Pilotazalea da Reyes Azkoitia, txikitatik. Pilotalekua da haren bigarren etxea, han pasatzen duen denbora luzeagatik. Azkoitia egunero-egunero aritzen da pilotalekuan, eta, dagoeneko, 25 urte inguru daramatza umeak entrenatzen. Sorpresaz hartu du udalak txupinazoa botatzeko egin dion proposamena, eta azaldu du pilota elkarteko guztien lana goraipatzeko izango dela.
Nola hartu duzu udalak txupinazoa botatzeko egin dizun proposamena?
Sorpresa izugarria izan da txupinazoa botatzeko ni aukeratu izana. Dena dela, Bergarako pilota elkartean ez gaude boladarik onenean; izan ere, elkarteko kide Luis Mari Gutierrezek iktus bat izan berri du, eta oso garai latzak pasatzen ari gara. Agian, beste noizbait ilusio handiagoa egingo lidake udalaren proposamenak.
Urtero pertsona bat aukeratzen dute suziria botatzeko. Zer dela-eta aukeratu zaituzte aurten zu?
Egia esan, ez nekien suziria botatzeko urtero pertsona bat aukeratzen zutenik ere. Hasieran, ez nintzen oso baikor agertu udalak egindako proposamenarekin; izan ere, txupinazoa nik botaz gero, Bergarako pilota munduan neuk bakarrik lan egiten dudala dirudi, eta hori ez da horrela; nire batzordeko kideek ere lan asko egiten dute. Agian, ordu gehien nik sartuko dut, baina besteek egindako lanagatik ez balitz, ni ez nintzateke hor egongo. Esan bezala, hasieran oso baikor agertu ez banintz ere, gero azaldu zidaten balkoian ez nintzela bakarrik izango, pilotari gazteek botako zituztela handik bota ohi diren puxika erraldoiak, eta horrek ere asko animatu ninduen.
Zer izango da zuretzat txupinazoa botatzea?
Niretzat ohore handia izango da txupinazoa botatzea, eta nirekin batera pilotaren alde lan egin duten guztien izenean joango naiz suziria botatzera. Niri baino gehiago, herriko pilotariei egindako aitorpen gisa hartu dut. Ohore handia izan da herritar guztien artean ni aukeratzea, baina azpimarratu nahi dut pilota munduan gabiltzanok egiten dugun lana goraipatzeko txupinazoa izango dela. Suziria botatzeko ohore hori pilota elkartean gabiltzan guztion izenean hartzen dut.
Noren izenean botako duzu txupinazoa?
Esan bezala, pilotaren alde nirekin batera lan egiten duten guztien izenean eta herriko pilotarien izenean botako dut. Baita gurekin egotea gustatuko litzaigukeen eta zoritxarrez ezin izango duen gure elkarteko kide Gutierrezen izenean ere.
Diozunez, txupinazoa pilotako elkartearen lantalde guztiaren izenean botako duzu. Nolako taldea osatzen duzue Bergarako pilota elkartean?
6 urtetik hasi eta nagusietara arteko ia ehun ikasle ditugu apuntatuak pilota elkartean. Egunero-egunero egoten gara frontoian, eta lan asko egiten dugu han. Nire ustez, txupinazoa botatzeko ni aukeratu izana frontoiko begirale edo irakasle lana neuk egiten dudalako izan liteke. Baina, horrez gain, bada beste hainbat lan ere elkartean: federazio lanak, epaile lanak, zozketa lanak, teknikoak... Horiek ezkutuago geratzen dira, baina guztion artean talde bat osatzen dugu, eta lana nahiz esfortzua denon artekoa da. Egunero joaten naiz frontoira ordurako, txintxo-txintxo, han hilabeteko soldata irabaziko banu bezala, nahiz eta borondatez lan egiten dudan.
Ia ehun ikasle izanda, denbora mordoa pasatu beharko duzu pilotalekuan, ezta?
Bai, denbora asko pasatzen dut frontoian. Astelehenetan, seietatik zortziak arte egoten naiz; asteartetan, txapelketa pribatuak antolatzen ditugu, eta, orain, Bergara Hiria txapelketa jokatzen ari gara; asteazken eta ostegunetan, seietatik bederatzietara; ostiraletan, neska-mutil txikiak entrenatzen ditut, 10 urte artekoak. Arratsaldeko bostetan hasten gara, eta 48 ume izaten ditugu. Horrela, arratsaldeko zazpiak arte, entrenatzen aritzen gara, eta, zazpietatik aurrera, txapelketa ofizialak izaten ditugu. Ostiraletan, bostetan sartu, eta etxera iristerako hamarrak edo hamar eta erdiak izaten dira askotan.
Zenbat urte daramatzazu neska-mutilak pilotan entrenatzen?
Ezin izango nuke zenbaki zehatz bat esan, ez bainago ziur, baina, gutxi gorabehera, 25 urte inguru daramatzat herriko haurrak entrenatzen.
Ume txikiak pilotan entrenatzen dituzunean, zein da zure helburua?
Irabaztearen gainetik, pilotazaletasuna bultzatzea da helburua, pilotan jokatzen ongi pasatzen erakustea, alegia. Gaur egun, ume guztiak futbolarekin txoratuta bizi dira, eta guk pilotako Bigarren Mailan txapeldun atera den mutiko bat daukagu Bergaran: Beñat Rezusta. Nik beti adibide bera jartzen diet umeei: ez dela erraza bergarar bat maila horretara iristea futbolean, baina ikus dezatela pilotari bat heldu dela. Ahalegintzen naiz umeek barnera dezaten pilota ere polita dela eta geure kirola dela; baita lagunartekotasuna eta antzekoak barnera ditzaten ere.
Kirolean ongi pasatzen ikastea da helburua, baina umeek beti izaten dute irabazteko nahi hori.
Beti esaten diet umeei niri ere asko gustatzen zaidala irabaztea baina galtzeak ez duela ezer txarrik esan nahi. Guk denboraldiaren hasieratik amaiera arte egindako hobekuntza balioesten dugu, eta hori partidak irabaztea baino garrantzitsuagoa da.
REYES AZKOITIA. Pilota entrenatzailea
«Pilotaren alde lanean dabiltzan guztien izenean botako dut txupinazoa»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu