Kolore berdea eman dio batek zeruari. Mendi bat marraztu du berdez hurrengoak. Hirugarrenak, berriz, txoriak irudikatu ditu hegan. Eta, horien gainean, «Askatasuna... denentzat! Orain!» idatzi du azkenak. Martuteneko emakume presoek egindako margolan bat da, arte terapiako saioetan: ziega barruko sentimenduak kanpora ateratzea da horien helburua. Margolan hori eta beste hainbat lan bildu dituzte Donostiako Loiolako Kultur Etxean. Urtarrilaren 26ra arte egongo da erakusketa zabalik.
Maddi Goikoetxea eta Sara Galan artistak izan dira saioen gidariak. «Elkarrekin egin ohi ditugu proiektuak, eta, ikertzen ibili ondoren, pentsatu genuen kartzelako emakumeak aproposak zirela horrelako metodologia bat jasotzeko, nahikoa egoera zaurgarrian baitaude», azaldu du Goikoetxeak. Gipuzkoako Foru Aldundiko Olatuak diru laguntza programara aurkeztu zuten proiektua, eta onartu egin zieten.
Hogei bat saio egin dituzte, orotara: irailean egin zuten lehena, eta abenduaren 29an azkena. Teknika ugari landu dituzte: pintura, collagea, marrazketa... Galan arte plastikoetan aritzen baita, eta Goikoetxea, berriz, literaturaren eta antzerkiaren arloan. Denek balio dute, ordea, barneko sentimenduak adierazteko; hori baita arte terapiaren funtsa: materiala bitarteko bat da, barruan duten hori ateratzeko. Hostoak, eskutitzak, aldizkarietako hitzak edo buztina horretarako tresna bat dira, ongizate emozionalerako bidean.
Hasieratik, espazio seguru eta intimo bat sortzen ahalegindu dira tailerretan; izan ere, bazekiten korapilo ugari izango zituztela. Galanek kontatu du «erabat bakartuta» daudela transmititu dietela, eta arratsaldeetako jardueren falta sumatzen zutela, «esploratzen utziko dien zerbaitena». Erantsi du zailtasunei aurre egin deitela eta, azkenean, haien esker ona jaso dutela: «Emakume horietako askok ezin dute ia ondo komunikatu ere, kanpokoak direlako. Artea hori da, adierazi ahal izatea idatzi gabe, edo hizkuntza ondo menderatu gabe ere».
Inprobisazioa
Egun bakoitza sorpresa bat zen, bertako testuinguruak asko baldintzatzen duenez emakumeen egoera, inprobisatu egin behar izaten zutelako. «Inoiz ez dakigu zer egoera topatuko dugun. Askotan gertatu zaigu iritsi eta esatea: ‘gaur ez da hori egiteko eguna’. Giroagatik, eta inguru emozionalagatik», esan du Goikoetxeak. Kontatu dutenez, beste ariketa mota bat egiten zuten, edo, askotan, soilik hitz egin eta entzun, horixe behar baitzuten une horretan: lagun egitea.
Eta lagun egite horretan, ohartu dira badagoela gai bat bereziki azaleratzen dena euskarria edozein delarik ere: familia. Goikoetxeak adierazi du genero arrakalaren erakusgarri dela. «Hori presente dago obra guztietan: haien seme-alabak, amatasuna... Hori da haien drama, egia esan; beti presente daukatena, min handi bat».
Bi artistek hasieratik argi zuten erakusketa sortutako lanekin egingo zutela, eta bereziki eskertu dute Iker Tolosa kultur etxeko zuzendariaren inplikazioa. Ikusgarritasuna eman nahi izan dietela aldarrikatu du Galanek: «Ahotsa eman nahi izan diegu, beren istorioak kontatu ditzaten. Ezin badira haiek atera, gutxienez haien istorioak atera daitezela».