Behin Carmen Cervera kazetariari irakurri nion Pep Rodriguez mahats mota bat balitz hainbat mota desberdinen nahastea litzatekeela. Aitona bat portugaldarra, ama Murtziakoa (Espainia) eta aita Ayamontekoa (Andaluzia, Espainia) izanagatik, Pep Mallorcan jaio zen, Capdellan, hain zuzen ere, Balearretan, 1971n. Emazteari —Mallorcakoa hura—, Soca-Rel izena jartzea bururatu zitzaion; «peto-petoa» moduan itzul daiteke lekuko esamolde hori.
Mallorcako ekoizle gehienak bertako mahats motei begira jartzen ari badira ere, oraindik ere, ekoizten diren ardo askotan, pisu handia dute nazioarteko barietateek.
2020an atera zituen lehen aldiz Pep Rodriguezek ardoak merkatura eta harro esaten du Soca-rel upategia ehuneko ehunean dela bertako mahats motekin osatua. 10.000 botila atera zituen iaz eta 18.000ra iristea da asmoa. Jose L. Ferrer upategian ari da lanean Pep ia 30 urtez, mahastizaintza alorrean.
Esan daiteke landa eremuarekiko duen maitasuna dela Pepen abiapuntua. Hasiera batean, almendrak eta algarrobo-lekak biltzen aritu zen, eta gero, 17 urterekin, Mallorcan possessió (nekazari ustiapena) delako batean lortu zuen lana. Han blaitu zen bertako nekazarien (payes) kulturaz eta lurrarekiko maitasunaz. Handik beste lursail batera pasatu zen, eta bi hektareako mahastia ere bazuen hark.
Pepek 2008an alokatu zuen Binissalem eta Consell artean dagoen lursailean dago Soca-Rel upategiaren oinarria, iturria. Handik aurrera, bertan behera utzitako lurrak alokatzen hasi zen, trukean lurrok mantendu eta ardotan ordaintzeko akordioarekin.
Lau hektarea eta erditan ditu landatuta manto negro, escursac, esperó de gall, fogoneu, mancés de tibús, eta oraindik baimendu gabe dagoen vinater blanc zuria mahats motak. Ardo guztiak ekologikoak dira. Uztaldia eta mahats motak ziurtagiri bidez jasotzen ditu, baina ardoak ez daude inongo sor-markaren babespean.
Ardoen oinarrizko multzoa hiru beltzez osatua dago: bat manto negroz egina da, bestea escursac mahatsez egina, eta aurreko mahats bien nahasketa da hirugarrena. Politxó markarekin, urtez urte alda daitekeen ardo esperimentalak egiten ditu.
Nortasun handiko ardoak dira, benetakoak, baina, bat aukeratzekotan, manto negro eta escursac mahatsak nahasiz egindakoa nabarmenduko nuke, sudurrean intentsitate handia duelako eta ahoan sakona eta oso dotorea delako. Zerbait desberdina ezagutu nahi izanez gero, aukera bikaina eskaintzen du.
Kazetari batek idatzi zuen moduan: «Pep Rodriguezek landareekin hitz egiten du, lurzoruekin, lainoekin, eta oso argi du zein ardo egin nahi duen. Mahastian bizi da urteko 365 egunetan».