Santiburtzioak Leitzan

Pilotariak bertsotan hasi dira

Abel Barriolak eta Oinatz Bengoetxeak bota dute Leitzako txupinazoa. Banderarik ez da izan mastan; beraz, herritarrek ikurrinak atera dituzte udaletxeko balkoietan. Gaur ezpata dantza eginen dute, bestetako egun handian.

Oinatz Bengoetxea eta Abel Barriola, atzo, Leitzako jaiei hasiera ematen. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS.
Iker Tubia.
2017ko abuztuaren 11
00:00
Entzun
Ezohiko itxura zuen atzoplazako frontoiak Leitzan (Nafarroa). Egurrezko hesiak inguraturik, lurra harez estalirik, agertoki bat, erraldoiak eta jende anitz inguruan. Pilotariak kantxan ez, udaletxeko balkoian ziren, eta horiek ere ezohiko itxura agertu zuten. 18:00etan, Abel Barriola eta Oinatz Bengoetxea blusa beltza jantzita atera ziren jendaurrera, eta mikroa hartuta bertso bat bota zuten puntuka. Ondoren, suziriari su eman, eta eztandak iragarri zuen besten hasiera. «Oso-oso berezia eta polita izan da bi pilotari bertsotan ikustea», esan zuen Julian Zabaleta kultura zinegotziak.

Jende anitz elkartu zen plazan, eta soilik banderek faltatu zuten. Zabaletak azaldu zuenez, arazorik ez izateko mastan ez zuten ikurrik haizatu. Iaz ere halaxe egin zuten. Hala ere, balkoietan ziren hainbat herritarrek ikurrinak erakutsi zituzten, baita euskal presoak etxeratzeko eskatzen zuten banderak ere. Besta hastearekin batera, erraldoiak dantzan hasi ziren, eta berehala abiatu ziren kalejiran.

Suziriaren aurretik, oso kontent agertu zen Barriola, Bengoetxeari eta hari emandako aukerarengatik. «Herri bakoitzak momentu bereziak ditu, eta bat festetako txupinazoa botatzea da. Oinatzek eta biok botako dugu, baina uste dut kirolaren alorrari eta hor lan egin dutenei egiten zaiela aitortza», esan zuen. Bestak elkargune direla azaldu zuen, eta, beraz, «arazoak etxean utzi» eta jaiekin gozatzeko mezua helarazi zuen. Hark ere familiarekin elkartzeko aprobetxatuko du, nahiz eta ezinen duen besta askorik egin: «Aurten ezberdinak dira, familia esperoan gaudelako».

Omenaldia ere jaso zuten Leitzako bi pilotariek. Udaletxeko batzar aretoan aurreskua dantzatu zieten, eta, ondoren, udalak eta Aurrera kirol elkarteak oroigarriak eman zizkieten esker ona adierazteko; Txomin Garmendiaren bertsoak zituzten koadro bana, besteak beste.

Dantzarien erritua

Atzo hasi ziren bestak, baina gaur izanen da egun handia. Egun handiek merezi duten bezala, plazan dantzak izanen dituzte leitzarrek. Aurrera taldeko hamasei neska-mutilek ezpata dantza eskainiko dute herriko plaza nagusian. Tartean izanen da Manex Moreno dantzaria. Hirugarren aldia izanen du, eta, azaldu duenez, oso berezia da une hori: «Urte guzian entseatzen egoten gara; beraz, garrantzitsua da. Polita da plazara ateratzea, bete egiten da, eta oso hunkigarria da dantzatzea». Ez dute taldeko kide guziek dantzatzen, normalean gehien azaltzen direnek soilik, eta urteko entseguan dantzari finak direla erakutsi behar dute.

Atzo lasai ibiltzeko eguna zuen Morenok. Txupinazora joan zen bai, baina, afal ondotik, ohatzera. Nerbioak airean zituen suziria botatzeko minutu batzuk falta zirelarik, eta gaur goizean ere hala ibiliko da. Hamaikak aldera elkartuko dira, eta nork bere kontzentrazio erritua eginen du: batzuek lasterka, beste batzuek hausnarketa... Morenok ibilalditxo txiki bat egin ohi du dantzara atera aurretik. Gero, luzamendu ariketak, eta, 12:00etan, jendaurrera aterako da gainerakoekin batera, lepo betetako plazara. Hanka gogotik altxatu beharko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.