Pirotekniarik gabeko telebista

'Tokiz Kanpo' saioa estreinatuko dute asteazkenean Hiru Damatxok eta Islandia ekoiztetxeak

Nagore Legarreta argazkilaria izango da Tokiz Kanpo saioaren protagonistetako bat; Ramon Zabalegi diseinatzailearekin elkartuko dute. HIRU DAMATXO / ISLANDIA.
Edu Lartzanguren.
Donostia
2018ko otsailaren 4a
00:00
Entzun
Hiru Damatxo komunikazio taldeak eta Islandia ekoiztetxeak Tokiz Kanpo saioa estreinatuko dute datorren asteazkenean, Interneten. Bi astetik behin, binakako elkarrizketak zabalduko dituzte. Atal bakoitzak 15-20 minutu iraungo du, eta, oraingoz, sei grabatu dituzte.

Gure Bazka elkarrizketa saioekin oihartzun handia lortu zuen Hiru Damatxo taldeak. «Normalean euskal telebistan tokirik izaten ez duen jendearen berri eman, erritmo pausatuago batekin, eta entretenimendu arinaren logikatik kanpo: hori da geure helburua», esan du Lander Arretxea taldeko kideak. Tokiz Kanpo izena jarri diote saioari, elkarrizketatuak ezohiko lekuetara eramango dituztelako, «haien konfort gunetik ateratzeko». Saioa «etengabeko pirotekniatik kanpokoa» izango dela adierazi du Hiru Damatxo taldeak. «Izan ere, guk nahiko genukeen ikus-entzunezko eskaintza ez aurkitzea izan zen Hiru Damatxo sortzeko arrazoietako bat», azaldu du Arretxeak.

Goiena Telebistak egindako Kulturrizketak saioaren formatua dakar gogora Tokiz Kanpo egitasmoak. Hartan ere, bina sortzaile jarri zituzten eztabaidan, lantegi huts zahar batean. Baina Tokiz Kanpo saioan parez pareko elkarrizketatik «harago» joaten saiatuko dira. Elkarrizketatu bakoitzarekin egon dira sortzeko erabiltzen dituzten lekuak ikusten, eta gero elkartu dituzte. Maite Arroitajauregi eta Maite Larburu musikariak bildu dituzte, Gorka Erostarbe eta Gorka Bereziartua kazetariak, Ander Gortazar eta Jon Ander Agirre arkitektoak, Itxaro Borda eta Miren Agur Meabe idazleak, Telmo Trenor eta Aitor Etxebarria musikariak eta Ramon Zabalegi eta Nagore Legarreta artistak.

«Egoera bitxiak sortu dira», Arretxearen arabera. Horietako batean, Borda eta Meabe Lekeitioko (Bizkaia) arraunlarien gimnasioan sartu dituzte: «Horrek badu bere kontrastea». Musika elektronikoa egiten dute Etxebarria El Txef eta Trenor sortzaileek, eta horiek eskultura klasikoen museo batean jarri dituzte. «Elkarrizketatuek geure kontra egin dutenean atera dira piezarik onenak, guk planteatutako harietatik atera direnean», nabarmendu du Arretxeak.

Islandia ekoiztetxearekin

Tokiz Kanpo saioa Islandia ekoiztetxearekin egin dute Hiru Damatxokoek. Udan sortu zuten ekoiztetxea Amaia Badiolak, Laida Aranburuk eta Ander Merinok. «Tokiz Kanpo egitasmo honen harira sortu dugu ekoiztetxea», esan du Badiolak. Sortzaile baten inguruko «dokumental txikia» egitea proposatu zien hark Hiru Damatxokoei, eta, azkenean, binakako elkarrizketak egitea adostu zuten. Garai bateko estetika ere eman nahi izan diote saioari: magnetoskopio zahar bat erabili dute hainbat irudi hartzeko, «amateur ukitua emateko». Ez da erraza izan zinta magnetiko zaharrekin lan egitea, Badiolak esan duenez, efektu digitalen bidez ere lor baitaiteke irudi hori: «Baina gu analogikoak gara».

Asteazkeneko lehen atalean, Arroitajauregi eta Larburu Eibarko (Gipuzkoa) saltoki handi baten parean elkartuko dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.