Pilotu tartetxo batez

Bost minutuz F-18 hegazkin bateko pilotu edo 1 Formulako gidari sentitu nahi duenak aukera izango du, larunbatetik aurrera, Eureka Zientzia Museoaren simulagailu gelan.

Simulatzaileak larunbatean zabalduko dituzten arren, aurkezpenean probatzeko aukera eman zuten. GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2012ko otsailaren 16a
00:00
Entzun
Gazte askoren ametsa da noizbait lasterketetako auto bat gidatzea. Are gehiago 1 Formulako autoa bada. Gutizia garestia da, ordea; gutxi batzuen eskuetan dagoena. Eureka Zientzia Museoak horretarako aukera eskainiko du bada, larunbatetik aurrera.

Noski, ez da benetako 1 Formulako autoa, baina, benetako auto batek sortzen dituen sentipenak sortzen ditu. Behin gidatzeko lekuan sartutakoan, Alemaniako Nurburgring zirkuituko Ferrariren boxean aurkituko da bisitaria. Benetakoaren berdintsua da bolantea, martxa bakoitzean hartzen diren erreboluzioak adierazten dituzten argi eta martxak aldatzeko botoiekin; eserlekua, parekoa, hankak luze luze egin eta mugitzeko betarik ematen ez duena. Zirkuitua, berriz, irudikatua; horretarako elkarri lotutako hiru pantailetan. Behin boxetik atera eta zirkuituan, kosta egiten da autoa pistan mantentzea, benetako gidarien teknikak menderatu behar baitira.

Azeleragailuari eta balaztari eragitean, benetako auto baten tankeran mugituko da simulagailua; baita bihurguneetan azeleragailuari gehiegi sakatu eta zibarena egitean ere. Dardara ugari eta abiadura handiaren sentipena ziurtatuta dauka Eureka Zientzia Museoko simulagailu gelara biltzen den edozeinek.

F-18 hegazkina

Lurretik baino airetik joatea nahiago dutenentzat ere badago non ibili. F-18 gerrarako hegazkina da larunbatean zabalduko duten beste simulagailuetako bat. Europan bigarrena da Eureka Zientzia museokoa, Ingalaterrakoaren ostean, eta 360ºko birak emateko aukera du. Hegazkinak inoiz gidatu ez dituenarentzat zorabiatzeko modukoa izan daiteke lehen saioan; baina behin martxa hartutakoan, gozamena izango da zeruan zehar ibiltzea. Gainera, eserlekuen alde bietan dauden gailuek etsaiak tirokatzeko aukera eskaintzen dute, hegazkina bideratzeaz gain.

Funtzio nagusia, berriz, F-18 hegazkina simulatzea da, baina gailuak beste bidaia batzuk ere irudika ditzake; esaterako, errusiar mendi baten gorabeherak.

Bi simulagailu horiez gain, beste bat ere zabalduko dute larunbatean; azken hori txikiagoentzakoa. Orion du izena simulagailuak, eta txanda bakoitzeko lau lagunentzako edukiera du. Hiru dimentsioko pantaila batean sei eremu birtual aurki daitezke, eta, joko askoren bitartez, puntuak eskuratzea da helburua.

Aurreko bi simulagailuetan ez bezala, Orionen 4 urtetik gorako edozein haur sar daiteke. 1 Formulako eta F-18 hegazkinaren simulagailuetan, ordea, 14 urtetik gorako eta 1,20 metro baino garaiago diren pertsonak ibil daitezke.

2005ean ekin zion Eureka Zientzia museoak simulagailuak ekartzeari; aurrenekoa, kamioi bat gidatzeko kabina izan zen. Bisitarien interaktibitatea bultzatzeko asmoz, pixkanaka, geroz eta simulagailu gehiago jarriz joan dira, eta, gaur egun, bost simulagailu daude 350 metro karratutan banatuta.

Gehitu berri dituzten simulagailuak «ikusgarriagoak, interaktiboagoak eta oso bereziak» direla adierazi du Ignazio Zuzuarregik, Eureka Zientzia Museoko zuzendari nagusiak. «Simulagailuak ekartzen hasi ginenetik bisitarien eskaria handituz joan da, eta horri erantzun egin behar diogu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.