Datorren asteko estreinaldiak

Philip Rothen hitzak, pantaila handira

Idazlearen 'The Humbling' nobelaren moldaketa egin du Barry Levinson zuzendari beteranoak

Greta Gerwig eta Al Pacino The Humbling filmeko irudi batean. BERRIA.
Gontzal Agote.
2015eko apirilaren 18a
00:00
Entzun
Bizirik dagoen idazle estatubatuarrik inportanteenetakoa da Philip Roth. Bere sorterrian ez da idazlerik ezagunena, eta haren inguruan hitz egin izan denetan, normalean polemikaren baten harira izan da. AEBetatik kanpo askoz gehiago balioesten da Rothen lan literarioa; besteak beste, bere lanetako bi euskaraz irakurtzeko aukera dugu: Suminez eta Nemesis eleberriak, Meettok argitaletxearen eskutik.

1959. urtean eman zen ezagutzera Roth, Goodbye Columbus liburuari esker. Hortik aurrera, goi mailako ibilbide literarioa egin du; osotara, 30 liburu baino gehiago eman ditu argitara, eta bere lanak sari garrantzitsu asko jaso ditu: National Book Award, PEN/Faulkner, Pulitzer eta beste hainbat.

Rothen lan literarioak zinemagintzan arrastoa ere utzi du. Izan ere, The Humbling baino lehenago, bere beste hiru liburuk ezagutu dute egokitzapen zinematografikoa.

Ernest Lehmanek egin zuen Portnoy's Complaint eleberriaren moldaketa argitaratu eta hiru urtera, 1972. urtean, alegia. Filmak ez zuen aparteko oihartzunik izan.

Ezagunagoa da 2003. urtean Richard Benton zuzendariak The Human Stain liburuaren gainean egin zuen moldaketa. Anthony Hopkins, Nicole Kidman eta Ed Harrisek egin zuten lan Coleman Silk irakaslea protagonista duen eta Ingalaterra Berrian girotuta dagoen drama horretan.

Azkenik, Isabel Coixet zuzendari kataluniarrak The Dying Animal eleberri laburra izan zuen oinarri Elegy izeneko filma egiteko orduan. Penelope Cruz eta Ben Kingsley ziren irakasle eta ikaslearen arteko harremana kontatzen zuen istorioaren protagonista nagusiak.

Filmografia luzea

Oraingoan, zinemagile beterano batek, Barry Levinsonek, pantaila handira eraman nahi izan du Rothek 2010. urtean argitaratu zuen The Humbling liburua. Filmografia luzea eta gorabeheratsua du Levinsonek, baina arrakasta ezagutu duten hainbat izenburu nabarmen zuzendu ditu: The Natural, Good Morning, Vietnam, Bugsy edota Sleepers, esate baterako.

Nolanahi ere, Barry Levinsonen zartakorik handiena 1988ko pelikula bat izan zen: Rain Man, Tom Crusie eta Dustin Hoffmanekin. Autismoaren inguruko istorioak oso harrera beroa izan zuen estreinatu zen urtean, eta lau Oscar sari irabazi zituen, horien artean pelikula eta zuzendari onenarenak. Levinson ez da bakarrik egon The Humbling aurrera ateratzeko orduan. Al Pacino Rothen jarraitzaile amorratua da, eta bera izan zen liburuaren eskubide zinematografikoak erosi zituena. Zuzendariak eta aktorea aurretik ere elkarrekin lan eginak ziren telebistarako egin zuten You Don't Know Jack pelikulan.

Berez, The Humbling filmak kontatzen duena Al Pacinorentzat propio idatzitakoa dirudi. Izan ere, aktore ospetsu bat da protagonista, eta, halako batean, erabateko blokeo artistikoa nozituko du. Bere onena eman duela onartu beharko du, eta, prozesu horretan dagoela, ataka konplikatuan dagoen emakume bat ezagutuko du.

'THE HUMBLING'

Zuzendaria. Barry Levinson.

Aktoreak. Al Pacino, Greta Gerwig, Dianne Wiest, Kyra Sedgwick, Charles Grodin.

Herrialdea. AEB.

Urtea. 2014.

Iraupena. 112 minutu.

Generoa. Komedia. Drama.

Ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.