Telesailak

Pistola, bisturiaren truke

Filminek ‘Davos 1917’ telesaila estreinatu du, Lehen Mundu Gerrako ospitale giroko espioitza thrillerra. Suitzaren historiako ekoizpenik garestiena da.

'Davos 1917' telesailaren fotograma bat. FILMIN
'Davos 1917' telesailaren fotograma bat. FILMIN
Mikel Yarza Artola.
2024ko maiatzaren 4a
05:00
Entzun

Davos aipatu eta Munduko Ekonomia Foroa etorriko zaie askori burura. Urtero, Suitzako Alpeetan kokaturiko udalerri horretan elkartzen dira nazioarteko gobernu, korporazio eta gizarte zibileko erakundeetako goi agintariak.

Mendez gaindiko atzerako bidaia eginda, ordea, oso bestelakoa da argazkia. Davos 1917 telesailak Lehen Mundu Gerrara darama ikuslea, Erdialdeko Inperioetan eta Aliatuen arteko norgehiagoka betean zaurituak artatzen zituen erreferentziazko ospitalera.

Erizain bat da protagonista, alemaniar soldadu batek haurdun utzi eta, haurra erditzean, lapurtu egiten dioten emakume gaztea. Osasun langileak alaba berreskuratzeko egindako ahaleginak dira kontakizunaren ardatz nagusia, baina tartean hamaika ildo interesgarri daude, gerra, politika eta espioitzari loturiko askotariko geruzak.

Suitzako telebistan emakumezko aktore onenaren saria eskuratu zuen Dominique Davenportek gizatasun handiko interpretazioa eskaini du erizain protagonistaren rolean, une batzuetan intimista, besteetan basati, indar handikoa da bere begirada eta sekulako intentsitate dramatikoa eman dio telesailari.

Haren inguruan orbitatzen duten pertsonaiak, berriz, xake partida delikatuan dabiltza. Erizainaren albora gerturatuko dira mediku adeitsu bat eta ospitaleko paziente bat, itxuraz, haren egunerokoa errazteko. Baina ezer ez da dirudiena, biek erabili nahi dute erizaina euren helburu pertsonalak betetzeko eta, berehala, istorioa azpijokoz eta ezkutuko itunez zipriztinduko dute.

Thomas Mann idazle alemaniar laudatuaren Der Zauberberg eleberria izan da telesailaren inspirazio iturri nagusia. Davoseko ospitalean tuberkulosia sendatzeko egindako ahaleginak dira liburuaren parte; izan ere, mundu zabaleko eliteetako pertsonak joaten ziren bertara sendabide bila.

Giro horretan, Suitzaren tankerako herrialde neutraletan sortu ziren espioitza sare zabalez eta haiek fronte artean mugitzea erraztu zuten moduez ere egiten du gogoeta telesailak. Azken batean, txanpon berberaren bi aldeak biltzen ditu Davosek: gerrako zaurituak artatzen zituzten bertan eta, aldi berean, puntako armak fabrikatzen.

Sei ataletan, zerbitzu sekretuetako barne gatazkak eta osasungintzaren geroa ere esploratu dituzte sortzaileek, baina edozeren gainetik bere bidea urratzen duen emakume baten inguruko istorioa da hau, bisturia pistolarengatik trukatu eta ate jakinak sekretupean zeharkatzera igaro zen erizainaren abentura.

Davos 1917 Europa erdiguneko telesailen eskola jakin bateko parte da eta alor formalean antzekotasunak ditu Bigarren Mundu Gerran giroturiko Unsere Mutter, unsere Vater alemaniarrarekin. Aparteko bokazio zinematografikorik izan ez arren, zuzendaritza, muntaketa, argiztapen eta dekorazio lan bikainek ikuslea hegan eramango dute eszena batetik bestera.

Soinu banda hotza eta labainkorra da, iruditan agertzen diren mendikate izoztuen tankerakoa. Baina protagonista arma eskuan eta kapela buruan ageri den plano bakoitzean, lehen lerrora itzultzen da mendeku sena, elurretako westernaren oihartzuna.

FITXA

  • Sortzaileak. Jan-Eric Mack, Anca Miruna Lazaresc eta Christian Theede.
  • Aktoreak. Dominique Devenport, Jeanette Hain, David Kross, Sunnyi Melles eta Welket Bungue.
  • Herrialdea. Suitza.
  • Urtea. 2023.
  • Non ikusi. Filmin.
  • Atal bakoitzaren iraupena. 50 minutu.
  • Generoa. Thrillerra.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.