Inma Errea. Iruñeko Udaleko Euskara Zerbitzuko burua

«Pitin bat aspertu egiten naute euskararen aldeko aldarriek»

Idaztea maite du Erreak, eta horrek eraman du kazetaritzan eta itzulpengintzan aritzera. Itzultzaileen «joan-etorriko bidaiak» izan ditu hizpide, eta euskarak Iruñean dituen erronkak.

JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Iker Tubia.
Iruñea
2019ko urriaren 13a
00:00
Entzun
Hizkuntza batetik bestera bizi da Inma Errea (Iruñea, 1960), eta letrez inguraturik. Kazetaria eta itzultzailea da, eta, gaur egun,Iruñeko Udaleko Euskara Zerbitzuko burua. Euskaraz informatu du, liburuak euskarara ekarri ditu, eta orain ere euskararen normalizazioa eta sustapena ditu ogibide. Bere ibilbidea «koherente» ikusten du, beti letrei emana.

Itzulpengintzan, kazetaritzan, idazten... beti letren inguruan ibili zara. Zer garrantzi dute hizkuntzek zure bizitzan?

Erabatekoa, edo oso handia. Neure burua beti ikusi dut hizkuntzei emana: txikitatik, beti izan dut horrelako joera nabarmena. Norberaren inguruabarrek ere markatzen dute. Ni euskara galtzen ari zen familia euskaldun batean jaio nintzen, gaztelaniaz hitz egiten zuten nagusiki, baina nire aitatxi-amatxiek euskaraz egiten zuten. Amak eta izebak galdua zuten, baina osabek eta aitak, ez. Gure belaunaldiari ez ziguten erakutsi. Gaztelaniaz hitz egiten genuen, baina inguruan euskara genuen. Hirugarren hizkuntza baten oihartzunak ere baziren euskararen baitan: etxeko euskalkietan, batez ere Zilbetikoan, frantsesaren arrasto handiak zeuden. Horretaz gainera, senide asko Ameriketara joan ziren lanera.

Harremana bazenuen Amerikako senideekin?

Amerikarren mundu horren oroitzapenak ditut txikitatik. Udan, Zilbetin, nahasketa kulturala izaten zen. Jakin-mina nuen. Aulki txiki batean esertzen nintzen sukaldean, eta entzuten saiatzen nintzen. Informazio dezente lortzen nuen amerikarrengandik.

Euskararik jakin gabe, euskara bazenuen, beraz?

Geroago konturatu nintzen zenbateraino zegoen nire gaztelania euskarak kutsatua. Zerbait arraroa nabaritu nuen Iruñera etorri nintzenean. Oso ongi idazten nuen gaztelaniaz, asko irakurtzen nuelako, baina ikastetxeko moja batek esaten zidan: «Gaztelaniaz arraro egiten duzu». Horrek kolpatu ninduen. Urteak pasatuta, ikaskideek esan didate neska isiltzat nindutela. Uste dut nire baitan isildu nintzela.

Noiz ikasi zenuen euskara?

UBI egiten ari nintzenean, nire inguruko jendea euskaraz ikasten hasi zen. Nik ere egin nuen. Iruditu zitzaidan nire baitako zerbaitekin lotzen zela. Orduan konturatu nintzen zer arraro hitz egiten nuen gaztelaniaz. Noski, nire etxean itzulpenak egiten ziren.

Zer esperientzia izan zen kazetaritza? Zergatik utzi zenuen?

Kazetaritzarekin zapuztu egin nintzen pixka bat. Niri idaztea asko gustatzen zitzaidan, eta kazetaritza lotzen nuen istorioak edo zerbait idatziz kontatzearekin. Gero, konturatu nintzen asko gustatzen zitzaidala irratia, baina Euskal Telebistako oposizioa atera nuen. Telebistan idatzi egin behar da, baina irudien mundua ere badago. Gustatu zitzaidan, baina kazetaritzaren alde iluna ikusten hasi nintzen. Iruñeko korrespontsaliara etorri nintzen, eta modu kritikoan ikusten nuenzein albiste ziren inportanteak eta zein ez. Hasi zen sentsazionalismo olatu bat Espainiako telebistetan, eta hona ere iristen ari zen. Edozein lekutan, lehenbizi kazetaria agertu behar zen, eta gero kontatu. Nik nahiago nuen gertatzen zena kontatu, ni agertu baino. Gainera, gehien gustatzen zitzaidana, idaztea, alde batera utzi nuen.

