Baionako bestak

Pintxo goxoen gosea asetzeko

Patxa plaza pintxoen plaza bilakatu da, lehen aldiz. Gazte Eguna kari, orain arte bazkaria egin ohi baitzuten. Lan zama ttipitzea zuten xedea: balorazio ona egin dute antolatzaileek

Patxa plaza pintxoek hartu dute lehen aldiz. GUILLAUME FAUVEAU.
Ainize Madariaga
Baiona
2022ko uztailaren 31
00:00
Entzun
Baiona ttipiaren bihotzerainoko ibilaldia aski epikoa izan da: karrika tinkoetan norberaren xendra egitea ez baita berezkoa, zabaldu behar baita bidea tai gabe. Alta, behin Patxa plazan urratsa egin eta, berreskura daiteke arnasketa. Giro lasai eta abegikorraren harrerak egonarazten du jendea. Itzalguneak badira, jartzeko mahai eta bankuak, musika atsegina, jendearen arteko solasak ahalbidetzen dituen dezibelio heina... Zerua begiratuz gero, Euskal Herrian Euskaraz, feminismoaren ikurrak, burujabetzaren aldekoak, Nafarroako bandera... airoski dabiltza haize firfira goxoari dantzan. Hasiak dira jendeen begitarteak zinez unatzen; begi zuloak, betazalak astun, larru gorritu narritatuak, ile desorraztuak, ahoa idor. Ezagun da Baionako bestak ontzen hasiak direla, hasmentako freskotasunak baititu honezkero lau egun.

Gazte Asanbladako Lukas Hiriartek ez du buruko minik, bozak alde egin badio ere, buru-belarri ari da txandetan lan egiten Patxa plazan. Egungo egunez, Gazte Eguna kari, usaian bazkaria antolatu ohi zuten; aurten, ordea Gozo gose pintxo trago ezarri dute martxan. Hiriart izugarri kontent da jendeak berritasunari egin baitio ausiki: «Orduan bazkaria antolatzen genuen, baina eskatzen zuen lanari konparatuz, ez zen hainbeste jende biltzen. Aurten, aldiz, sinplifikatu dugu: pintxoak eginarazi ditugu. Ez da erreserbatu behar, zutik jan daiteke, hauta bada... Gainera, merke saltzen ditugu: euro batean. Giroa sortzen du, jendea badabil: bikain!».

Diru irusa

Gazte Asanblada Baionako bestetatik sortu zen, 2018an. Bi urtez bestarik ez egon izanak eten ekonomikoa eragin badio ere, Hiriart ez da arranguratua: «Diru ederra bildu izan dugu, horri eske urtean zehar lasai ibiltzen ginen gaualdiak antolatzeko, dirua galtzen bagenuen ere tarteka. Beste elkarte batzuk ere sostengatu ditugu. Kolpea bildu badugu ere, ezin erran larria izan denik, egokitu garelako eta gaualdiak antolatzen lortu dugulako. Diru mailan orekatuak egon gara. Hala ere, aurten on eginen digu dirua sartzeak!». Gauzak hola, Gazte Asanbladak deliberatu du prezioak ez emendatzea, badakite ez dutela «usaiako dirutzarik» bilduko. Salmentak sekula baino hobeki doaz: «Harrigarria da gertatzen ari dena: sekula baino garagardo gehiago saldu dugu. Hemen giro onean gaude zinez».

Nahia Etxeberri Larzabalek zerbitzatu berri du pintxo bat: «Jendeak zinez maite du!». Orotara zortzi dira hautan, zinez landuak dira: berdela; arroltzea eta atunaren gainetik piperra; Baionako xingarra; odolkia eta sagarra; tortilla; ilar biribil krema eta xingar puskak; gasna kremaren gainetik pikillo krema eta txorizoa...

Jon Iriartek ere gogotik zerbitzatu dizkie lagunei: «Errazkiago jaten da, eta jende gehiagok badu jatekoa, bada mugimendu gehiago».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.