Deustuko Unibertsitatean eta EHUn irakasle gisa ibili da Iñaki Agirregomoskorta (Bilbo, 1955). ETBn lanean egon ostean, Euskaltelen hasi zen, eta, 2010etik hona, Donostiako Aste Nagusiko su festetako epaimahaian dago.
Nola hasi zinen epaile gisa?
Suen babeslea da Euskaltel. Ordezkari bat behar zuten, eta niri galdetu zidaten. Lehenengo urteetan, Euskaltelen izenean egon naiz, baina, aurten, beste ordezkari bat dago; libre nago orain.
Nolakoa izan da esperientzia?
Oso pozgarria, pila bat ikasi baitut. Suak sakontzen eta irizpideak zeintzuk diren ikasi dut: erritmoa, kolorea, konposizioa, soinua, nola botatzen duten...
Zenbat epaile zarete?
Zazpi epaile gara. Epaile gazteek erritmoari eta soinuari ematen diete garrantzia. Esperientziarekin, dotorezia gehiago baloratzen dut. Suak ikusiz ikasten da epaile ofizioa. Aurten berezia da, kultur hiriburutzako ordezkariak ekarri direlako. Bulgariatik etorri da bat, Sofiatik; eta Lisboatik ere etorri dira, kultur hiriburu izan zelako. Piroteknia munduan oso garrantzitsua da Donostiako su lehiaketa. Europan erreferente da, dudarik gabe. Etxeek egiten duten esfortzua oso handia da; aurten ikusten da.
Nolakoa da jendearen erantzuna?
Jendearen txaloek eragin pixka bat dute gugan. Herrikoia den sua harrigarria izan daiteke, baina irizpide teknikoak ere hor daude. Donostiarrek asko dakite; egunero egon dira suak ikusten 50 urtean. Jendea ohitu egin da, eta suak baloratzen ditu. Jai egitarau barruan ekintza merkeena dira suak; zenbat jendek ikusi dituen eta zenbat kostatu den zatitzean, musikak baino eragin handiagoa dute. Suak ikusteko, ezustearekin eta magiarekin gozatzeko prest egon behar duzu, umeak bezala. Azken urteetan, maila handia mantendu da, eta teknologia aurrerakuntzarekin dago lotuta. Baina suak gero eta berdinagoak dira.
Ikusten al dituzu Euskal Herriko beste suak?
Bilbokoak urtero ikusten ditut, eta diferentzia izugarria dago agertokian. Agertoki hoberena da Donostiako badia. Gero eta hobeak dira Bilboko suak. Gasteizkoak ez ditut ikusi. Piroteknian, enpresa garrantzitsuenetako bat Bizkaikoa da; Areatzakoa da Astondoa, eta 100 urte baino gehiago ditu. Araban, Valecea enpresa garrantzitsua dago.
Nola bizi duzu Donostiako Aste Nagusia?
Goizez, hondartzara joaten naiz egunero. Lehengoan, erraldoiak ikusi nituen adibidez; aurten, Bilboko, Gasteizko eta Iruñeko erraldoiak egon dira. Txistularien alardea ikusten dut, ahal badut. Gaueko ikuskizunetara ez naiz joaten normalean. Musika Hamabostaldira joaten naiz behin edo bitan.
Tradizioa bihurtu da suak ikusi eta gero izozkia jatea.
Bai, dudarik gabe, oso elikagai aproposa delako udarako. Berehala kontsumitzen da izozkia, eta su artifizialak ere berehala bukatzen dira. Momentuko artea da, bat-batekoa. Izozkia jatea gustatzen zait, baina ez dut derrigorrean hartzen.
Zer da donostiarra izatea?
Kalitatezko bizimoduarekin lotzen dut Donostia. Garestia da hiria, baina goi mailakoa da. Hondartza eta mendia ditu, erraza da leku batetik bestera joatea, autobus zerbitzu garestia baina ona dago... Kalitate hori jasan dezakeena ondo ibiliko da, eta horrek markatzen du izaera. Bilbo baino txikiagoa da Donostia, eta bizitza pribatua egitea zailagoa da hemen.
Etorkizunera begira, erronkarik baduzu? Eta antolakuntzan?
Aurten, plataforma erabiliko dute itsasoan suak botatzeko. Lehiaketan berrikuntzak sartzea ondo dago, eta horrek izan behar du erronka. Ikasten jarraitu nahi dut, ez bakarrik suekin, gauza guztiekin.
ATZEKOZ AURRERA. Iñaki Agirregomoskorta. Donostiako Aste Nagusiko su festako epailea
«Piroteknian, garrantzitsua da Donostiako su lehiaketa»
Donostiako suak Europan erreferentzia direla uste du Agirregomoskortak, eta etorkizunean antolakuntzan berrikuntzak egitea nahi du. Hirian jendeak suak baloratzen dituela gehitu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu