16:45 dira, eta badirudi batzuei luze egin zaiela itxaronaldia: abordatzean parte hartuko duten piratak kaiko aldapara gerturatzen ari dira, arrapaladan: «Lasai egon! Portua ez doa inora. Gogoratu hau ez dela lehiaketa bat», diote antolatzaileek, bozgorailuetatik. Piraten pankartaren atzean jarri dira, bostak iritsi arte.
Baltsak, berriz, txintxo-txintxo daude uretan, piraten zain. Goizean prestatu dituzte, nork bere tresnak eta trikimailuak erabilita: paletak, erroskilla formako flotagailuak, haizez beteriko zakuak... Eta, nola ez, aldarriz beteriko banderak: erraustegiaren aurkako mugimenduaren ikurra, Etxera dioten oihal zatiak, ikurrinak, feminismoaren ikurra... Ikusleak ere portuan zain, prest. Gazte batek lagun bati azaldu dio zertan datzan abordatzea: «Hau da Donostiako Aste Nagusiko ekintzarik onenetako bat».
Suziria 17:03an bota dute, eta parte hartzaileak igerian hasi dira, baltsetarantz. Erorikoren bat edo beste ere izan da tartean, ez baita erraza baltsa batetik bestera, ur gainean, orekari eustea. «Begira, han dago Uxue. Orain ez ditut ikusten!», esan dio emakume batek gizon bati, portuan.
Pixkanaka hasi dute Kontxarako bidea, baina ez dute askorik iraun osorik: bridak erdibitu, eta paletak banandu zaizkie askori. Iraultzeak ere izan dira. Lortu dute lurreratzea, hala nola bada ere. Aintzane Sarobe eta Endika Mertxan lasartearrak (Gipuzkoa), adibidez, erroskilla itxurako flotagailuak bata bestearekin lotuta irten dira, beste hainbat lagunekin batera. Bederatzitik zazpi flotagailuk amaitu dute puztuta: «Uste baino hobeto joan da. Lehen aldia genuen, eta gustatu zaigu. Hasiera kaos hutsa izan da, baina, hala ere, ondo pasatu dugu», esan du Mertxanek.
Joane Lizarrondo, Nahia Olarra eta Naroa de la Granja, berriz, Antigua auzokoak dira, eta bigarren urtez parte hartu dute. «Txikitatik ikusi dugu telebistan, eta gurasoekin etortzen ginen ikustera. Beti izan dugu parte hartzeko gogoa, eta, orain, gure txanda da», adierazi du Lizarrondok. Iaz baltsa eraiki zuten, baina ez zen osorik iritsi. Hortaz, aurten flotagailu bana jantzi, eta igerian joan dira.
Txalupa «abordatu» egin dute Irati Telleriak eta beste bi lagunek. Donostiarrak dira, eta hirugarren abordatzea dute. Bost flotagailu lotu dituzte goizean, arratsaldean abordatzean parte hartzeko. Igerian iritsi direnean, baina, ez dute aurkitu. Antzerako bat hartu dute, eta horrekin egin dute aurrera. «Hirugarren urtea izan da, baina kostata iritsi gara. Ez geneukan palarik, eta hori ere lapurtu dugu». Iritsi dira, ordea, eta hori da garrantzitsuena.
Goizeko saioa
Goizean goiz atera diren korrikalariekin batera iritsi dira Donostiako piratak portura. Itsasoko ura ajeari aurre egiteko ona dela diote batzuek. Piratek egia ote den frogatu dute. 09:30ean geratu dira gazteak eta ez hain gazteak baltsak prestatzeko. Horretarako, hiru txanda antolatu dituzte, bakoitza ordu eta erdikoa. Berrehun baltsa inguru izan dira abordatzean. «Flotatzea espero dugu, eta, bestela, beste taldeak abordatzen saiatuko gara!», azaldu du Aitor Perez de Arenazak, Galact Boat taldeko kideak. Banbuarekin osatu dute euren baltsa.
Flamenkara, hau da, portuko arrapala dagoen gunera iritsi aurretik, proba batzuk igaro behar izan dituzte piratek. Aireportuetan bezala, ilarak egin behar izan dituzte. Baltsak egiteko materialak egokiak diren aztertu dute antolatzaileek. Izar Hernando antolatzailearen hitzetan, probak «ezinbestekoak» dira debekatuta dauden materialak aurkitzeko. «Uretan, arriskutsuak izan daitezke zenbait elementu».
Intza Zabalo Groseko Ubarroiak kofradiako kidea da. Aurtengoa du lehen abordatzea, eta urduri dago. «Bazkarian urduritasuna joango ote da?», galdetu du. Antolatzaileen arabera, lehen urtean ohikoa da urduri egotea. Gipuzkoako hainbat tokitatik etorri dira piratak. Horren adibide da Usurbilgo (Gipuzkoa) Sorkunde taldea. Puntuan heldu dira taldeko piratak. Neskek amonaren koltxoi zaharra erabili dute baltsa egiteko: «Puztu, eta flotagailuz inguratuko dugu. Mugituko ez den beldur gara». Flotagailuak erosteko aukera eskaini dute Flamenkan.
Udako haizeek ekarritako turistak harritu aurpegiarekin begiratzen diete piratei. Txaleko horidun antolatzaileek azaldu dizkiete abordatzeren nondik norakoak. Era berean, bozgorailuetatik musika jarri dute portua girotzeko. «Jarri Mundu berri baten mapa, mesedez», oihukatu dio neska talde batek musika arduradunari.
Piraten erokeriak
Batzuek azkenera arte itxaron dute taldearen izena adosteko. Beste batzuek, ordea, argi zuten hasieratik beretik. «Guk Bay Wach [hondartzako begiraleak] izena dugu; izan ere, behin agure bat salbatu genuen hondartzan», azaldu du mutil talde batek. Izenak ez dira, ordea, piraten erokeria bakarra. Pirata talde batek, esaterako, panpina bat eramango du abordatzera: «Koko izena jarri diogu. Atzo irabazi genuen, Antojitoren Tonbolan», adierazi du beste pirata talde batek.
Ane Gerendiain Harrera Sareko kidearen hitzetan, abordatzea mezuak zabaltzeko aukera ere bada. «Harrera Sareak, SOS Arrazakeriak eta Hestia elkarteak kalean daudenekin abordatuko dugu». Gazte etorkinak dira gehienak. Aurreko urtean ere izan ziren Piraten abordatzean. Noredine Ben taldeko kideak familiakoak oroituko ditu: «Baltsarekin, Marokora egingo dut pirata bidaia; han daudenen alde egiteko asmoz».