Egun hotz eta euritsu baten ostean, atertu du, eta ilunabar dotorea gelditu da. Argi gutxiago dagoela, gehiago nabarmentzen dira Mozolomendiren inguruan jarritako su txikiak. Halako batean, iritsi dira Annika eta Tommy anai-arrebak, opari eta guzti. Egurrezko etxe txiki bat da, baina funtsean gozokiak gordetzeko kutxatxo bat da. «Inoiz egin didaten oparirik onena da», eskertu die keinua Pippi Kaltzaluzek, berak prestatutako opariak eman aurretik. Halakoa da neskato pekatsu ilegorri hori, istorioak txor, txor eta txor kontatzen dituena, eta bere urtebetetze egunean ere badu zerbait prestatua gainerakoentzat. Erregina bezain pinpirina, bai neska indartsu, eskuzabal eta atsegina. «Hemen ez daukagu ohitura hori», esan dio Annikak. «Bost axola. Nik nahi dudana egiten dut beti», erantzun dio Pippik. Baloi bat eta harmonika bat oparitu dizkie lagunei. Festa borobiltzeko, kandelaz eta azukrez jositako pastel bat eta frutak jan dituzte, Nelson Jaunarekin eta Osaba Txikirekin batera. Badaezpada, tarta zati bat gorde dute, beste norbait etortzen bada. Mundu guztia dago gonbidatuta; nork ez du ezagutzen Pippi?
«Zer edo zer badauka neska ilegorri horrek», hasi da Nerea Zendoia Elexpuru EITBko haurren edukien arduraduna. «Klasiko bat da, eta fantasiaz, abenturaz eta umorez josia dago. Gainera, protagonista haurra da, eta identifikatuta sentitzen dira». Baina ez da nolanahiko haurra: «Nortasun handiko neskatoa da. Oso ausarta da, indartsua, dibertigarria... eta oso askea. Bere arauak ditu, inork ez dio esaten zer egin behar duen edo nola egin behar duen, nagusiek jarritako arauetatik aparte dabil, ez du baimenik eskatzen, bere erabakiak hartzen ditu... Nahi duena jaten du, ez doa eskolara, animalien laguna da... Estereotipoetatik aldendu egiten da. Nork ez du Pippi izan nahi?»
Asun Agiriano Arrasateko haur eta gazteen bibliotekako liburuzain eta Pippi Kaltzaluzeren zale amorratuak beste gako bat nabarmendu du: Pippiren itxura. «Oso identifikagarria da, ez delako ohikoa. Azenario koloreko ilea, mototsak, berak jositako soineko koloretsua...». Ingrid Vang Nyman ilustratzaileari aitortza egin nahi izan dio, bide batez, harenak baitira ilustrazio originalak; halere, bere ilustrazioen mundu mailako ospea gorabehera, Vang Nymanek ez zuen Astrid Lindgren idazleak bezainbesteko errekonozimendurik jaso.
Alabari kontatutako istorioetan du jatorria Pippi Kaltzaluzek. Lindgrenen 7 urteko alaba pneumoniak jota zegoenean, amak istorioak kontatzen zizkion. «Izena oso eroa zen, eta istorioak bide bera hartu zuen», esan zuen Lindgrenek. Urte batzuk geroago, istorio horiek bildu, eta liburua alabari oparitu zion urtebetetze egunean. Behin eta berriz eta horren gustura irakurtzen zuenez, Stockholmongo Bonniers argitaletxeari era masiboan argitaratzea proposatu zion Lindgrenek. Baztertu egin zuten ideia, Albert Bonnier editoreak esan zuenez, Pippi lotsagabeegia iruditu zitzaiolako aita baten ikuspegitik. Urte batzuk geroago onartu zuen damututa zegoela. Azkenean, Raben & Sjogren argitaletxearen lehiaketa batera aurkeztu zuen ideia Lindgrenek, eta irabazi egin zuen. 1945. urtea zen.
Berehalakoa izan zen arrakasta. Azkar zabaldu zen Europan barrena, eta handik, mundu osora. Euskal Herrira 1950. urtean iritsi zen, iparraldera. Hegoaldean debekatuta egon zen hainbat urtetan, frankismo garaiko zentsurarentzat onartezina zelako halako pertsonaia bat. Halere, euskaraz irakurri ahal izateko are gehiago itxaron behar izan zen. David Urbistondok eta Joxan Ormazabalek egin zituzten itzulpenak, Elkarren Xaguxar sailerako.
datuak
170
Zenbat milioi ale saldu diren. Pippi Kaltzaluzeren liburu originalak hiru dira: 'Pippi Kaltzaluze', 'Pippi itsasorako asmotan' (1946) eta 'Pippi Hegoaldeko itsasoetan' (1948). Denera, 170 milioi ale saldu dira.
85
Zenbat hizkuntzatara itzuli duten. Eleaniztuna da Pippi. Unescoren arabera, 85 hizkuntzatara baino gehiagotara dago itzulita. Euskaraz ez ezik, frantsesez, gaztelaniaz, alemanez, ingelesez, portugesez, swahiliz, zulueraz edo uzbekeraz irakur daiteke.
