KIMIKARIA

Silvia Perez: «Pigmentuen eraldaketak prozesu kimikoak dira; nik Ponpeiakoak aztertu ditut»

Perezek jaso du kultur ondarea kontserbatzeko kimikaren arloko doktore tesirik onenaren saria. EHUko Ikerkuntza Analitikoko sailean garatu du: Ponpeiako pinturen hondatzea aztertu du.

Silvia Perez kimikaria, EHUren laborategi batean. EHU
Silvia Perez kimikaria, EHUren laborategi batean. EHU
enekoitz telleria sarriegi
2024ko azaroaren 12a
05:00
Entzun

Artelanen pigmentuek eta horien kimikak «txunditzen» dute Silvia Perez (Oviedo, Espainia, 1995). Kimikako Espainiako Errege Elkarteak erabaki du Perezek EHUn egin zuena izan dela kultur ondarea aztertzeko eta kontserbatzeko kimikaren arloko doktore tesirik onena. Madrilgo Errege Jauregiko Ondare Nazionalaren laborategian ari da orain lanean.

Zaharberritzaile gisa ari den kimikaria zara? Edo alderantziz? 

Kimikaria naiz izatez, baina beti gustatu izan zaizkit artearen historia, arkeologia... Karreran izan nuen irakasgai bati esker deskubritu nuen posible zela analisi kimikoak artelanen azterketei aplikatzea.

Hortxe hasi zen dena.

Maria Cristina Masaveu Peterson fundazioaren beka bat neukan. Udan praktikak eta ikastaroak egitera animatzen gintuzten, eta Austriara joan nintzen, Vienako Arte Ederren Akademiara. Hango artelanen pigmentu sintetikoak aztertzeko aukera izan nuen. Hura izan zen nire lehen esperientzia alor horretan. Eta joan nintzen Txilera ere, Santiagora, bertako kontserbazio eta zaharberritze zentro nazionalera, laca izeneko pigmentuak aztertzera.

Baina ez zara zaharberritzailea?

Ez. Zaharberritzaileek eta kontserbatzaileek beste karrera bat ikasten dute, eta artelanetan zuzenean esku hartzen dute. Guk lagin txikiak hartzen ditugu, eta horiek aztertzen ditugu, baina esku hartu gabe. 

Nola iritsi zinen EHUko Ibea Ikerkuntza eta Berrikuntza Analitikoaren taldera?

Zientzia Analitikoen masterra egin nuen Oviedon. Madrilgo Prado museoko laborategian egin nituen praktikak, eta han mundua parez pare ireki zitzaidan. Sekulako esperientzia izan zen. Master amaierako lana ere Oviedoko Arkeologia Museoan egin nuen. Beti ibili izan naiz formakuntza bila museoen eta arte ederretako akademien giro horretan. Amaitu nuen masterra. Tesiarekin hastea erabaki nuen, eta garbi neukan benetako artelanekin lan egiten duen ikerketa talde batean aritu nahi nuela. Horrek txunditzen bainau. Horrela iritsi nintzen EHUko Ibea taldera.

Eta Ponpeiara.

Haien bidez, bai. Proiektu bat zutelako Ponpeian, eta kanpainak egiten ari zirelako in situ

Pinturak aukeratu zenituen.

Pigmentuen hondatze eta eraldatze prozesuak eraldaketa kimikoak dira, horregatik aukeratu nuen taldea, eta Ponpeiako pinturak aztertu. 

Perezek ikertutako pinturak, Ponpeiako etxe bateko horman. EHU
Perezek ikertutako pinturak, Ponpeiako etxe bateko horman. EHU
Baina ez zenuen Ponpeiako parke arkeologikoa ezagutu?

Pandemia iritsi zen, eta ezin izan nintzen joan. Sekulako pena daukat.

Baina joango zara inoiz?

Dudarik gabe, baina turista gisa beharko du izan. Ikerlari gisa joateko aukerarik jada ez dut izango. Kontua da EHUko taldeak hainbat kanpainatan jasotako datuak eta laginak zituela, eta horiekin osatu dut nik tesia.

Eta zer da Ponpeiako zinabrioa?

Mineral bat da, merkurio sulfuro gorri bat. Beste pigmentu gorri batzuekin konparatuta, arraroagoa, eskasagoa eta garestiagoa zen garai hartan. Lur gorria baino intentsuagoa eta distiratsuagoa. Vitruvioren idatzietan jada badaude kolore horri buruzko erreferentziak. Esaten zuen Erromako etxe askotan erabiltzen zutela, baina hormak berriro margotu behar izaten zituztela, belztu egiten zirelako.

Belzte hori da zure ikergaia?

Ikusi genuen bazegoela toki batzuetan merkurio sulfuro horren eraldatze bat prozesu kimikoen ondorioz, baina beste toki batzuetan ez. Vesuvio sumendiaren erupzioa, gasak, lurperatzeak... Ponpeiako zinabrioak ingurumen baldintza jakin batzuetan zer portaera izan zuen aztertu dugu.

Eta emaitza?

Kasu batzuetan oso ondo mantendu dela; esate baterako, ministerioaren etxeko horma batzuetan. Baina erabat hondatu daitekeela, eta itxura beltza hartu, esate baterako, Amorini Dorati etxeko exedran.

Galdera-Erantzuna

Zure arloko erreferente bat?
Nire tesi zuzendaria: Maite Maguregi.

Gustura aztertuko zenukeen artelanen bat?
Jose de Riberarenak asko gustatzen zaizkit.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.