Orduan erabaki zenuen itzultzaile hastea?

Iruñean itzulpen ikastaro bat eman zuten. Hasi nintzen pitin bat trebatzen eta asko irakurtzen. Beti esaten dut: berriro egin nuen karreraren erdia nire kabuz. Paralelismo handiak ikusten nituen kazetaritzarekin. Itzulpena ere komunikazio mota bat da, eta niri interesatzen zitzaidan, gehienbat. Besteekiko hartu-emana dago oinarrian. Adinak agian badu zerikusia, baina erosoago sentitu nintzen itzulpen lanetan.

Orain, kanpotik, nola ikusten duzu kazetaritza?

Denetarik ikusten dut. Produktu osatuak gustatzen zaizkit, errealitatea sakon xamar aztertzen dutenak eta zintzo jokatzen dutenak. Ez zait gustatzen sentsazionalismoarekin edo gauza batzuk ez esatearekin jolastea. Esate baterako, telebistan asko gustatzen zait TV3. Euskal Telebistarekin kritikoagoa naiz. ETB2k dezente jaten du ETB1en jarduna. ETB1en produktu duin batzuk ikusten ditut: Ur Handitan, 48 ordu... Informazioan lasaitasuna gustatzen zait. Oihuka egiten diren tertuliak gehiago dira ikuskizun, eta ez dute ekarpen handirik egiten. Bitxia da ETB1eko tertuliak ETB2koak baino lasaiagoak direla.

Udaleko lehen itzultzailea izan zinen. Nola izan zen hasiera?

Niri zenbait hasiera tokatu zaizkit. Esate baterako, Euskal Telebistan korrespontsalia antolatzeatokatu zitzaidan 1987an. Udalean, gero, gauza bera gertatu zitzaidan. Berehala ohartu nintzen lan dezente zegoela egiteko, eta, handik urtebetera, errefortzua eskatu nuen.

Interpretazio lanak ere egiten zenituen udalean. Nola moldatzen zinen horretan?

Ez naiz bereziki iaioa; uste dut hobeki moldatzen naizela idatzizko itzulpenetan. Interpretazio zailena da, gainera, gaztelaniatik euskarara. Udalean, egiten zuten zerbait euskaraz, eta, eztabaidan hasi, eta gaztelaniara pasatzen ziren. Horrek esan nahi du itzultzaileak denbora guzian erne egon behar duela, baina, azkenean, ateratzen duen lana ez da hainbeste, eta horrek trebatzea galarazten dio. Nire iritziz, ez da hainbeste egin euskaraz.

Egoera aldatu da? Euskara gehiago aditzen da bilkuretan?

Geroz eta gehiago uste dut, baina ez dakit, orain ez nabil itzultzaile. Lankideek baietz diote, baina ez dakit zenbateraino.

Euskaldunak badaude parlamentuan eta udaletan, baina gero ez da proportzio berean aditzen euskara. Zergatik?

Normalizaziorik ezaren ezaugarri da ohartu gabe modu diferentean hartzea gaztelania eta euskara. Pentsatzen dugu hizkuntza zuzen erabili behar dugula: ergatiboa, sintaxia... Inork pentsatu al du gauza bera gaztelaniari buruz? Ahozkoan baimena dago akatsak eta lapsusak egiteko. Konplexu horren pean, jende askok ez du euskara erabiltzen. Hori dela eta,askotan idatzita eramaten dute. Baina idaztean beste gauza bat sortzen da. Hasteko, idatzizkoa itzultzaileari ez badiote aldez aurretik ematen, oso zaila da itzultzeko. Interpretazioaren aldetik, irakurri gabe hitz egitea oso goxoa eta erraza da itzultzaileak lana ongi egiteko. Gero, hizkuntza ohiturak daude, eta, noski, gaztelaniaz mendeetan zehar espazio publikoetan garatutako erretorika oso bat dago. Euskaraz ez dago hain garatuta.

Beraz, badute lanik politikariek.

Uste dut baietz. Euskaraldia gora eta behera ari gara, baina erabilera da gako funtsezkoena. Pitin bat aspertu egiten naute euskararen aldeko aldarriek. Egin behar dira, baina erabilera da gakoa.