Agirianoren ustez, euskara atzean gelditzen ari da. Esan du urteurrenak aitzakia ona direla edizio berriak argitaratzeko —2020. urtean saldu zen Pippiren liburu gehien, 75. urteurrenarekin batera—, eta, gainera, euskaraz aspaldi ez dela horrelakorik egin. «Album formatuan argitaratuko nuke: azal gogorrarekin, ilustrazio berriekin, koloretan... Gaur egungo haurrentzat», proposatu du. «Idatzi izan diet hainbat argitaletxeri, baina, zenbait arrazoi tarteko, ez da posible izan». Kalandraka argitaletxeak, adibidez, galegozko edizio bat atera berri du 80. urteurrenaren harira.
Liburuetatik pantailetara egin zuen jauzi Pippik, 1969. urtean. Horrek ere arrakasta izan zuen, eta gaur egun ere badu. «Makusin gehien ikusten diren hamar edukien artean egoten da beti, eta kontuan izan behar da betiko ekoizpena dela. Ez da aldatu ez irudia, ez bikoizketa, ez ezer, baina arrakasta dauka oraindik ere. Belaunaldiz belaunaldi arrakasta du», azaldu du Zendoiak. 2003. urtean eman zuten Pippi lehen aldiz Euskal Telebistan, eta, orduz geroztik, emisioan egon da ia etengabe, hainbat plataformatan.
Balioak
Agirianoren eta Zendoiaren ustez, oso ondo zahartu da Pippi. «Gaur-gaurko pertsona bat da. Haren mezuak gaur egun ere balio du», esan du Arrasateko liburuzainak. Bat dator Makusiko arduraduna: «Haren nortasunak hasieran zuen zentzu apurtzaileari eutsi dio». Garaiak ez ote dira horrenbeste aldatu?
«Arrakastaren gakoetako bat Pippiren balioak dira. Autoestimua, ausardia, emakumearen ahalduntzea... Oso interesgarriak dira», esan du Zendoiak. Horregatik, feminismoaren sinbolo bat bilakatu da Pippi. «Ez dio zuzenean matxismoari aurre egiten, baina haren jokabideak eta pentsaerak bat egiten dute feminismoaren helburu batzuekin», osatu du Agirianok.
Umorean ere jarri du arreta liburuzainak. Pippiren irudiak malenkoniatsua dirudien arren, eta bakarrik eta gurasorik gabe bizi den arren, umore handiko lana da, azpimarratu duenez. «Ohituago gaude umore ingelesera, umore zuzenago batera, baina hor ere badago umorea».
Pippik beste hainbat idazlerengan ere izan du eragina. Christine Nostlinger idazle austriarrak, adibidez, behin baino gehiagotan onartu du Pippik influentzia handia izan duela bere lanetan. Berak idatzitako lanen artean, besteak beste, Konrad edo kontserba poto batetik atera zen haurra nabarmentzen da. Euskal idazleen artean, Mariasun Landak ere behin baino gehiagotan goraipatu du Lindgrenen obra.
Idazlea izan nahi ez zuen Bestseller idazlea
ASTRID LINDGREN
Astrid Lindgren Suediako hego-ekialdeko Vimmerby herrian jaio zen, 1907. urtean. Ericsson zuen orduan abizena. Bi ahizpekin eta anaiarekin haurtzaro eta gaztaro harmoniatsuak igaro zituen, familia maitekor batean. Haurrak gehiago zeuden etxetik kanpo barruan baino, eta ahal zuten guztietan jolasten ziren. Astridek aurrerago esango zuen bere familian bi printzipio zeudela neba-arrebak hezterako orduan: askatasuna eta segurtasuna. Eta printzipio horiek defendatuko zituen bere bizitzan zehar egindako idatzietan, eleberrietan, kazetaritza artikuluetan, ipuinetan, gutun ugarietan eta zenbait diskurtsotan. Lingerd eskola garaian hasi zen nabarmentzen idazteko dohainengatik, baina ez zuen idazlea izan nahi. Horregatik, administrazio arloko ikasketak egin zituen, eta, besteak beste, kriminologo eta Suediako zerbitzu sekretuetako agente lanetan jardun zuen.
Vimmerbyko egunkari batean ere egin zuen lan, kazetari gisa, artean ikasketak bukatu gabe zituela. Nagusiarekin maitemindu zen, eta haurdun gelditu. Adulterioa eta bien arteko adin diferentzia zirela eta, lege arazoak izan zituzten, eta gizarteak ere bizkarra eman zien. Bakarrik izan zuen haurra, eta harreran eman zuen, harik eta, azkenean, urte batzuk geroago, berriz hartu ahal izan zuen arte. Garai hartan garatutako kezka, erru eta maitasun sentimenduek betirako markatu zuten, eta handik aurrera haurren zoriontasunaren alde aritu zen.
Guztira, ehundik gora dira Lindgren zenak idatzitako liburuak, eta horien arteko gutxi batzuk besterik ez dira Pippiren abenturetan oinarrituak. 1958an Anderssen saria jaso zuen Lindgrenek, eta 1994an, Nobel alternatiboa.