkada izendatu duenez, oraingoan bereziki hartuko dute kontuan proposaturiko izenak hizkuntza indigenetan egotea.

'Su' eta 'Gar' izenak proposatu dituztenen artean daude iaz planeta topatu zuen taldeko Jose Antonio Caballero astronomoa; EHUko Itziar Garate-Lopez, Naiara Barrado Izagirre, Santiago Perez Hoyos eta Agustin Sanchez Lavega irakasleak; eta Pedro Migel Etxenique Landiribar fisikaria. Horrez gain, batasunak eskatu bezala, gizarteko bestelako hainbat ordezkarik bultzatu dute ekinaldia. Tartean dira Kike Amonarriz Gorria, Garazi Andonegi Beristain, Ana Galarraga Aiestaran, Juanma Gallego Moya, Juan Ignacio Perez Iglesias eta Ilaski Serrano Urkidi.

Zergatik 'Su' eta 'Gar'?

Beroarekin loturiko izenak aukeratu dituzte, tenperatura beroak baitituzte Gliese 468 izarrean eta Gliese 486b haren planetan. Izan ere, ezingo litzateke Su planetan bizi, nahiz eta Lurraren modukoa den, han beruna urtzeko moduko beroa egiten duelako. Lurraren masa baino 2,8 aldiz handiagoa da planeta horrena, baina haren diametroa %30 handiagoa da. Beraz, Lurra baino dentsoagoa da (%30 gehiago), eta litekeena da harrizkoa izatea, eta burdinazko nukleo bat edukitzea.

«Euskal mitologian, gainera, etxeko sua etxeko jenioa da, eta mesedeak eskatzen zaizkio. Bereziki sakratuak ditugu Gabonetako eta San Juan eguneko suak», idatzi dute proposamenean. «Gar izan da, bestalde, izarrarentzat aukeratutako izena, gori-gori dagoen gasezko bola bat baita».

Horrez gain, astronomiarako pasioa dutenek su eta gar lan egiteko ohitura dutela nabarmendu dute.

Proposamenak eragin du meme umoretsurik sare sozialetan.

Dena den, proposamena onartuko balute ere, Su eta Gar ez lirateke espazioko lehenengo euskarazko toponimoak. 2002ko irailetik, Galdakao kraterra dago Marten, Xabier Orue-Etxebarria EHUko geologia eta paleontologia irakaslearen eraginez. 35 bat kilometroko diametroko kraterra da, meteorito batek edo beste objektu baten talkak sorturikoa; planeta gorriaren hego hemisferioan dago, Gusev kraterraren ondoan.

Badira euskarak zientziari emaniko beste hainbat izen, tartean Lirainosaurus astibiae dinosauro lerdena, Musturzabalsuchus krokodiloa, eta Parkinsonen gaitzarekin loturiko dardarina proteina.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.