Haserretu zaitezte! liburuak oihartzun handia izan zuen Europa osoan. Hori izan da itzuli dituzun lanetan berezienetako bat?

Oso berezia izan zen. Indigene argitaletxeak baldintza berezi bat jarri zuen: hizkuntza guzietan batera atera behar zela. Bizi izan ditugun gorabehera politiko-sozial asko handik etorri direla uste dut. Orduan itxaropena piztu zuen hark, baina orain ez dakit nola ikusiko genukeen hori. Erronka izan zen, oso azkar egin behar izan nuelako. Hiru edizio egin ziren, eta gauzak zuzentzen aritu nintzen batetik bestera.

Ez zenuen ongi itzuli?

Itzulpenetan gauza asko begiratu behar dira, konprobatu, erreferentzien munduan sartu eta ikertu behar duzu. Aitorpen bat eginen dut: bazegoen espresio bat, inoiz ez nuena entzun: Guerre du Fou. Gerra eroa edo gerraren eroa itzuli nuen. Bigarrenean zuzendu nuen: Frantziako garai historiko bat zen.

Nola heltzen diozu liburu bat itzultzeko erronkari?

Lehenik eta behin, ulertu egin behar da: testua eta testuingurua begiratu behar da. Itzulpen guzietan joan-etorriak daude, eta tentsio bat. Jatorrizko hizkuntzarena ahalik eta modurik fidelenean eman behar duzu, baina ahalik eta fidelen jokatu behar duzu ekarri behar duzun xede hizkuntzarekin. Eta adierazkortasun eta estilo hori zure hizkuntzan berreraikitzen saiatu behar duzu.

Itzultzaile lanetan, zein izan duzu egoerarik zailena?

Bi esanen ditut. Behin, interprete lanetan, ez zidaten euskarazko papera pasatu, norbait irakurtzen hasi zen, eta esan nuen: «Ezin dut itzuli, ez dudalako papera». Beste bat, Iruñeko Udaleko kanpaina bat: Pamplona somos tu. Ordu erdi batean hori euskaraz asmatu behar genuen. Iruña zu zeu, gu geu eman genuen. Publizitatea oso zaila da itzultzeko. Ikastaro batean esan ziguten Ikeak iragarki bat sortzean pentsatzen duela hizkuntza askotan eman behar duela, eta inoiz ez dela okertzen.

Idatziz, euskaratik gaztelaniara itzuli duzu noizbait udalean?

Bai, gehienbat jendearen eskaerak, edo erakunderen batenak. Oso gutxi egiten dira norabide horretan.

Iruñeko Euskara Zerbitzuko burua zara. Zein dira Iruñeak dituen erronka nagusiak?

Orain ikusiko dugu euskararen ordenantza berriarekin zer gertatzen den. Esango nuke ordenantzak elebitasuna sustatzen duela. Orain, aldatzeko asmoa dute, baina gauzak ele bitan ikustea eskubide bat da. Euskaldunon aldetik erabilera da erronka. Bestela, agian, ez gara sinesgarri.

Bestela, euskaldunak %6 direla esaten dute.

Horixe. Badaude gauza gehiago ere. Orain, euskararen dekretuarekin izan den kontu horrekin, batez ere merezimenduan zentratu da debatea, baina nik esango nuke kasik inportanteagoa dela elebitasunarena. Estatuen aldetik, kontraesana iruditzen zait alde batetik esaten dutela hizkuntza batek ez duela zertan estatu bat izan, baina haiek hizkuntza bat, estatu bat dinamikarekin ari dira. Europako estatu handi zahar horiek kontraesan horretan daude.

Urduri zaudete udal gobernu berriarekin?

Urduri baino gehiago, ezjakin. Alderdi sozialistaren papera da funtsezkoena. Eztabaida politikoaren esparrutik atera behar dugu euskara. Ez dadila izan beti besteari eraso egiteko tresna. Berdintasunean badago oinarrizko kontsentsu bat, eta inor gutxi ausartzen da kontrakorik esaten eztabaida publikoan. Hori bera nahiko nuke euskararentzat, baina, zoritxarrez, aire politikoen arabera ari gara. Eta hori oso txarra da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.