Helduek bezala, Donostia abordatu eta pirata trebe nahiz ausartak direla erakutsi dute umeek. Aurtengo Aste Nagusian ere Donostiako Piraten jantzia jarri eta Gipuzkoako hiriburua abordatu dute. Guztiek ederki pasa dute egun osoko festa koloretsuan.
Atzo eskaini zieten piratek umeei eguna. Eguneko ekitaldi nagusia 17:30ean izan zuten, orduantxe egin baitzuten abordatze txikia kaian, Aquariumaren parean. Ekitaldia izugarria izan zen, ordua baino lehen jada kai inguruak haurrez, gurasoz eta pirataz beteta zeudelako. Eguraldia lagun izan zuten, lainoen gainetik eguzkia zelako nagusi.
Zirkuitu lasterketa batek osatzen zuen abordatzearen ibilbidea. Pirata gaztetxoak zazpi multzotan banatu zituzten, eta multzo bakoitzeko zazpi talde osatuta, bakoitzak txalupa puzgarri bat hartu eta kaiaren ertzera joan behar izan zuten; han, bi kolorez osatutako zapi bat aurkitu behar izan zuten, hain zuzen ere, talde bakoitzari zegokiona.
Haurren artean emozioa zen nagusi. Esaterako, lehen txandan elkarrekin ibili ziren Iñigo eta Ibai Etxeberria aita-semeak: «Primeran pasatu dugu», zioen semeak: «Irabazi egin dugu nahiz eta zapiak hartzerakoan nahastu egin garen». Oihana Ibarguren, berriz, irrikaz zegoen abordatzeko bere txandaren zain: «Amarekin irtengo naiz, eta sekulako gogoa daukat», zioen irribarrez. Eta kanpotik etorritako pirata euskaldunak ere izan ziren han; Fatimetu Jatra, adibidez, Saharakoa da, eta Unai Kijera arduradunak gidatzen zuen txalupan irten zen: «Esperientzia polita izan da; merezi izan du», esan zuen Jatrak.
Pirata antolatzaileak ere pozik zeuden; Olatz Etxabe pirata laguntzaileak, adibidez, oso balorazio positiboa egin zuen egunaren inguruan: «Oso pozik gaude; eguraldiak ere lagundu egin digu, hortaz, egun polita izan dugu». Idoia Altuna Pirata Bihurrien kofradiako kidea, berriz, megafoniaz ari zen abordatzearen berri ematen, hura ere pozik zegoen: «Helburuak bete egin ditugu».
Abordatzearen ostean, eguna ondo amaitzeko, txokolate janizugarria egin zuten La Flamenkan pirata guztiek.
Goizean ere festa giroan
Hala ere, pirata gazteek goizean ere izan zuten ondo pasatzeko aukera. Altunaren esanetan, goizeko eguraldi txarra ikusita, ekitaldiak egiteko «arazoak» izango zituztela uste zuten. Zorionez, ordea, eguraldiak eutsi egin zuenez, goizeko hamaiketarako haur asko zeuden La Flamenkan, ekitaldietan parte hartzeko prest.
Lehenik, haurrak pirataz janzteko tailerra egin zuten, eta haurrez gain, piratek zein gurasoek ere ondo pasatu zuten: «Umeak beti ibiltzen dira pozik horrelako ekintzetan», zioen Altunak. Guztira, 30 boluntario inguru zebiltzan lanean: «Jendearen erantzuna oso ona izan da. Lanean gabiltzan batzuk piratak bagara ere,espresuki gaurko egunez lanera etorri dira hainbat boluntario».
Masailean orbainak marraztuta, ezpata formako puxikekin jolasean ari ziren Libe Guerra eta Uxue Gorosabel: «Oso pozik gaude eta abordatzean parte hartzeko gogoa daukagu». Ondoko mahaian, berriz, Oier Azpillaga kartoizko kataloxa bat egiten ari zen: «Abordatzean garrasi asko egingo dut, benetako piratek bezala», zioen. Kartoi mehezko loro bana marrazten ari ziren Peru Legaria eta Bittor Gaztelu: «Abordatzean gure lagun hauekin irtengo gara», zioten.
13:00 aldera, pirata gazteak zein helduak kalejiran joan ziren Alde Zaharreko Ikatz kaleraino, buruhandien laguntzarekin. Behin han, San Ferminetako entzierroetan bezala, piraten entzierroetako abestia kantatu zuten, eta jarraian, txupinazoa bota zuten. Orduan, pertsonaia koloretsuak atera ziren, eta umorezko entzierro baten bidez itzuli ziren La Flamenkara. 14.:00etan abordatzerako indarrak hartzeko, herri bazkaria egin zuten, eta ondoren, berriz, kanta jolasak.
Donostiako Aste Nagusia
Pirata txikienen indar handia
Donostiako Piratek antolatutako egitarauaren barnean, etxeko txikienak izan dira protagonistak. Abordatze izugarria egin dute. Zazpi multzotan banatutako zirkuitu lasterketan parte hartu dute. Bestelako ekitaldi ugaritan parte hartzeko aukera ere izan dute, besteak beste, entzierroan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu