'Pila, pila, pila patata tortilla!'

Donostiako Kapadokia tabernak irabazi berri du Euskadiko Patata-Tortilla Txapelketa. Lehengaiek kalitate aparta izatea da gakoa, eta proportzio zehatzak erabiltzea.

Carlos Artaza, Iker Moreno eta Ane Puy tabernako patata tortilla eskuetan dutela. GOTZON ARANBURU / FOKU
Carlos Artaza, Iker Moreno eta Ane Puy tabernako patata tortilla eskuetan dutela. GOTZON ARANBURU / FOKU
Kristina Berasain Tristan.
Donostia
2024ko martxoaren 22a
05:00
Entzun

Kapadokia tabernako patata tortillak tipula eta piper berdea ditu, baina osagaien ekuazio matematikoak egiten du benetan berezi: %55 patata, %40 arrautza eta %5 tipula eta piper berdea. Proportzio horiek zehatz-mehatz zainduz, tortilla goxo-goxoa egiten dute. Horren da goxoa, txapela ere jarri baitiote: Euskadiko Patata-Tortilla Txapelketa irabazi berri dute. Martxoaren 9an eman zuten saria, Patata Tortillaren Nazioarteko Egunean. 

Donostiako Alde Zaharreko Arrandegi kaleko 9. zenbakian dago Kapadokia. Carlos Artazak aitortu du sariaren oihartzuna nabaritzen ari direla: «Taberna irekitzen dugunerako, jendea zain egoten da. Ez genuen espero saria irabaztea. Nahiko berriak gara honetan, eta babes handia izan da. Orain, zortzi bat patata tortilla egiten ditugu egunean». 

Kapadokiak 2020ko udan zabaldu zituen ateak. Taberna txikia da, originala, polit apaindutakoa: globo aerostatiko bat da tabernaren irudia, eta han eta hemen ikus daitezke globoak, izarrez betetako zeru batetik zintzilik. Barraren gainean, berriz, zepelina dago. Kapadokia izena globoengatik jarri zuten: «Izena aukeratzea oso sinplea izan zen; tabernaren diseinua egin zuenak globoak jarri zituen; horregatik Kapadokia. Bezeroek uste dute bazkideek Turkian ezagutu genuela elkar, baina ez da hala; donostiarrak gara denak». 

Carlos Artaza, Ane Puy eta Borja Olano dira bazkideak. Azken hori sukaldaria ere bada. Iker Moreno da sukaldeko beste zutabea. Basque Culinary Centerren ikasi zuten biek: «Hirugarren promoziokoak gara biok; orduz geroztik, elkarrekin aritu gara beti». Morenok pila, pila, pila patata tortilla egin ditu urteotan. Krematsua eta zukutsua da patata tortilla. Matematikaren sekretua alde batera utzita, dioenez, lehengaietan dago gakoa: «Lehengaietan datza beti sekretua, eta gauzak mimoz egitean. Galiziatik ekartzen ditugu arrautzak, eta patatak monalisa barietatekoak dira». 

Bakailaoarekin ere bai

Sariarekin pozarren dago sukaldaria. Aitor Lexartzak antolatutako lehiaketako epaimahaia ez zen nolanahikoa: «Eneko Atxa zegoen epaimahaikideen artean. Eguna tentsio handikoa izan zen, eta luzea, goizean eta arratsaldean aritu baikinen, baina gustura ibili ginen». Goizean bakailaoarekin egindako patata tortillen lehiaketaren saioa izan zen, eta hirugarren saria eskuratu zuten hartan. Arratsaldean, 16:00etan hasi ziren patatak zuritzen, eta 19:30ean iragarri zuten nor zen irabazlea. Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako hamabi taberna iritsi ziren finalera. Denak konkistatu zituen Kapadokiak.

Kapadokia taberna pintxoetan eta anoetan espezializatuta dago, eta askotariko gutiziak dastatu daitezke. Produktu tradizionaletan oinarritutako sukaldaritza modernoa egiten dute, eta, besteak beste, ahuakatearekin egindako entsalada errusiarra, parrillan prestatutako olagarroa eta txipigetiak jan daitezke, txipiroiekin egindako espagetiak. Horiek dira bezeroen plater kuttunenak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.