Donostiako Aste Nagusia 

Pirata txikien festa handia

Bihurriak kofradiak antolatu du haurrentzako Bihurrien Eguna, eta ehunka pertsona bildu dira Donostiako kaira, haur eta familientzako antolatu duten festara. Aurtengo abordatze txikiaren planteamendua aldatu dute antolatzaileek, partaideen arteko kooperazioa sustatze aldera.

Gogoz ibili ziren haurrak uretan zapi zuriak lotzeko. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2016ko abuztuaren 19a
00:00
Entzun
Haurrak ere Pirata! leloaren pean ospatu zuten atzo haurrek Bihurrien eguna. Haurrentzako jardueren eguna Bihurriak kofradiaren eskutik izan ziren aurten ere: jolasak, bazkaria eta abordatze txikia. Aurtengoan, 204 partaide izan ziren abordatzean, eta haurrek ez zituzten izan inolako trabarik helduak bezain beste jardueraz gozatzeko.

Aurten, abordatzearen ikuspegia aldatu dute antolakuntzatik, eta jolas kooperatibo gisa planteatu dute Bihurriek. Baltsetan banatutako haurrek elkar abordatu baino gehiago, kaian jarritako soka bati lotutako zapi zuri bat hartu behar zuten, baita uretan zeuden kortsarioei aurre egin ere.

Abordatze txikirako 17:00etan zuten hitzordua haur eta familiek, baina aurreko ordua Ane Piratak girotu zuen, pirata txikien itxaronaldia errazteko. Saltoz eta kantuz ospatu zuten haurrek haien eguna, eta Bihurrien txaleko berdea ikusten zen nonahi. «Gehien gustatu zaidan kanta Maite zaitut izan da», azaldu zuen irribarrez Ane Elustondok.6 urteko haurrak ez zion utzi lagunekin dantzatzeari ezta une batez ere.

Abordatzerako gogoa nabarmena zen, ordea, eta 16:30erako kaia aldera hasi zuten martxa haur eta gurasoek. Toallaz, bainujantziez eta txankletez hornituta abiatu ziren familiak, trikitidoinuekin batera, baita bertaratu ziren hainbat turista harriturekin ere. «Giroa jarraitu dugu, eta, egia esan, ikuskizuna oso bitxia iruditu zaigu, baina haurrentzako primerakoa da», esan zuen Robert Chairman ingelesak.

Kaia ehunka pertsonaz bete zen, eta abordatze txikiari hasiera eman zioten 17:00etan. Boluntarioek prest zituzten jada haurrentzako baltsak eta txalekoak. Askok ezin izan zioten gogoari eutsi, eta haien txandaren aurretik uretan sartu ziren, lau urteko Mikel Zabala, esaterako. Errezildik (Gipuzkoa) etorri zen Zabala, Gorka Tolosarekin batera. «Azken txanda egokitu zaigu, eta uretara sartu gara abordatzearen aurretik», azaldu zuen Tolosak. Etxetik ere haien baltsa ekarria zuten, badaezpada. Abordatzearen aurrean, zapi zuria lortuko zuela baieztatu zuen ziurtasunez Zabalak, haren txanda noiz egokitu zain zegoela. «Kontzertuan ere egon gara dantzan», azaldu zuen Zabalak. Haurrek baltsen gainean ekin zioten kortsarioei aurre egiteko erronkari, eta gogotsu jaso zuten merienda, amaitu ostean.

Jarduera Bihurriak kofradiakantolatu dute aurten ere. «Jada badira bost bat urte abordatze txikiarekin hasi ginela», azaldu zuen Uxue Santiagok kofradiako kideak. Kofradiako beste kideen antzera, txaleko berdea eta irribarrea zeramatzan soinean Santiagok. «Urte osoan hogei kide inguru izaten gara lanean, baina Aste Nagusirako jende asko gehitzen zaigu: kuadrillakoak, beste kofradietako kideak, aisialdian ibiltzen diren begiraleak... Oso pozgarria da». Laguntzera animatzen diren kideak etorkizunera begira haien ordezko izango direla ere nabarmendu zuenBihurrien kideak, besteak «erretiratzen» direnerako.

Aurtengo abordatzean batzuk lehorrean geratu diren arren, horrek ez die kendu jardueraz gozatzeko aukera, han eskainitako tailerrekin, esaterako. Uzuri Berasartek hiru urte ditu, eta izeba Yoli Berasarterekin batera joan zen abordatzea ikustera: «Aurten ez da posible izan; ea hurrengo urtean animatzen garen», esan zuen Yoli Berasartek. Donostiako kaian haurrei ere leku egiten dietela erakutsi dute Piratek, eta haurrentzako abordatzean aritzeko arazoa ez dela adina.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.